Emakume bat hil da eta gizon bat larri zauritu da Bilboko Labayru kalean izandako sutean
Emakume bat hil da eta gizonezko bat larri zauritu da Bilboko Labayru kaleko etxebizitza batean izan den sutean.
Sutea aipatu kaleko 28. atarian piztu da, lehenengo solairuko etxebizitza batean, eta bertako bizilagunak dira hildako emakumea eta larri zauritutako gizonezkoa, 73 eta 78 urtekoak. Horiez gain, hamar pertsona artatu dituzte kea arnasteagatik, eta horietako zazpi ospitaleetara eraman behar izan dituzte.
Suhiltzaileak ez ezik, anbulantziak, Ertzaintza eta Udaltzaingoa ere bertaratu dira.
Sutearen abisua 08:02ean jaso dute larrialdi-zerbitzuek, eta ke-lainotza zabaldu badare ere, kontrolpean dute dagoeneko. Gainera, badirudi garrak bigarren solairura ere iritsi direla, eta eraikina jendez hustu behar izan dute.
Dena den, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak esan du eraikinaren egitura ondo dagoela. Hala, teknikarien oniritzia jaso ostean, bizilagunak etxera itzuli ahal izan dira, sutea gertatu den etxebizitzakoak eta horren gainekoak izan ezik.
Ertzaintzak ikerketa abiatuko du sutea zerk eragin duen argitzeko.