Milaka emakume atera dira kalera, "feminismotik dena aldatzeko"
Manifestazio jendetsuak izan dira arratsalde honetan Euskal Herriko hiriburuetan Martxoaren 8ko aldarrikapen egunari amaiera emateko, bilkurak eta protestak goizean goizetik hasi badira ere.
Milaka emakume atera dira kalera beraien eskubideak aldarrikatzeko eta borroka feminista defendatzeko. Hiriburuetan ez ezik, udelerrietan ere burutu dira mobilizazioak.
Aurtengo edizioa covid-19aren pandemiak baldintzatu du eta antolatzaileek segurtasun-neurriak hartu behar izan dituzte: manifestariak ilaratan banatuta, segurtasun-tartea gordeta eta maskarak jantzita joan dira ibilbidean zehar.
Bilbon, jendetza batu da. Martxa Jesusen Bihotza plazatik abiatu da, lau ilaratan. Aurrez, auzoetatik iritsitako zutabeak elkartu zaizkie eta hasi direnerako manifestariek Kale Nagusia osorik hartuta zuten.
Ehun bat emakume aritu dira antolatze lanetan eta manifestariek segurtasun-neurriak betetzen zituztela bermatzeko.
Ibilbidean zehar "Gora borroka feminista" bezalako oihuak nagusitu dira eta patriarkatuaren kontrako eta feminismoaren aldeko kantuak ere egin dituzte.
Manifestazioa udaletxe paren amaitu da eta han adierazpen bat irakurri dute. "Premiazkoa da zaintza kolektibizatzea, kontziliazioa bermatzeko politika eraginkorrak ezartzea eta pertsona guztientzat baldintzak duinak eskainiko dituen kalitatezko sistema publiko sanitario eta unibertsala ezartzea", azpimarratu dute.
Halaber, "migrazioa kontrolatzeko politikak, deportazioak, poliziaren indarkeria eta gizarteak ezartzen dizkigun lanen baldintza prekarioak" salatu dituzte.
Donostian 3.000 emakume inguru batu dira mugimendu feministaren mobilizazioan. Manifestazioa 18:30ean abiatu da Antiguatik, "Feminismotik dena aldatu, sistema arrazista arrakalatu" lelopean.
Hiru ilaratan banatuta, segurtasun-tartea zaindu eta musukoa jantzita egin dute ibilbidea, protokoloak betez.
Erakundeek manifestazioan parte hartzeko deia egin badute ere, EH Bilduko ordezkariak (Reyes Carrere eta Juan Karlos Izagirre) eta Elkarrekin Podemosekoak (Aitzole Aranetan) kalera atera dira emakumeen eskubideak aldarrikatzera.
Hiriguneko kale nagusiak zeharkatuta, martxa Boulevarden amaitu da.
Gasteizen ere manifestazio jendetsua egin dute. Buruan bi pankarta eraman dituzte: "Gora borroka feminista, antikapitalista eta antiarrazista" zioen batek; eta "Sistema arrakalatu", besteak.
Borroka feministaren aldeko oihuak izan dira eta emakume pentsiodunek pentsio duinak exijitu dituzte.
Mobilizazioa Andra Maria Zuriaren plazan amaitu da, adierazpen bat irakurrita. Zaintza lanetan ari diren emakumeak omendu nahi izan dituzte, "prekarietatearen aurkako borrokan eredu direlako".
Horrez gain, munduko beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira etorritako emakume migratzaileak izan dituzte gogoan eta lehendik jasaten zuten "esplotazioa" pandemiarekin areagotu egin dela ohartarazi dute.
Zaintzarako sistema publiko bat ezartzea eta gizarte-eredua aldatzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute.
Iruñean antolatu dituzten elkarretaratzeetako bat Sarasate Pasealekuan egin dute, eta ehunka pertsona elkartu dira "Feminismotik dena aldatu" leloa zuen pankarta baten atzean.
Eva Rodriguez Iruñerriko Mugimendu Feministaren bozeramaileak ekitaldi horretan esan duenez, urte asko daramate "bizitzak erdigunean" jartzeko beharra aldarrikatzen, eta aurten "sekula baino ageriago" geratu da.
"Modan jarri den esaldi bat baino gehiago izatea nahi dugu, benetako zerbait izatea nahi dugu, guztientzako zaintza sistema publikoa nahi dugu, eta zaintzak duindu nahi ditugu baldintzen ikuspuntutik", azpimarratu du.
Bozeramaileak aipatu du "arrakastatsuak" izan direla gaurko mobilizazioak. Bere esanetan, "gizarte honek zaintzei esker eusten" dio, eta "ez du balio beheran geratzen diren zaintzak izatea, sistema mantentzea, baina ez edukitzea errekonozimendu sozialik edo eskubiderik".
180 mobilizaziotik gora herri eta hirietan
Guztira 180 manifestazio baino gehiago izan dira gaur gurean, gehienak arratsaldean. Hala ere, goizean goizetik protestak izan dira han eta hemen.
Bilbon, talde feministek elkarretaratzea egin dute, emakume migratuen zirkulazio askea eskatzeko. 11:00etan, atzerritarren bulegoaren aurrean bildu dira, Pio Baroja Plazan, hegoaldeko herrialde periferikoetatik leku seguruagoetara joateko bidean milaka emakume hiltzen dituzten mugako harresiak salatzeko.
BIDEOA: Elkarretaratzea egin dute Bilbon emakume migratuen zirkulazio askea eskatzeko
12:00etan, udaletxera heldu dira, pentsiodunekin bat egin eta pentsioa eta zaintza zerbitzu duinak eskatzeko eta arrazakeria instituzionala salatzeko. Manifestazioak Iberdrola dorrerantz jo du, eta 13:00etan iritsi dira. Bertan, multinazionalek mundu mailan duten papera salatu dute, eta oinarrizko zerbitzu bat, argindarra, "gutxi batzuk aberasten eta milioika emakume pobretzen dituen negozioa" ez izatea eskatu dute.
Iruñean, bestalde, Iruñerriko mugimendu feministak "trapu zikinak" utzi ditu hiriburuko udaletxearen aurrean, kolektiboentzako baliabide falta salatuz, eta "begizta more gutxiago eta zaintzarako diru gehiago" eskatu dizkiote Nafarroa Sumari.
BIDEOA: Iruñerriko mugimendu feminista Iruñeko udaletxearen aurrean bildu da
Gainera, hainbat emakume katez lotu dira Foru Parlamentuan, eta protestan istiluak izan dira manifestarien eta polizien artean, eta emakume bat atxilotu dute, Foruzaingoko iturriek jakitera eman dutenez.
Ipar Euskal Herrian, Hirigune Elkargoak berdintasunaren aldeko kanpaina hasi du gaur. Baionan, etxeratze agindua 18:00etan izaten jarraitzen duenez, manifestaziorik handiena eguerdian egin dute.
BIDEOA: Baionan egindako manifestazioa
EITB Mediako mugimendu feministak ere bat egin du emakumeen aldarrikapenekin. Elkarretaratzeak egin dira Bilboko eta Donostiako egoitzetan. Gainera, EITBko hedabideak eduki bereziak eskaintzen ari dira gaur egun osoan zehar telebistan, irratian eta webgunean. "Manifestazioa EITBn" lelopean, komunikazio ekimen berezia jarri dute martxan aste honetan. Komunikazio kanpainaren helburua emakumeen eskubideen aldeko borrokaren aldeko mezua zabaltzea da.
BIDEOA: EITB Mediako langileek bat egin dute martxoaren 8ko elkarretaratzeekin
Erakundeek ere bat egin dute martxoaren 8ko aldarrikapenekin
Goizean hainbat ekitaldi izan dira eta pandemia garai honetan ere aldarrikapenaren eta osasunaren aldeko deia egin dute. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, gaur, "aldarrikapenerako eguna da, aurrerapenak aurrerapen, mundu osoko emakumeek egiturazko desberdintasuna pairatzen jarraitzen dutelako", eta horrek, lehendakariaren iritziz "hainbat adierazpen ditu".
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak, bestalde, martxoaren 8a "aldarrikapenerako" eguna dela esan du, baina gogorarazi du ez dela "ekitaldi masiboetan parte hartu behar, une honetan arduratsuak izan behar direlako" eta manifestazio jendetsuak "infekzio-bektore" izan daitezkeelako.
Bilboko Udalak bat egin du aurten ere Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) proposatutako Emakumearen Nazioarteko Egunaren adierazpenarekin, pandemia garaian emakumeek egiten duten lana aldarrikatzeko. Juan Mari Aburto alkateak gaur udaletxean egindako ekitaldian gogorarazi du "ordaindu gabeko etxeko lanak" eta osasun krisiaren garaian adinekoak eta haurrak zaintzea "emakumeen esku" egon direla.
Gipuzkoako Foru Aldundiak "garai bateko emakume aitzindariak" omendu ditu, "gizartean arrastoa utzi" zutelako eta "egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat eredu" direlako. Markel Olano ahaldun nagusia izan da Foru Jauregian egin den Emakumearen Eguneko ekitaldi instituzionalaren buru. Bertan, Elvira Zipitria pedagogoaren omenezko plaka bat inauguratu da eta emakume aitzindariei buruzko erakusketa bat aurkeztu da.
Gizonen eta emakumeen arteko arrakala salatu dute sindikatuek
Sindikatuek lan munduan gizonen eta emakumeen artean dagoen arrakala salatu dute, eta zaintzan aritzen diren emakumeak prekarietatean mantentzea leporatu diete erakundeei.
LAB sindikatuak EAJk Gasteizen duen egoitzaren aurrean egin du bilkura. Ehun bat emakume elkartu dira. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta prekarietatearekin eta soldata arrakalarekin amaitzeko akordioak egiteko exijitu die Garbiñe Aranburuk jeltzaleei.
"Ezin dugu ahaztu zaintza lanekin negozioa egiten dutenak EAJri lotutako pertsonak direla", salatu du.
"Sektore feminizatuetan errepikatzen diren elementuak bi dira: emakumeek funtsezko zerbitzuak eskaintzen dituzte eta ez dute errekonozimendu politikorik, ekonomikorik eta sozialik", kritikatu du.
ELA sindikatuak Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren parean egin du elkarretaratzea, sektore feminizatuetan aritzen diren emakumeak aintzat hartzeko eta pairatzen duten prekarietatearekin amaitzeko eskatuz.
Etxeko langileak, zaintzaileak, ospitaleetako garbitzaileak edota erresidentzietako beharginak ekarri dituzte gogora, besteak beste, pandemiaren hasieran babeserako ekiporik gabe lan egin behar izan zutela nabarmenduz.
Euskadiko UGTk Bilboko Moyua plazan egin du mobilizazioa. Raul Arza idazkari nagusiak azpimarratu du sektore horietako emakume gehienak administrazio publikoek azpikontratatutako enpresetan ari direla lanean, eta horregatik agintari politikoei dei egin die kontratuak emateko baldintzak hobetu ditzatela.
"Gobernuek eta enpresek neurri zehatzak hartu behar dituzte soldatetan, lanaldietan eta kotizazioetan ematen diren genero arrakalak amaitzeko eta benetako berdintasuna lortzeko urratsak emateko", erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Olatu zuri gorriak Iruñea hartu du
Txupinazoarekin, lehertu da festa Iruñean eta ez du atsedenik hartuko datorren uztailaren 14ra arte. Urteroko ohiturei, gaur beste protagonista bat batu zaie: beroa. Festazaleek 40 graduko tenperaturekin abiatu dituzte 2026ko sanferminak.
Antzuola eta Urretxu artean piztutako baso-sutea kontrolpean dago
Gipuzkoako hiru parketako suhiltzaileak aritu dira Antzuolan 13:45ak aldera deklaratutako sutea itzaltzen. Sugarrak ordu batzuk geroago kontrolatu dituzte.
Kontrolatu dute Imarkoainen piztutako sutea
Lizarra, Azkoien eta Tafallako suhiltzaile etxeetako brigadek 15:30ak aldera lortu dute sutea kontrolpeak hartzea. Guztira 80 hektarea baino gehiago erre dira baso eta, batez ere, laborantza artean.
ELAk arreta euskaraz bermatzeko eskatu dio Osakidetzari
Oraindik hizkuntza ez dakiten langileak euskalduntzeko plana aldarrikatu du sindikatuak Osakidetzaren Gasteizko egoitzan.
Lesakako sanferminak hasi dira
Txupinaren jaurtiketak eman die hasiera Lesakako San Fermin jaiei astelehen honetan, 12:00etan. Jai-egitarauak 50 kultura-, kirol- eta jolas-jarduera baino gehiago biltzen ditu, datozen 6 eguneton burutuko direnak. Gaita jotzaileen, musika-banden eta txarangen ohiko soinuek herriko kaleak alaituko dituzte uztailaren 11ra arte, larunbata.
Arrautza frijituak, txistorra eta zapi gorria: Hasi da festa Iruñean
Urtero bezala, ohiko hamaiketakoak izaten dira uztailaren 6ko goizean, festei hasiera emateko zain. Mokadu sendoak beti ere, hau izango baita seguraski, eguneko otordu bakarra.
40 ikasleri ez diete, kautelaz, USaPen Euskarako nota zenbatuko
Auzitegiek arrazoia ematen ez badiete kasuaren funtsari buruz, nota horiek kontuan hartuko dira azkenean.
Asiron eta Chivite: "Jendeak asko goza dezala, baina errespetuz"
Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak 2026ko sanferminetara hurbiltzeko deia egin diete herritarrei, jaiez eta hiriaz gozatzeko, baina "beti errespetuz".
Txistulari eta Gaiteroen Bandak dantzan jarri du Iruñeko Udaletxe plaza
Gaur eguerdian Iruñeko Udaletxeko plaza bete duten milaka pertsonek Txistulari eta Gaitarien Bandaren doinuekin dantzan egin ahal izan dute.
3I/ATLAS izarrarteko kometa "Eguzkia baino askoz zaharragoa" dela ondorioztatu du astronomo talde batek
Aztarna kimiko espezifikoak neurtuz iritsi dira ondorio horretara, eta segur aski Eguzki sistematik kanpo sortu zela ere uste dute. Izarrarteko kometak eguzki sistemaren kanpoan sortu eta noizean behin eguzki sisteman sartzen diren izoztutako objektuak dira.