Laudion izan da tenperaturarik altuena, 43,4 ºC
Laudion (Araba) dagoen Gardeako estazio meteorologikoak neurtu du tenperaturarik altuena gaur: 43,4 ºC. Gueñesen (Bizkaia), berriz, 43,2ra iritsi dira, Zallan (Bizkaia) 41,9ra, Amurrion (Araba) eta Orozkon (Bizkaia) 41,4ra, eta Igorren (Bizkaia) 41era. Osakidetzako larrialdi-zerbitzuek 56 pertsona artatu dituzte 19:00ak arte, muturreko beroak jota.
16:30ean, Orozkoko estazioan 41,4 graduko tenperatura neurtu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 estazio meteorologikoetako altuena. Termometroa 40,6 gradura iritsi da Zallan, eta Gipuzkoan, Bergarako San Prudentzio estazioan, 40,3ra. Gutxigatik bada ere, 40 graduko langatik behera geratu dira Bizkaian Galdakaoko (39,9) eta Derioko (39,7) termometroak.
Nafarroan, tenperatura 39 ºC ingurukoa izan da Iruñerriaren hegoaldean, Estellerri eta Oibar aldean, eta zertxobait baxuagoa Foru Erkidegoko beste eremu batzuetan, Aemetek jakinarazi duenez.
Bestalde, 15:10ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bosna estazio meteorologitan neurtutako maximoak bildu ditugu:
Araban, aipatu bezala, Laudion neurtu dute altuena (43,4 ºC). Hortik apur bat beherago heldu da termometroa Amurrion, Saratxon (41,6 ºC), eta Agurainen (38,3 ºC). Agian harrigarria egingo zaie batzuei, baina "epelago" zeuden Gasteizen (39,7 ºC) eta Guardian, Paganosen (37,3 ºC).
Bizkaian, Enkarterri labe bihurtuta zegoen 15:10erako, Sodupen 43,2 ºC eta Zallan 41,9 ºC neurtu baitituzte. Arratian neurtu dute hirugarren beroena (41,0 ºC, Igorren), eta Iurreta (39,9 ºC) eta Zorrotza Bilboko auzoa (38,1 ºC) ageri dira zerrendan ondoren. Kostaldean, giro "atseginagoa" izan dute, baina Bermeon 30 ºC-ra igo da termometroa.
Gipuzkoako estazioetan ez dira 40 ºC-ra iritsi, baina Arrasate gertu geratu da, 39,9 ºC-rekin. Hortik behera, Ibai Ederren (Azpeitia) 37,7 ºC, Berastegin 35,4 ºC eta Ordizian 36,1 ºC harrapatu dituzte termometroek. Donostian, berriz, 32,7 ºC-ra heldu dira.
Gauean, tenperatura altu samarrak izango dira, 22-27 ºC ingurukoak kostaldean eta 24-28 gradukoak barnealdean, isurialde atlantikoan.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak