Medikuek ziurtatu dute Zornotzan jipoitutako gazteak ezingo duela biziraun
Medikuek ez dute uste Alexandru Andrei Zornotzan jipoitutako 23 urteko mutilak bizirauteko aukerarik duenik. Hala esan du gaztearen familiak Radio Euskadin.
Familiaren bozeramaileak azaldu duenez, atzo, osteguna, familiak medikuekin izan zuen bileran, ziurtatu zieten gaztea ez dela komatik aterako. "Bai edo bai, hil egingo dela esan ziguten. Garunaren zati bat hilda du eta beste zatiak ez du funtzionatu nahi; ez dauka bizitzeko aukerarik".
Familiaren esanetan, ZIUn jarraituko du aste honetan eta plantara eramango dute datorrenean, baina esan diete ez dela ZIUra itzuliko. Familiak bigarren iritzi bat nahi luke, beste ospitale batean akaso, "Gorlizera eramateko aukera aztertzen ari gara, baina medikuek esan digute gorputzak ez duela iraungo eta hil egingo dela lehenago".
Alexandru Andrei Ionita, talde antolatu bateko hainbat kidek uztailaren 25ean Zornotzan jipoitu zuten gaztea, erasoa jasan zuenetik larri dago Gurutzetako Ospitalean.
Koala Anaiak izeneko gaizkile talde bateko hogei bat kidek egin zioten eraso 23 urteko Lemoako bizilagunari, Zornotzako parke batean lagun batzuekin zegoela. Erasoaren ondoren jakin denaren arabera, talde arriskutsua da Koala Anaiena eta hainbat kidek aurrekariak dituzte antzeko beste hainbat erasorengatik.
Segurtasun Sailaren informazioaren arabera, uztailaren 25ean, larunbatetik iganderako goizaldean, 03:30ean, deia jaso zuen Ertzaintzak Zornotzako Jauregibarria parkean, eraso baten ondorioz, gizon bat lurrean, zaurituta, zegoela jakinaraziz.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak zein anbulantzia bertaratu zirenean, konorterik gabe eta oso gogor kolpatuta aurkitu zuten gaztea, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten.
Iturri horien arabera, hogei bat gaztek osatutako talde batek "sekulako jipoia" eman zion biktimari. Modu antolatuan jokatuz, gaztea inguratu egin zuten "inolako babesik gabe" utzita, eta gehiago zirela aprobetxatuta. Guztiek hartu zuten parte erasoan, "modu aktiboan", Ertzaintzaren hitzetan.
Ukabilkadak eta ostikoak emateaz gain, objektu sendoak erabili zituzten erasoan, makilak eta botilak besteak beste, biktima konorterik gabe lurrean botata utzi zuten arte. Ondoren, kolpeka jarraitu zuten, eta, azkenean, ondasunak ostu eta ihes egin zuten.
Ondorengo orduetan jakin zen erasotzaileek erasoa grabatu zutela eta sare sozialetan zabaltzen ari zirela.
Erasoan parte hartu zuten pertsona berberek gau hartan beste eraso eta lapurreta batzuk ere egin zituzten. Ertzaintzaren arabera, gutxienez beste lau gaztek jasan zituzten talde horretako kideen erasoak.
Guztira, 16 pertsona atxilotu eta justiziaren esku utzi dituzte: zortzi adingabe eta zortzi heldu.
Antzeko talde bat atxilotu zuten Gorlizen, maiatzean
Maiatzean, Ertzaintzak beste talde bateko zortzi kide atxilotu zituen, Gorlizko pinudian adingabe bati egindako antzeko eraso baten harira. Biktima ospitalean artatu behar izan zuten.
Talde horrek ere borrokak sortu eta biktimei bortizkeria handiz erasotzen zien. Gainera, sare sozialetan zabaltzen zituen erasoen bideoak.
Zure interesekoa izan daiteke
Abuztuaren 15ean Maroko eta Ceuta arteko muga berriro zeharkatzeko deia egiten ari dira sare sozialetan
Ceutako Gobernuaren bozeramaileak ziurtatu duenez, Espainiako Gobernuak deialdi horren berri du, eta iragan asteko krisia ez errepikatzeko baliabide nahikoak jartzea espero du.
Uharteko bizilagunak haserre, herriko apaizak Ceutako migrazio-krisiari buruz egindako adierazpenengatik
Uharteko (Nafarroa) biztanleak haserre daude Javier Aizpun herriko parrokoarekin, X sare sozialean (lehengo Twitter) migratzaileak Ceutara iristeari buruz zabaldu zituen mezuengatik. Kritiken ostean, apaizak barkamena eskatu du eta bere kontua ezabatu du. Argitalpenetako batean, apaizak zioen "Rabat bonbardatu" egin behar dela, Marokoren aurkako neurri gogorrak ezartzearen aldeko hainbat mezurekin batera. Aizpunek adierazi zuen, halaber, suarekin erantzun beharko litzaiekeela Ceutan sartzen saiatzen diren migratzaileei, eta Maroko "errekonkistatzea" proposatu zuen, haren hitzetan, "jatorrizko Espainia" berreskuratzeko, Erromatar Inperio garaiko Hispaniari erreferentzia eginez.
Nola ikusiko da eguzki-eklipsea zure herritik? Kontsultatu hemen fenomeno historikoari behatzeko mapak
Ilargiak erabat ezkutatuko du Eguzkia 2026ko abuztuaren 12an: Euskal Herrian 2183. urtera arte ez da berriro ikusiko horrelako fenomenorik. Eguzki-eklipse osoa ilunabarrean hasiko da, eta egunak "bi ilunabar" izango ditu. Eklipsea Orain.eus-en bidez zuzenean jarraitu ahal izango da.
Perez-Iglesias: "Eklipsea ikusiko den lekuetan milioi bat bisitari izango dira"
Eklipsea etxetik gertu eta urrun joan gabe ikusteko gomendioa egin du sailburuak. Milaka betaurreko banatu dituzte iada mugarritzat jo duen fenomenoa ikusteko. Pozik agertu da eklipseak zientzia plazara eramateko balio izan duelako.
Kolon eta ondesteko minbiziaren baheketak erdira murriztu du hilkortasuna Euskadin
Biogipuzkoako eta EHUko ikertzaileak buru ditu ikerketak eta JAMA Network Openen argitaratu dute. Horren arabera, kolon eta ondesteko minbiziaren baheketaren programak % 50 murriztu du hilkortasuna 50 eta 69 urtekoen artean, bi hamarkadatan.
2.200 bat emakumeri eraso die gizon bikotekideak edo bikotekide ohiak, Euskadin, 2026ko lehen seihilekoan
Emakunderen arabera, % 7 igo da 2025aren aldean. Familia barruko indarkeriaren biktimen kopurua % 20 hazi da Araban, eta erasoa jasan duten biktimen kopurua % 10 igo da Gipuzkoan.
Bi pertsona zauritu dira A-8an, trafiko-istripu batean, Muskiz parean, Kantabriarako noranzkoan
Istripua bi kilometroko auto-ilarak eragin ditu. Kantabriarako zirkulazioa 236. irteeratik bideratzen ari da.
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoa pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".