Zadorrak gainezka egin du Gasteizen eta Iruña Okan
Zadorra ibaia bere bidetik atera da Margaritan (Gasteiz) eta Tresponten (Iruña Oka), asteburuan izandako euri-jasak direla eta.
Ibaia maila laranjara heldu da Eturan (Barrundia) eta maila horian dago Abetxukun (Gasteiz) eta Ozaetan (Barrundia). Segurtasun Sailaren arabera, Abetxuku auzoan segundoko 80 metro koadro baino gehiago bota ditu.
Hori horrela, Gasteizko Udaltzaingoak Eraztun Berdearen oinezko bidea itxi du, Aguirrelanda eta Abetxuku zubiaren artean, han uholdeak gerta daitezkeela eta.
Gainera, oinezkoentzako hainbat tarte itxi dituzte, honakoak: Gamarra eta Abetxuku arteko Zadorraren erriberatik doana, Zadorra Etorbideko biribilgunearen ingurukoak eta Alegria ibaiaren oinezko pasabidea (Zurbano atearen eta Bergara atearen artekoa).
Abetxuku auzoan hainbat ur putzu egin direla eta, esku hartu behar izan du Gasteizko Udaltzaingoak. Urarteko Baratzeetan aparkatutako autoak erretiratzeko eskatu dute, eta sarbideak itxi dituzte.
Gainera, N-622 errepidetik A-1erako tartea zaintzen ari dira (Astegieta, Ihurre eta Lopida parean), arrazoi beragatik.
Dena dela, Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, suhiltzaileek ez dute irteerarik egin behar izan uholdeak gorabehera.
Bestalde, Omecillo eta Baia ibaien emariek ere hazten jarraitzen dute, eta ez dute baztertzen uholde txikiak izatea.
Gipuzkoan, Oria maila horira iritsi da Alegia eta Araxes (Lizartza) estazioetan.
Bizkaiko lurraldean, Ibaizabal (Zeanuri) bakarrik dago maila horian, Cadagua (Sodupe parean) maila berdera jaitsi baita. Azken horrek gainezka egin du goizean Quadra-Lakabex auzoan (Gueñes), baina ohikoa izaten da euria egiten duenean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak euriteengatik ezarritako alerta laranja bertan behera utzi du. Nolanahi ere, 18:00ak arte abisu hori bat izango da indarrean Bizkaian, Gipuzkoan eta Araba iparraldean prezipitazio iraunkorrengatik. Gainera, elurra barnealdean egin dezakeela eta, abisu horia dago aktibo biharko 18:00ak arte. Nafarroan ere elurragatik eta euriagatik ezarritako abisuak bertan behera geratu dira eguerdian.
Argak eutsi egin dio
Nafarroan, Foru Gobernuak uholdeen planaren 0 mailari eutsi dio gaur, denboralea noiz arinduko zain. Prezipitazioak, oro har, ekaitzaren hasieran aurreikusi zirenak baino txikiagoak izan dira, eta Arga ibaiak goia jo du Iruñerrian, igandeko 23:30ean, segundoko 206,82 metro kubiko botata.
Dena dela, Arga alerta mailara (maila gorria) iritsi da azken orduetan Arakilen eta Etxaurin; Oltza Zendea parean, aurrealerta fasean dago (laranja). Iruñean behera egin du emariak, eta goizaldean aurrealertan egon bada ere, orain normala da egoera.
Hori horrela, Iruñeko Udalak uholdeetarako larrialdi-planaren 1. maila desaktibatu du, emariak behera egin duela eta.
Hemendik aurrera, posible da aparkatzea urak hartu ohi dituen guneetan (Corralillos, Runa parkea, Igeriketa eta Magdalena ingurua). Goizaldean garabiarekin erretiratu dituzten ibilgailuak inguruan topatuko dituzte jabeek.
Halaber, Egaren emaria ere asko hazi da, eta aurrealertan dago Lizarra, Murieta eta Andosilla parean.
Bestalde, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (CHE) astearterako espero du Ebro ibaiaren emari maximoak Tuterara iristea. Zehazki, CHEk ohar batean azaldu duenez, Ebro ibaian Aragoi ibaitik datorren ur-goraldiaren maximoa, Alfaro-Castejon-Tutera tartera asteartean helduko dena, 1.500-1.900 metro kubiko segundoko balioekin.
Tuterako Udaltzaingoak CHEk emandako informazioaren arabera, 1.550 metro kubikoko emaria espero da asteartean, 13:45ean, Erriberako hiriburuan. "Emari horiekin ez da espero arazorik hirian, erregistro historikoaren arabera", azaldu du udaltzaingoak X sare sozialean.
Hala ere, badaezpada, Udaltzaingoak urak hartu ohi dituen garajeetako ibilgailuak ateratzeko gomendioa eman du.
Arazoak Nafarroako zenbait errepidetan
Ibaien emaria handitzeak arazoak eragin ditu Nafarroako hainbat errepidetan, besteak beste, A-21 Pirinioetako Autobian. 12. kilometroan moztu egin behar izan dute, ur-pilaketaren ondorioz.
Nafarroako Gobernuak emandako errepideei buruzko informazioaren arabera, autobia horretan moztuta dago Elortzera sartzeko azpiko pasabidea, bi noranzkoetan.
Halaber, uholdeak direla eta, itxita daude NA-30 errepidea, Iruñean, Landabengo industrialderako sarbidean; NA-2316 errepidea, Zuluetan; NA-7010 errepidea, Astrain-Irurtzunen, 8. kilometroan; NA-2410 errepidea, Barrankan, 12,200 kilometroan, eta NA-6140 errepidean (Tafalla-Miranda Arga) 11-13 kilometroetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Gasteizek gogortu egingo du animalien ordenantza: 200 euro pixa eta gorozkiak ez garbitzeagatik, nahitaezko asegurua eta 100.000 eurorainoko isunak
Ordenantzaren eguneraketak arau-hauste arinak gogortuko ditu: egun 750 eurotik beherakoak eta 3.000 eurora iritsiko dira orain. Berritasunen artean, animalien pixa urez garbitzeko betebeharra dago, eta hori ez betetzeak 200 euroko isuna izango du.
Trafikoa bere onera etorri da N-634an, Galdakao parean, istripu baten ondorioz ia bi orduz itxita egon ondoren
Ezbeharra 14:45ean gertatu da Kortederrako gasolindegitik gertu, 96. kilometroan. Auto batek eta kamioi batek elkarren kontra jo dute, eta pertsona bat zauritu da.
Sua berriro piztu da Derion, goizaldean itzali eta ordu gutxira
Sua asteleheneko 20:30ak aldera piztu zen San Isidro auzoko baso-eremu batean, Loiuko aireportutik gertu. Suhiltzaileek sugarrak erabat itzaltzea lortu zuten arren goizaldeko 05:30ak aldera, sua berriro piztu da eta lanean ari dira une honetan, sugarrak itzaltzen.
Zestoako jaietan pertsona bati egindako eraso "bortitza" salatu dute
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, lagun bat "bortizki" kolpatu zuten, eta erasoaren ondorioz, hezur haustura eta buruan zauriak izan zituen. Hori dela eta, ospitalera eraman zuten, eta Neurologia Zerbitzuan dago ingresatuta. Bestalde, Segurtasun Sailak zehaztu du irailaren 9ko gauerdian gertatu zela erasoa, eta biktima 40 bat urteko gizonezko bat dela.
Sexu-askatasunaren aurkako delituak batez beste % 8 hazi dira Euskadin
2025ean 2.200 kasu salatu ziren. Fiskaltzaren memoriak ohartarazi duenez, adingabeei zuzendutako prebentzio eta kontzientziazio lanak "ez dira funtzionatzen ari".
Justizia Anderrentzat plataformak gezurretan aritzea leporatu die Santurtziko Udalari eta poliziari
Ander S. T. poliziaren indarkeriak hil zuela frogatuko omen dute prozesu judizialean, eta frogetako bat aurkeztu dute: atxiloketaren bideoa. Plataformak manifestazioa deitu du urriaren 3an.
Ikasle-egoitza ala partekatutako pisua? Unibertsitateetako egoitzen eskariak gora, alokairuen garestitzeagatik
Etxebizitza partekatua aurkitzea gero eta zailagoa da, eta egoitza eta pisuaren arteko prezio-aldea txikitu egin da. Ikasle-egoitza batzuk %100eko okupaziotik gertu daude: erosotasunak, zerbitzuek eta banakako gelek gero eta ikasle gehiago erakartzen dituzte.
Espetxera eraman dute motozerra batekin hainbat gazte mehatxatu zituen gizona
Leporatzen dizkioten gertakariak irailaren 12ko goizaldean jazo ziren. Aurrekari polizialak zituen gizon hori hainbat pertsonari segika ibili zen Algortan, motozerra bat eskuetan zuela.
Eguraldi aldaketa gaurtik aurrera, eta euria asteazkenerako zein ostegunerako
Goiza eguzkitsua eta beroa izango da, baina iluntzerako aldaketa iritsiko da eta asteazkenean tenperaturek nabarmen egingo dute behera. Euria egingo du bai asteazkenean baita ostegunean ere.
Itzali dute Derion, Loiuko aireportutik gertu, piztu zen sutea
20:30 aldera piztu zen sutea San Isidro auzoko pampa baso batean, Aiartza mendian; eta gauean lanean arituta, 05:30 alderako itzaltzea lortu dute suhiltzaileek. Suteak ez du eraginik izan aireportuaren funtzionamenduan, ezta etxebizitzetan ere, baina inguruko baserrietan bizi diren bi pertsona etxetik atera zituzten badaezpada ere.