EHUko hauteskundeetan parte-hartzea "ahal den handiena" izatea espero du Ferreirak
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 09:00etan ekin die errektorea aukeratzeko hauteskundeei. Irakasleak, ikasleak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak kontuan izanda, 48.207 pertsona daude hauteslekuetara deituta.
EHUk berak jakitera eman duenez, gaur arratsaldean emango dituzte hauteskundeen behin-behineko emaitzak, 20:00etatik aurrera, Bizkaia Aretoan. Botoa emateko epea, berriz, 17:00ak arte egongo da zabalik, eta bakoitzak dagokion zentroan edo campusean bozkatu beharko du.
Sufragio unibertsal ponderatuan oinarrituta aukeratuko dute EHUko errektorea. Hain zuzen ere, 48.207 boto-emaileak bost sektoretan sailkatu dituzte: 2.114 irakasle eta ikertzaile iraunkorrak dira; 179, irakasle eta ikertzaile ez iraunkorrak; 3.199 sektore bereko beste arlo bateko beharginak dira; 40.819 ikasleak, eta 1.896, administrazioko eta zerbitzuetako langileak.
Botoa, beraz, ponderatua izango da: aipatutako lehen sektoreak % 56,25eko indarra dauka; bigarrenak % 7,50ekoa; hirugarrenak % 2,09koa; laugarrenak % 22,08koa, eta azkenak % 12,08koa.
Orotara, 57 hauteskunde-mahai eratuko dituzte. Unibertsitatea osatzen duen komunitatearen zati handi batek azaroaren 9tik 23ra zabaldutako epean bozkatu zuen.
Esan bezala, hautagai bakarra aurkeztu da oraingo honetan: Eva Ferreira. Horrek esan nahi du haren aldeko botoa edo botoa zuria soilik egongo direla aukeran. Hautatua izateko, baina, gutxienez botoen herena jaso beharko du, dagokion haztapena egin ostean. Behin betiko emaitzak ez dira abenduaren 4ra arte helduko, orduan bukatuko baita bozak inpugnatzeko epea.
Ferreirak "parte-hartze" handia espero du
Gaurko hauteskundeetako parte-hartzea "ahal den handiena" izatea espero du Eva Ferreirak.
Sarrikoko fakultatean eman du botoa goizean hauteskunde hauetako hautagai bakarrak. Han, adierazi du "egoera nahiko lasaia" dela, hautagai bakarra dagoelako. Halere, onartu du hautagaitza bakar horrek ez duela parte-hartzean laguntzen.
"Dena den, espero dut ahal den boto-emaile kopuru handiena hurbiltzea hauteslekuetara", gaineratu du.
Hautagai bakarra
Eva Ferreira Garcia da EHUko errektoretzan Nekane Balluerkaren lekua hartzeko prest agertu den hautagai bakarra. Barakaldon jaioa, Matematiketan lizentziatu zen EHUn, eta Probabilitate eta Estatistika masterra egin zuen New Yorken. Ekonomian doktore ere bada, eta 2005az geroztik, Ekonomia Aplikatuan katedraduna.
Unibertsitatetik azaldu dutenez, probabilitate eta estatistika metodoetan oinarritutako ikerketa ildoak ditu ardatz, baina, besteak beste, zenbait botikek medikuntzan dituzten ondorioak eta finantzen sistema arriskua ere izan ditu aztergai.
Zenbait unibertsitatetara (Bathera, Giessenera eta Friburgora) gonbidatu dute, eta Sao Paulon, Louisianan eta Indiako Ahmedabad unibertsitatean hitzaldiak eman ditu. Gainera, bost doktorego tesi zuzendu ditu, bai nazioartekoak, bai euskaraz eginikoak.
Kudeaketa arloan, Ekonomia Gaien eta Antolakuntza Akademikoaren arloko errektoreordea izan da EHUn (2004-2008), eta erakunde bereko idazkari, 2009 eta 2012 artean. Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendari kargua (2015-2019) ere bete zuen.
Balluerkak "oso positibotzat" jo du bere agintaldia
Azaroaren 12ko klaustroan, Balluerkak iazko ikasturtearen nondik norakoak errepasatu zituen, eta ondoren bere agintaldiaren (2017-2020) balantzea egin zuen.
"Iruditzen zait lau urteotako balantzea oso positiboa izan dela. Hainbat lorpen izan ditugu, besteak beste, epe laburrean Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatearen eraikina eraikitzeko konpromisoa, Shangaiko rankingaren arabera, munduko 400 unibertsitate onenen artean sailkatzea eta, Enlightekin batera, maila handiko Europako unibertsitateen batzordea eratzea. Argi dago oraindik ere erronkak dituela aurretik Euskal Herriko Unibertsitateak, baina uste dut azken lau urteotan urrats garrantzitsuak eman ditugula", adierazi zuen orduan.
Halaber, pandemiak aurten eragin dituen zailtasunak izan zituen mintzagai: "Gure unibertsitateak egoera horri aurre egin dio, eta meritua guztiona izan da. Salbuespenak salbuespen, unibertsitatea osatzen dugun talde osoak eman dio aurpegia erakunde honek bizi izan duen krisi latzenari. Horregatik, harro nago, sekulako esfortzua egin dugulako. Eta harrotasun horri, nire kasuan, unibertsitatean goi kargu bat betetzearen ohorea gehitu behar diot, bide horretan ahalegin handia egin behar izan dudalako, baina aldi berean ikasteko eta ilusioz betetzeko balio izan didalako".
Zure interesekoa izan daiteke
20 urteko motorzale bat larri zauritu da Burlatan semaforo baten aurka talka eginda
Gaueko 21:00ak pasata izan da ezbeharra, eta gaztea Zainketa Berezien Unitatean dago, buruan kolpe handia hartuta. Foruzaingoa gertaturikoa ikertzen ari da.
N-121-A errepidea itxi dute Belateko eta Almandozko tuneletan, bikoizketa lanak direla eta
Errepidea itxita dago bi noranzkoetan, eta zirkulazioa NA-1210 errepidetik desbideratzen ari da, Belateko mendatetik.
Lurrak dar-dar egiten jarraitzen du Granadan
Bart gauean intentsitate desberdineko sei astindu izan dira Granadan eta inguruko metropoli eremuan.
Amaia Galindez, portugaletetarra Granadan: "Urduritasuna eta beldurra nagusitu da hemen"
Granadako bizilagunen artean urduritasuna pil-pilean dago lurrikarak direla eta. Horixe kontatu digu Amaia Galindez portugaletetarrak, bertan bidaian dagoenak.
Eusko Jaurlaritzak ez ditu trafiko kontrolak egingo Oiartzunen, Irunek eskatu duen arren
Cristina Laborda Irungo alkateak "salbuespenezko neurriak" eskatu ditu, oporretatik itzuleran auto-ilarak errepikatuko direla aurreikusita. Hala ere, Ertzaintzak uste du kontrolak jartzeak auto-ilara gehiago eragin eta agenteak eta erabiltzaileak arriskuan jarriko lituzkeela.
Portu Zaharreko jaietan gutxienez hiru sexu-eraso salatu direla jakinarazi du Algortako Mugimendu Feministak
Uztailaren amaieran ospatu ziren San Inazio jaietan ere beste eraso bat izan zela gogoratu dute Getxoko feministek ohar batean.
ENBAk plan bat eskatu du baserri guztiak urez hornitu ahal izateko
Xabier Iraola nekazarien sindikatuko bozeramaileak zehaztu duenez, 5.000 baserri inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ur-hornidurako sare publikotik kanpo. Udako lehorteen ondorioz, gero eta gehiago pairatzen dute ur-falta.
4,7ko beste lurrikara batek Granada astindu du, hiru zauritu eta Alhambra itxita utzita
Granadan 4,7ko indarreko beste lurrikara bat izan dute, eta hiru pertsona arin zauritu dira, tartean adin txikiko bat. Granadako Gojar herrian egon da epizentroa, baina Andaluziako beste lurraldeetan ere igarri da. Granadako monumentuak itxi egin behar izan dituzte badaezpada, Alhambra bera ere bai.
Epaileak 24 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Nelson David Morenori, Bilbon 73 urteko gizon bat hiltzeagatik
Epaileak 22 urteko zigorra ezarri dio hilketa astunduagatik, eta beste bi urtekoa iruzur informatikoagatik. Laugarren kondena du, eta ikertzaileek uste dute 2021eko udazkenean hildako zazpi gizon homosexualen heriotzekin zerikusia duela.
Suhiltzaileak Urzainkin piztutako baso-sutea itzaltzeko lanean ari dira
Baso suteetarako Babes Zibileko Plan Bereziaren bigarren egoera operatiboa aktibatu du Nafarroako Gobernuak, ostiralean piztu zen sutea berpiztu ostean.