Euritan, elurretan, laino azpian eta izotzarekin gidatzeko aholkuak
Euriarekin, elurrarekin, lainoarekin edo haizearekin gidatzeak errepideak berez duen arriskua handitzen du. Ezin dugu ahaztu bidaiari ekin aurretik arriskuari aurrea hartzen saiatu behar garela, eta autoan arreta handiz joan behar garela; baina oso erabilgarria da zenbait aholku kontuan izatea aurkako baldintza meteorologikoetan, ustekaberik ez izateko.
eitb.eus-ek Luis Murgia RACeko bideko segurtasunaren eta mugikortasunaren aholkulariarekin hitz egin du; bere ustez, oso garrantzitsua da autoa egoera onean izatea ("Lantegira noiz eraman behar dugun ahaztu egiten dugu"), eta elurraren aurkako kateak nola jartzen diren ondo dakigula baieztatzea. Halaber, eguraldiaren egoera dela-eta errepideak arrisku handiagoa duenean, ezin dugu baztertu gidatzeaz gain beste zerbait egin behar dugula: "Askotan, ez dakigu ondo jokatzen, eta horrek arazoak handitzen ditu".
Luis Murgiaren esanetan, elurra da zirkulazioa gehien zailtzen duen fenomeno meteorologikoa, "errepideari itsatsi ahal izatea zailtzen baitu". Elurte batean, gozoki gidatu behar dugu, "bat-batean azeleratu eta bolante-kolperik edo balaztadarik eman gabe". Murgiak bigarren martxan irtetea ere gomendatzen du. "Elurra botatzen duenean, aurrea hartu behar diogu", esan digu. Bere ustez, "urrian ere" eraman beharko genituzke kotxean elurteen aurkako kateak: "Atera dituzten berri horiek, telazkoak direnak, oso onak dira; ez dute milaka kilometro egiteko balio, baina irtenbide ona dira hemengoak bezalako elurteetarako". Halaber, Luis Murgiak aholku bat eman die eskizaleei: neguko pneumatikoak erabiltzea. Izan ere, Europako zenbait herrialdetan, Alemanian kasu, nahitaezkoak dira hilerik hotzenetan. Michelinen webguneak arrazoia ematen dio; horren arabera, "neguko pneumatikoaren marrazkiak udakoarenak baino askoz lamina gehiago ditu, elurrari ondo eusteko".
Izotza dagoenean, halaber, bat-bateko mugimendurik gabe gidatzea funtsezkoa da. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak bere webgunean adierazten duenez, "izotza egiten duenean, blokeoaren kontrako freno sistema edo trakzio integrala bezalako sistemarik modernoenek ere ez gaituzte laprast egiteko arriskutik libratzen; hortaz, abiadura murriztu eta zuhurtasuna handitu behar dugu".
RACeko bideko segurtasunaren eta mugikortasunaren aholkulariak azpimarratu du elurra kentzeko makinei euren lana egiten utzi eta errepidean daudenean lehentasuna eman behar diegula: "Auto-ilara batean, elurte bat dagoenean, uste dugu gu bakarrik gabiltzala presaka, baina, egia esan, arazoaren parte gara; solidarioak izan behar dugu", eskatu du Murgiak. Bere esanetan, egoera zailtzen denean protesta egiteko joera handia dugu, "errepidera gatza botatzekotan, bota dutelako, eta bestela, egin ez dutelako".
Lehen tanten arriskua
Euria, asko botatzen duenean, gure trebetasuna aztertzen duen beste fenomeno bat da. Luis Murgiak gogoratzen duenez, prezipitaziorik gabeko tarte baten ostean erortzen diren lehen tantak oso arriskutsuak dira: "Errepidean hautsa pilatzen da; asko botatzen badu, aldiz, errepidea garbitzen da".
Euriarekin ustekaberik ez izateko, segurtasuneko tartea handitu behar dugu: "Gure aurrean dagoen autotik hurbilegi gidatzen dugu; legeak agintzen duenez, uzten dugun tarte horrekin gelditzeko gai izan behar gara, aurrekoak egiten duena egiten duela. Euri asko egiten badu, balaztatzeko behar dugun denbora luzeagoa izaten da", azaldu du Murgiak. Logikoa denez, pneumatikoak egoera onean izatea funtsezkoa da arriskua txikitzeko.
Euriaren harira, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak aquaplaninga saihesteko zenbait gomendio eskaintzen ditu bere webgunean. Hiru eragileren ondorioa da: pneumatikoak egoera txarrean egotea, errepideak ur gehiegi pilatzea eta abiadura handiegian gidatzea. Bustitako errepide batean oso azkar gidatzekotan, pneumatikoaren marrazkiak ezin du ura hustu behar bezain azkar; ondorioz, gurpilak irrist egiten du lurrean, eta autoa kontrolpean izateko zailtasun handia dugu. Egun euritsuetan, beraz, abiadura murriztea da onena, pneumatikoak baldintza egokietan izateaz gain.
Lainoaren kontra, erreferentzia bat bilatu
Lainoa, azkenik, ibilgailuan eragin zuzenik ez duen fenomenoa da; baina zailagoa da gidatzea agertzen bada, ikuspena murriztu eta arreta handitzera behartzen gaituelako. Luis Murgiak gomendatzen du "erreferentzia bat bilatzea. Errepideak marrak baditu margotuta, gure eskuinean dagoena jarraituko dugu, edo, bestela, bideko eskuineko ertza". Gure begirada ez dugu erdira eraman behar; izan ere, baliteke bestaldetik datorrenak gauza bera egitea, eta, hortaz, talka egingo genuke. Murgiak, halaber, lainoaren aurkako argiak gehiegi ez erabiltzea gomendatzen du, hau da, bakarrik behar denean piztea, "eta ez euria egiten duenean". Herrizaingo Sailak esaten digu gure aurrean dagoen autoaren atzeko argiekin ez fiatzeko: "Ibilgailu horren gidariak ez du guk baino ikuspen handiagorik, eta akatsak egitera bultza gaitzake".
Zure interesekoa izan daiteke
Oihane Mateos, Orain EITBren albiste zerbitzu digitalaren burua, hil da
Kazetaritzari eta etxe honi lotutako ibilbide profesional oparoa garatuta, 45 urterekin zendu da.
Kanoikadak Donostia astinduta abiatu dira jaiak
Euriak ez du unea zapuztu, eta Onintza Mokoroak metxa piztearekin batera lehertu da festa Gipuzkoako hiriburuan. Euskal dantzek protagonismo berezia izan dute, hiriko zortzi taldek eman baitiote hasiera Aste Nagusiari.
Piraten baltsek Kontxako badia hartuko dute berriro astelehenean
Piraten abordatzeak milaka parte-hartzaile bilduko ditu berriro Donostiako Aste Nagusiko hitzordu jendetsuenetako batean, 17:00etan, Donostiako portutik aterako baitira.
Aktibo jarraitzen dute Huelvan eta Castellon piztutako suteek
Castellon, Cullako sutea kontrolpean dute jada, eta Serra d’en Galcerango sutearen bilakaera ona da; Tirigen, aldiz, sugarrek aurrera egiten jarraitzen dute. Nieblan (Huelva), suteak aktibo jarraitzen du, eta 4.000 hektarea erre dira jada.
Blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan Gasteizko jaietan
Gasteizko nagusiek blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan. Jardunaldia 09:00etan hasi da, San Migel elizako Andre Maria Zuriaren kaperan egindako elizkizunarekin. Ondoren, beteranoek erroskillak eta ardo gozoa dastatu dituzte, elizako balkoia hartu eta hiriko zaindariari ohiko lore-eskaintza egin aurretik. Guztira, 300 blusa eta neska inguru bildu dira bertan. Ohorezko aurreskua egin ostean, eguneko protagonista nagusiak Artepan okindegira joan dira, txoripanez gozatzera, musika bandaren erritmora.
Ia Nafarroa osoa alertapean egongo da ekaitzengatik; EAE eta Iparraldea, abisu horian
Arratsaldean, bero hodeiak garatu eta zaparrada trumoitsuak, txingorra eta haize bolada gogorrak espero dira, bereziki lurraldearen ekialdean. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohartarazi duenez, uholdeak egon litezke euriteengatik.
Beroa eta oporrak oztopo dira Euskadin behar diren odol-emateak lortzeko
Tenperatura altuek eta oporraldiek zaildu egiten dute udan transfusioetarako behar den odol kopuruari eustea.
Amaitu dira AP-8ko Irun pareko eta A-8ko auto-ilarak
Trafiko Sailak amaitutzat eman ditu Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko bi puntutan sortutako auto-ilarak.
Meta eta TikTok plataformei kontrola indartzeko eskatu die Europako Batzordeak, Ceutako krisia tarteko
Abuztuaren 15aren aurretik, sare sozialok estu zaintzen ari da Brusela. Izan ere, egun horretan beste migratzaile olde bat espero da hiri autonomoan. Horren ildoan, Europako komisarioa bi plataformetako arduradunekin bildu berri da.
Kanoikadak abiatuko du Donostiako Aste Nagusia larunbat honetan
Artillari nagusiak 19:00etan piztuko du metxa Alderdi Ederreko lorategietan, eta horrela emango dio hasiera zortzi eguneko jaiari. Guztira, 400 ekitaldi baino gehiago daude programatuta.