Sua, kontrolik gabe Galizian, Gaztela eta Leonen eta Extremaduran: milaka hektarea kiskalita eta ebakuatu
Guztira 27 pertsona atxilotu eta 92 ikertu dituzte ekainaren 1ean baso-suteen aurkako kanpaina hasi zenetik.
Herritarrak baso-sute bat itzaltzeko lanetan, Ourensen. Argazkia: EFE
Iberiar penintsulako ipar-mendebaldean eta mendebaldean piztutako suteek 50.000 hektarea erre dituzte jada Galizian. Gainera, 3.500 pertsona etxetik atera behar izan dituzte Gaztela eta Leonen, eta Extremaduran, berriz, duela sei egun Jarillan (Caceres) piztutako sutea "kontrolik gabe" dago iparraldean, Salamancatik 7 kilometrora besterik ez.
Testuinguru horretan, milaka pertsonak ebakuatuta jarraitzen dute kaltetutako eremuetan, batez ere Ourense, Caceres eta Leon probintzietan, eta Madril eta Galizia arteko abiadura handiko tren zerbitzuak bost egun daramatza etenda.
Era berean, bigarren mailako 16 errepide itxita daude suteen ondorioz honako bost autonomia-erkidego hauetan: Extremadura, Galizia, Gaztela eta Leon, Asturias eta Kantabria.
Egoera bereziki konplexua izan da azken orduotan Extremaduran. Jarillako (Caceres) sutea "kontrolik gabe" dago erabat iparraldean, eta suak 11.000 hektarea baino gehiago eta 130 kilometroko perimetroa erre ditu. Horren aurrean, eta suteen egoera ikusita, Extremadurako Juntak baliabide gehiago eskatu ditu premia handiz.
Gaztela eta Leonen, 28 baso-sute daude aktibo igande honetan, horietako hamar larritasun maila gorenean, eta 3.500 pertsona etxetik irtenarazi dituzte. Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo Juntako presidenteak "berehalako errefortzuak" eskatu ditu, Armadaren eta Europako Mekanismoaren baliabideekin, suteak kontrolpean hartu ahal izateko.
Galizian, suak 50.000 hektarea erre ditu, eta oraindik kontrolatu ezin izan dituzten 12 foku aktibo daude Ourensen. Suterik handiena Chandrexa de Queixa udalerrian piztu da. Alfonso Rueda Galiziako Xuntako presidenteak premiazko laguntza eskatu du, eta Indar Armatuak berehala mobilizatzeko.
Asturiasen, hamabi baso-sute daude piztuta, eta horietatik sei kontrolik gabe daude oraindik, lau kontrolatuta eta bi egonkortuta.
Testuinguru horretan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du 500 militar gehiago bidaliko dituztela suteei aurre egiteko lanetara, eta profesionalen aholkuei "adi egoteko" eskatu die herritarrei, "egun konplexuak datozelako".
Guztira 27 pertsona atxilotu eta 92 ikertu dituzte ekainaren 1ean baso-suteen aurkako kanpaina hasi zenetik.