EAEn covid ziurtagiria ezartzea neurri "egokia, beharrezkoa eta proportzionatua" dela ebatzi du Gorenak
Auzitegi Gorenak helarazi dio jada Eusko Jaurlaritzari covid ziurtagiria ezartzea ontzat ematen dueneko epaia. Aldeko erabakia ezaguna zen, baina orain xehetasun juridikoak aztertu ahalko ditu Jaurlaritzak. Hori eginda, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak emandako agindu baten bidez ezarriko dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), "berehala". Besteak beste, gaueko aisialdian eta 50 mahaikide baino gehiagoko jatetxeetan eskatuko dute.
Gorenak bere ebazpenean jaso duenez, neurri "egokia, beharrezkoa eta proportzionatua" da EAEn covid ziurtagiria ezartzea, birusaren transmisioa eten nahi bada. Joan den irailaren 14an Galizian pasaportea eskatzea baimentzeko emandako argudio bertsuak jaso ditu Gorenak testu horretan.
Gaur-gaurkoz, txertatutako herritarren kopurua altua bada ere, kutsatzeak ez direla eteten ohartarazi dute magistratuek ebazpenean. "Ez dakigu zenbat denboraz izango den eraginkorra immunizazioa, eta ez dago zalantzarik txertorik hartu ez dutenen kopuru nahikoa dagoela, 12 urtetik beherakoak, birusa eta, beraz, gaixotasuna, beren artean eta gainerako herritarren artean zabaltzeko", zehaztu dute.
EAEko Auzitegi Nagusiak covid-19 ziurtagiria ez baimentzeko arrazoien artean, oinarrizko hainbat eskubideren urraketak aipatu zituen: berdintasun eta intimitatearena, elkartzeko eskubidea, toki publikoetara sartzeko edonork duena, edota karaokeetan landu daitekeen sorkuntza artistikoarena, besteak beste. Gorena ez dator bat argudio horrekin, uste baitu pandemiaren egungo egoera aurreko olatuetakoa baino arinagoa izateak ez duela justifikatzen "beharrezko prebentzio neurriak ez hartzea", iraganeko agertoki kritikoak ez errepikatzeko.
Ildo horretan, Galiziako egoerarekin parekatu du EAEkoa Gorenak, eta "ageriko antzekotasunak" ikusten ditu bi erkidegoen artean. Hala, hainbat tokitan covid ziurtagiria ezartzea "neurri egokia" dela deritzo, birusaren transmisioa eteteko. Halaber, beharrezkotzat jo du, lokal eta establezimenduen aktibitatean ez duelako "aparteko eraginik" izango eta ez delako beste neurri murriztaile batzuk bezain "erasokorra". Hori guztia aintzat hartuta, Gorenaren ebazpenaren arabera, "neurri proportzionatua" da "osasun publikoa zaintzeko" eta "pandemiaren arriskuak murrizteko". Halaber, pasaportea eskatzeak "berdintasun eta intimitate eskubideetan" eragin txikia duela adierazi dute magistratuek. Kaleratutako testuan, gainera, EAEko Auzitegiari kritika egiten zaio, ez dituelako aintzat hartu beste auziegiek eta Gorenak berak aurretik emandako sententziak.
Antonio Jesus Fonseca magistratuaren boto partikularraren arrazoiketa ere jasotzen du ebazpenak. Jaurlaritzaren errekurtsoa atzera botatzearen alde bozkatu du hark, neurria ez dela proportzionatua argudiatuta. Horren hitzetan, Jaurlaritzak ez du behar bezala justifikatu ziurtagiria eskatzeko arrazoia, eta, horrez gain, "berdintasun eta intimitate eskubideei gogor eragiten die" neurri horrek.
ETBko "Egun On Euskadi" saioan egindako elkarrizketan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak esan du Gorenaren ebazpenak agerian utzi duela Jaurlaritzaren eskaria "bidezkoa, egokia eta eraginkorra" dela.
Jaurlaritzaren asmoa da intzidentzia metatua 150etik gorakoa den artean indarrean egotea covid pasaportea. Gaur egun, 500 puntuen langa gaindituta du izurriaren eraginak. Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren bidetik joango da, horrenbestez, EAE ere.
Hiru ziurtagiri mota daude: txertaketa-ziurtagiria (pauta osoa jaso dutenentzat), errekuperazio-ziurtagiria (PCR proban positibo eman ostean gaitza igaro dutenentzat) eta proba negatibo baten ziurtagiria (gehienez ere 48 ordu lehenago egindako antigenoen proban edo gehienez ere 72 ordu lehenago egindako PCR proban negatibo eman dutenentzat). EAEn, Jaurlaritzak covid ziurtagiria ezartzeko asmoa agertu zuenetik, milioi bat pasatxo ziurtagiri deskargatu dira, eta 10 aldiz biderkatu ziren eskaerak oso egun gutxitan.
Behin ebazpena jasota, gaueko aisialdiaz eta ostalaritzaz harago, covid ziurtagiriaren derrigortasuna beste esparru batzuetara zabaldu ahal izatea aztertuko du orain Jaurlaritzak. Iñigo Urkullu lehendakariak atzo aurreratu zuenez, ziurtagiri hori beste gune batzuetara sartzeko ere nahitaezkoa izatea nahiko lukete, baina ez zuen argibide gehiago eman.
Bestalde, osasun-larrialdiko egoera gaur aktibatu da berriro Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iñigo Urkullu lehendakariak atzo bertan erabaki zuen Auzitegi Gorenak covid pasaportearen inguruan eman behar duen ebazpenari ez itxarotea, eta arratsaldean sinatu zuen dekretua. Horrela, larrialdi-egoera aktibatzeko agindua gaur argitaratu dute EAEko Aldizkari Ofizialean.
Gainera, LABI instituzionala arratsaldean bilduko da, 16:30ean, egoera aztertzeko.
Larrialdi egoera aktibatzea Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eskatu dio lehendakariari, azken asteetan pandemiak okerrera egin baitu.
Aurreko osasun-larrialdiko egoera urriaren 7an desaktibatu zuen lehendakariak.
Zure interesekoa izan daiteke
Laredon, euskal gazteen kontrako "ehiza" gertatzen ari dela diote hainbat euskal udatiarrek
Udalak gertakari isolatuak direla dioen arren, biktimek eta euren familiek uste dute, erasook soilik euskal herritarrei egiten dizkietela, euskal herritar izateagatik. Gazteen kontrako dozena bat erasotik gora zenbatu ditu poliziak uda honetan Kantabriako udalerrian.
8.000 hektarea kaltetu dira Huelvako sutean, eta 500 bizilagun inguru ebakuatu dituzte
Tirig (Castello) udalerrian ostiralean piztutako suak kontrolik gabe jarraitzen du, eta Cati herriko bizilagunak etxetik ateratzeko agindua eman du Generalitateak.
Eklipseek ikusmin handia piztu izan dute beti Euskal Herrian, baina segurtasunez ikusi behar dira
Orain mende bat ikusi zen azkenekoz eguzki eklipse oso bat Euskal Herrian. Zorionez, herritarren kontzientzia hobetu egin da. Eklipseak modu seguruan ikusteko betaurrekoak 1990eko hamarkadan agertu ziren.
Munduko bazterretatik etorri dira Euskadira, eklipsea ikustera
Estatu Batuetatik, Poloniatik, Herbehereetatik eta Alemaniatik, besteak beste, etorritako taldeek gure lurraldea aukeratu dute fenomenoa ikusteko.
Suhiltzaileek mendean hartu dute Elgeako mendilerroan piztutako baso sutea
Bart piztu dira garrak, ustez ekaitzaren ondorioz, tximista batek eragin duela uste baitute. Sutea kontrolpean hartu eta garrak itzali ondoren, suhiltzaileak gunea freskatzen geratu dira.
Bederatzi agentek kolpeak jaso dituzte igandean Araban eta Gipuzkoan izandako esku-hartzeetan
Segurtasun Sailak gertakariak gaitzetsi ditu, eta adierazi du "kezka handiz" ikusten duela poliziaren aurka indarkeria erabiltzea.
Dolumin mezu ugari, Oihane Mateos gogoan
Orain EITBren albiste zerbitzu digitaleko burua bart zendu da, eta zorigaiztoko albistea jaso eta berehala, erreskadan etorri dira samin agurrak.
Auto gidari bat hil da N-132 errepidean, Gasteizen, Lizarrarako noranzkoan
Istripua 12:30ean gertatu da, eta ibilgailuak txandaka bideratu dituzte tarte horretan, errepidea erabat garbitu arte.
Donostiak jendetza hartu du Aste Nagusiko lehen gauean
Pertsona ugari bildu dira Donostiako kaleetan Aste Nagusiaren lehen egunean jai giroaz gozatzeko. Su artifizialek ikusle ugari erakarri dituzte, eta zerua kolorez bete dute. Zezensuzkoak ere ilusioa eta dibertsioa piztu ditu, batez ere haur eta nerabeen artean.
Nola jakin daiteke noiz gertatuko den eklipse bat?
Astronomoek zehaztasunez kalkula dezakete noiz gertatuko den eklipse bat, Ilargiaren, Eguzkiaren eta Lurraren orbitak ikusita.