Bezperan baino 175 kasu gutxiago atzeman dituzte Euskadin, baina gaixo kritikoak areagotu egin dira
Koronabirusarekin kutsatutako 581 pertsona atzeman dituzte Euskadin azkeneko orduetan, bezperan baino 175 gutxiago. Hala ere, positibotasunak altu jarraitzen du, zehazki, % 11,4.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbateko pandemiaren bilakaeraren berri eman du; datuen arabera, 5.086 proba diagnostiko egin zituzten atzo, ostiralean baino ia 1.500 gutxiago.
Egindako testen arteko aldeagatik, positibotasuna 3 hamarren baino ez da jaitsi, % 11,7tik % 11,4ra.
Infekzio berri guztietatik, 326 Bizkaian diagnostikatu zituzten, 149 Gipuzkoan, 98 Araban eta 8 autonomia-erkidegotik kanpo bizi ziren pertsonen kasuak dira.
ZIUen egoerak okerrera egin du. Lau egunez behera egin ostean, larunbat honetan 66 gaixo zeuden zainketa intentsiboen beharrean, bezperan baino 5 gehiago.
Ospitaleratu behar izan zituzten gaixoen kopuruak ere gora egin du: 36 izan ziren ostiralean, eta 41 larunbatean.