Pandemiari aurre egiteko euskal legeak bere bidea hasi du, EAJ eta PSEren babesarekin
Eusko Legebiltzarrak argi berdea eman dio pandemiari aurre egiteko euskal legearen presazko tramitazioari, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Eusko Jaurlaritzak covid-19a ez hedatzeko hartutako neurriei babes juridikoa emateko lege proposamena da, eta ekainerako prest izan nahi dute.
Lege proposamena presaz tramitatzea onartu dute Eusko Legebiltzarrean gehiengoa duten eta ekimenaren sustatzaile izan diren EAJk eta PSE-EEk. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egin dira eta PP+Csek eta Voxek, ostera, aurka bozkatu dute.
Ekimenaren bultzatzaile diren EAJk eta PSE-EEk presazko tramitazioa planteatu dute eta, ondorioz, ohiko prozedurarako ezarritako denborak erdira murriztu dira. Sustatzaileen helburua legea egungo bilkura-aldia amaitu baino lehen onartzea da. Azken osoko bilkura ekainaren 24an egingo da.
Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak, bere aldetik, "lankidetza zintzoa eta ahalegina" eskatu dizkie oposizioko taldeei. "Guztion artean testu bat adostu dezagun, non, pozarren egon gabe, eroso egongo garen ondorioarekin". Hortik abiatuta, jarrera eraikitzailea izatea eskatu du.
Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzak pandemiaren aurrean darabilen "inprobisazioa" kritikatu du eta gaineratu, bere iritziz, lege proposamenak ez duela "inolako aldaketa estrukturalik barne hartzen, herritarrei etengabe errua botatzea baino". Era berean, Estatuarekiko erakusten duen "menpekotasuna" deitoratu du. EH Bildu abstenitu egin da bozketan, izan ere, euren ustez, legea "nabarmen hobetu daiteke ikuspuntu juridikotik, politikotik zein sanitariotik", eta hori da, hain zuzen, tramitazioan egin gura duena: legea "zuzentzea" eta "adituekin adostasunak lortzea".
Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkidearen ustez, legeak aukera emango die euskal erakundeei euren jardunerako "mekanismo legalak" izateko, "aplikagarria" izango baita , "bai alarma egoeran egon zein bertan behera geratu eta osasun larrialdiko egoera deklaratzen bada". Ricok adierazi du "autogobernuari ahalik eta etekin handiena ateratzea" izan behar duela helburua; horrez gain, "erabat eztabaidagarriak diren" gaien eztabaidetan ez erortzeko eskatu du, Galiziako gobernuak "txertaketaren derrigortasuna ezartzeari atea irekitzen dion proposamena" gogora ekarriz.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU alderdiko bozeramaileak, bere aldetik, ekimena "berandu" datorrela esan du, eta pena dela "Gobernuko alderdiek" aurkeztu izana "Gobernuak berak" aurkeztu beharrean. Azaldu duenez, bere taldea abstenitu egin da, tramitean testua "aldatu" eta "hobetu" nahi dutelako, "legea paper hutsa izan ez dadin, eskubideak zehaztu ditzat, pandemiari aurre egiteko balio dezan eta adostasun parlamentarioa izan dezan".
Kontrako txandan, Luis Gordillo PP+CS alderdiko parlamentariak azaldu du legearen aurka agertu direla, bere ustez, "prozesu-amarrua bilatzen duelako" auzitegi arrunt baten aurrean helegiterik jarri ezin izateko, eta kritikatu du ez duela "adostasunerako bokaziorik".
Azkenik, Amaia Martinez Vox alderdiko parlamentariak kritikatu egin du Gobernuak lege proposamenaren formulara jo izana, "epeak laburtzeko eta bere asmoen aurkakoak izan daitezkeen txostenak saihesteko".
Legea, xehetuta
Legeak bost alerta maila, sei adierazle epidemiologiko eta arrisku maila bakoitzari egokitutako osasun- eta prebentzio-neurriak aurreikusten ditu.
Mailarik baxuenean, 14 egunean 100.000 biztanleko kasu positiboen 60ko intzidentzia-tasa metatuta dago, hori baita Jaurlaritzak diseinatutako pandemia kudeatzeko Bizi Berri Planean jasotako helburua. Kopuru horretatik jaisten den unean, murrizketak ez dira indarrean egongo.
Legearen arabera, gainera, Jaurlaritzak 15 egunean behin eman beharko dio osasun-neurri horien eta koronabirusaren bilakaeraren berri Legebiltzarrari, eta lehendakariak LABIren batzorde teknikoa edo krisia kudeatzeko laguntza teknikoko taldea zuzedu eta izendatuko duela ezartzen du.
Zure interesekoa izan daiteke
Suhiltzaileek mendean hartu dute Elgeako mendilerroan piztutako baso sutea
Bart piztu dira garrak, ustez ekaitzaren ondorioz, tximista batek eragin duela uste baitute. Sutea kontrolpean hartu eta garrak itzali ondoren, suhiltzaileak gunea freskatzen geratu dira.
Bederatzi agentek kolpeak jaso dituzte igandean Araban eta Gipuzkoan izandako esku-hartzeetan
Segurtasun Sailak gertakariak gaitzetsi ditu, eta adierazi du "kezka handiz" ikusten duela poliziaren aurka indarkeria erabiltzea.
Dolumin mezu ugari, Oihane Mateos gogoan
Orain EITBren albiste zerbitzu digitaleko burua bart zendu da, eta zorigaiztoko albistea jaso eta berehala, erreskadan etorri dira samin agurrak.
Auto gidari bat hil da N-132 errepidean, Gasteizen, Lizarrarako noranzkoan
Istripua 12:30ean gertatu da, eta ibilgailuak txandaka bideratu dituzte tarte horretan, errepidea erabat garbitu arte.
Donostiak jendetza hartu du Aste Nagusiko lehen gauean
Pertsona ugari bildu dira Donostiako kaleetan Aste Nagusiaren lehen egunean jai giroaz gozatzeko. Su artifizialek ikusle ugari erakarri dituzte, eta zerua kolorez bete dute. Zezensuzkoak ere ilusioa eta dibertsioa piztu ditu, batez ere haur eta nerabeen artean.
Nola jakin daiteke noiz gertatuko den eklipse bat?
Astronomoek zehaztasunez kalkula dezakete noiz gertatuko den eklipse bat, Ilargiaren, Eguzkiaren eta Lurraren orbitak ikusita.
Zeledon San Migeleko dorrera igota emango diete amaiera Gasteizko jaiei
Astelehen goizaldean, hildako blusen eta nesken igoera eta kandelen prozesioa ere egingo dira, ekintzaz beteriko sei jaiegunei agur esateko.
Huelvako eta Castelloko suteak ezin menderaturik jarraitzen dute
467 lagun ebakuatuta daude oraindik Nieblako suteagatik; Tirigen, berriz, 395 hektarea inguruko eremua erre da eta Cati herria konfinatuta dago.
Oihane Mateos, Orain EITBren albiste zerbitzu digitalaren burua, hil da
Kazetaritzari eta etxe honi lotutako ibilbide profesional oparoa garatuta, 45 urterekin zendu da.
Kanoikadak Donostia astinduta abiatu dira jaiak
Euriak ez du unea zapuztu, eta Onintza Mokoroak metxa piztearekin batera lehertu da festa Gipuzkoako hiriburuan. Euskal dantzek protagonismo berezia izan dute, hiriko zortzi taldek eman baitiote hasiera Aste Nagusiari.