Laura jaitsi da covidaren ondorioz Euskadin hildako pertsonen kopurua, baina ospitaleratzeek gora egin dute
Lau pertsona hil dira azken aste honetan Euskadin covid-19aren ondorioz, aurreko astean baino bat gutxiago, baina ospitaleratzeek gora egin dute. Atzo, guztira, 171 gaixo zeuden Euskal Autonomia Erkidegoko erietxeetan, horietatik 12, zainketa intentsiboko unitatean. Hala, adierazle nagusiak laugarren astez jarraian gora egin badute ere, urtebetean pandemiak utzitako hildako kopuru txikiena zenbatu da azken astean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan argitaratutako azken buletinaren datuei erreparatuz gero (urriaren 3tik 9ra bitarteko asteari dagokiona), intzidentzia metatuak, kutsatzeen kopuruak eta erietxeetako presioak gora egin dute, eta adierazle horiek duela bi hilabetetik hona ez zituzten balioak berreskuratu dituzte.
Guztira, 1.353 kasu positibo berri antzeman dira, aurreko zazpi egunetan baino 277 gehiago, eta egindako proba diagnostikoei lotutako kasuen tasa bi puntu eta erdi igo da, % 11,3raino. Intzidentzia tasa ere 51 puntu igo da.
Euskadiko ospitaleetan 159 pertsona zenbatu zituzten atzo covid-19arekin, duela zazpi egun baino 20 gehiago. Horiez gain, beste 12 gaixo zeuden zainketa intentsiboetako unitateetan, iragan astelehenean baino bost gehiago.
Bestalde, Osasun Sailak jakinarazi du covidaren ondorioz lau pertsona hil direla azken astean, aurrekorekin alderatuta, bat gutxiago.