Sei urteko kartzela-zigorra, ia 10 urtez alabari sexu-abusuak egiteagatik
Erandioko (Bizkaia) gizon bati sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote alabari abusuak egiteagatik zazpi eta 16 urte zituen bitartean, adingabeak Ertzaintzaren aurrean salaketa jarri ondoren.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak urrian berretsi zuen Bizkaiko Auzitegiak 2018an ezarritako epaia. Epai horrek sei urteko kartzela-zigorra, alabarengandik beste sei urtez urruntzeko agindua, biktimari 6.000 euroko kalte-ordaina ematea eta prozesuaren kostuak ordaintzea eta hezkuntza programetan parte hartzeko betebeharra ezartzen zizkion gizonari.
Abusuak 2009an hasi ziren, neskatoak 7 urte zituenean. Erasotzaileak emaztea gaixorik zegoela eta aldian-aldian ospitalera joan eta bertan lo egin behar izaten zuela aprobetxatzen zuen, familiaren etxean bera seme-alabekin bakarrik geratzen zela baliatuta.
Aitak alaba konbentzitzen zuen berarekin bere ohean lo egin zezan. Orduan, bularrak ukitzen zizkion eta neskatoaren eskua bere genitaletan jartzen zuen.
Eraso horiek 2011n errepikatu ziren, ama hil ostean. Hasieran, Erandion abusatzen zuen adingabeaz, familiaren etxean; ondoren, lanagatik lekualdatu behar izan zenean (eta adingabeak amaren aldetiko amamarekin bizitzera joan zirenean), asteburuetan eta oporretan egiten zizkion sexu-abusuak, seme-alabak bere etxera joaten zirenean Kantabriara.
Abusuek 2018ra arte jarraitu zuten, adingabeak 16 urte zituela gertatutakoa salatzea erabaki zuen arte, aitaren abusuak amaitu eta aste batzuk geroago.
Clara Campoamor elkarteko abokatua eta kasuaren akusazio partikularra egin duen Ana Hernando "pozik" agertu da zigorrarekin, baina "abusu jarraituetan edozein zigor gutxi" dirudiela onartu du. Abokatuak azpimarratu duenez, "gertatutakoa aitortu eta neskari ordaina eman diote" eta zigortuak "gutxienez urte batzuk igaroko ditu espetxean".
Zure interesekoa izan daiteke
Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati bikotekidea bortxatzeagatik eta etengabe tratu txarrak emateagatik, Nafarroan
Indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko akordioak 25 urte bete ditu
Urdako tren istripuaren biktimen aldeko hileta elizkizuna azaroaren 12an egingo dute Toledoko katedralean
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyon partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak