Eustat
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAEko biztanleriaren % 8,4 atzerritarra da

Euskadin bizi diren atzerritarrak 184.916 dira, aurreko urtean baino zortzi hamarren gehiago. Amerikarrak % 40 dira, eta afrikarrak % 27.
Jendea Bilbon
Ordizian dago atzerrian jaiotako pertsonen ehunekorik altuena. Argazkia: EFE.

2020ko urtarrilaren 1eko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren atzerritarrak 184.916 dira, EAEko biztanleriaren % 8,4, orain urtebete baino zortzi hamarren gehiago.

Proportzioa zertxobait aldatzen da lurraldearen arabera. Araban bizi diren atzerritarrak biztanleriaren % 9,9 dira (2019an baino sei hamarren gehiago), Gipuzkoan % 8,5 dira (zazpi hamarren gehiago) eta Bizkaian % 7,9 (bederatzi hamarren gehiago).

EAEko erroldan izena emanda dauden atzerritarren ehunekoa Espainiakoa (% 11,4) baino txikiagoa da. Balearretan % 18,8 dira atzerritarrak, Katalunian % 16,2, Extremaduran % 3,2 eta Galizian % 4,1.

Ameriketatik etorritakoak EAEko atzerritar guztien % 40,5 dira, Eustat Euskal Estatistika Institutuak astelehen honetan jakitera eman duenez. Espainian, berriz, % 27 dira.

Talde horretan, Nikaragua, Kolonbia, Honduras, Paraguai eta Bolivia dira ekarpen gehien egiten dituzten herrialdeak: atzerritarren % 25,5 eta amerikarren % 63.

Europako herrialdeetakoak % 23,7 dira, eta Espainian, berriz, % 44,2. Talde horretan Errumania nabarmentzen da, atzerritar guztien % 10,5 eta europarren % 44,2 hartzen baititu. Bigarren lekuan, nahiko urrun, Portugal dago, Europako nazionalitatea duten pertsonen % 14,7 baitaude Euskadin.

Afrikako herrialdeak Euskal Autonomia Erkidegoko atzerritarren % 27,3 dira, eta Espainian % 19,8; horien erdiak baino gehiago (% 52,6) Marokokoak dira, % 13 Aljeriakoak eta % 10 Senegal eta Nigeriakoak.

Aurtengo urtarrilaren 1ean, EAEn bizi eta atzerrian jaio ziren 242.840 pertsona zeuden, biztanleria osoaren % 11, Espainian batez beste ematen zen proportzioaren azpitik (% 14,8).

Hiru hiriburuetan, atzerrian jaiotako biztanleen ehunekoak erkidego osoan baino handiagoak dira: Gasteiz da buru (erroldaren % 14,2), ondoren Bilbo (% 13,5) eta Donostia (% 11) daude.

62 udalerritan atzerrian jaiotako pertsonen proportzioa Euskadikoa baino handiagoa da, eta horietatik 17k soilik dute 10.000 biztanletik gora. Ordiziak du ehunekorik altuena, % 18,6rekin; ondoren, Arabako Errioxako hiru udalerri daude: Lantziego (% 17,4), Navaridas (% 18) eta Mañueta (% 18,4), eta Berriatua (% 17,8).

Urte honen hasieran, 77.035 egoiliarrek Espainiako nazionalitatea eskuratu zuten, edo jatorrizkoa zuten, familia-arrazoiengatik edo beste arrazoi batzuengatik. Horietatik, ia % 67 Amerikako kontinentekoak dira, batez ere Kolonbiakoak, Ekuadorkoak eta Boliviakoak.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Uharteko bizilagunak haserre, herriko apaizak Ceutako migrazio-krisiari buruz egindako adierazpenengatik

Uharteko (Nafarroa) biztanleak haserre daude Javier Aizpun herriko parrokoarekin, X sare sozialean (lehengo Twitter) migratzaileak Ceutara iristeari buruz zabaldu zituen mezuengatik. Kritiken ostean, apaizak barkamena eskatu du eta bere kontua ezabatu du. Argitalpenetako batean, apaizak zioen "Rabat bonbardatu" egin behar dela, Marokoren aurkako neurri gogorrak ezartzearen aldeko hainbat mezurekin batera. Aizpunek adierazi zuen, halaber, suarekin erantzun beharko litzaiekeela Ceutan sartzen saiatzen diren migratzaileei, eta Maroko "errekonkistatzea" proposatu zuen, haren hitzetan, "jatorrizko Espainia" berreskuratzeko, Erromatar Inperio garaiko Hispaniari erreferentzia eginez.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X