"Zero netoa" izango da COP26ren helburu nagusia, tenperatura ez dadin 1,5 gradu baino gehiago igo
Urriaren 31tik azaroaren 12ra COP26 klimari buruzko nazioarteko bilera egingo da Glasgown (Eskozia), eta helburu nagusia berotegi efektuko gasen isurketa murrizteko konpromisoak lortzea izango da, 2050erako tenpera ez dadin 1,5 gradu baino gehiago igo.
Klimari buruzko goi-bilerak dira COP deiturikoak, eta krisi klimatikoari aurre egiteko goren mailako foro politikoa dira.
Alok Sharma da COP26ren presidentea, eta azaldu duenez, "helburu nagusia" izango da "tenperaturaren gorakada 1,5 gradura mugatzea" eta, horretarako, "datu zientifikoek diote atmosferatik hartzen dugun karbonoa baino gutxiago ekoitzi beharko dugula", hau da, "zero netoa" lortu behar dela mendearen erdialderako.
Horretarako, garatutako herrialdeek gutxienez 100.000 milioi dolar bildu beharko dituzte urtero klima larrialdiari aurre egiteko neurrietara bideratzeko.
Zergatik 1,5 gradu?
Zientzialarien arabera, bi graduko berotzearekin pertsonengan eta naturan izango litzatekeen eragina orokorra eta larria izango litzateke. Ur epeletako koral arrezife ia guztiak desagertuko lirateke eta Artikoko itsasoko izotza urtu egingo litzateke hamarkada bakoitzean behin. Horrek eragin nabarmena izango luke naturan eta itsasoaren gorakadagatik kaltetutako inguruetan.
Baina tenperaturaren gorakada 1,5 gradura mugatuz gero, eragina larria izango litzatekeen arren, ez horrenbeste. Ur eta elikagai gabe geratzeko arriskua txikiagoa izango litzateke, eta desagertzear dauden espezieen kopurua ez litzateke hain handia izango.
Atmosferaren kutsatzeagatik gizakiak gaixotasunak, gosea edo bero handiegia izateko arriskua ere txikiagoa izango litzateke.
Hutsuneak
Herrialde gehienek goren mailako ordezkariak eramango dituzte konferentziara, baina hutsune nabarmenak ere izango dira.
Hala, asteazkenean Kremlinek jakinarazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidentea ez dela COP26an izango, eta ezta Erroman G20ak egingo duenean ere. Dena den, bietan telematikoki egingo du agerraldia.
Beste hainbeste gertatzen da munduan biztanle gehien dituen eta alde handiarekin gehien kutsatzen duen herrialdearekin: Txina, Xi Jinping presidenteak baieztatu baitu ez dela joango.
Oraindik ez dute argitu Indiarekin zer gertatuko den. Indiak eta Txinak munduko biztanleriaren ia herena hartzen dute, eta lehenengoak ere ingurugiro arazo larriak ditu. Narendra Modi lehen ministroak oraindik ez du jakinarazi Eskoziara joango den ala ez.
Ebrahim Raisi Irango presidentea, Jair Bolsonaro Brasilgoa, Andres Manuel Lopez Obrador Mexikokoa eta Cyril Ramaphosa Hegoafrikakoa ere ez dira bertaratuko.
Horren aurrean, Joe Biden AEBko presidenteak sortu du ikusmin handiena. Glasgown izango da, eta kargua hartu zuenean ekologismoa izan zen bere aldarrikapen nagusietako bat; horregatik, Parisko Itunera itzuliko dela iragarri zuen, Donald Trumpek ateratzea erabaki ostean.
Parisko Ituna
COP26 Parisko Ituna sinatu zen COP21etik 6 urtera iritsiko da. Zientzialariek onartu dute itun hura "gazi-gozoa" izan zela, "industria aurreko mailatik tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko helburua sinatzea lortu bezen ere", akordioa ez zelako "loteslea eta ez dituelako legezko ondorioak aurreikusten konpromisoak urratzen dituztenekin", Fernando Valladares CSICen ikertzaileak adierazi duenez.
Gainera, ekonomia kutsatzaileenak, Txinak, "entzungor egin zion Madrilgo COP25i" eta ez du Glasgown parte hartuko. Horrek "agerian uzten du zein lehentasun maila duen klima aldaketak buruzagi horientzat", bere esanetan.
Hala eta guztiz ere, zientzialariak azpimarratu du "Txinak gaur egun 2060an neutraltasuna lortzeko egutegi egiaztagarria eta errealista" duela, baina "energia garbiagoetara trantsizioa" egin nahi duen arren, paraleloan "inbertsio handiak" egin dituela ikatzean, "isuri arrasto handia utziz datozen urteetan".
Euskadik eskualdeen eginkizuna defendatuko du
Eusko Jaurlaritzak ere parte hartuko du Nazio Batuen Nazioarteko Konferentzian, eta erakundeek eta eskualdeek klimaren alde egin dezaketena defendatuko du.
Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako, Iraunkortasunerako eta Ingurugirorako sailburua azaroaren 4tik 8ra egongo da Glasgown, eta industriari, energiari eta biodibertsitateari buruzko ekitaldietan parte hartuko du.
Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du COP26 Parisetik izango den hitzordu garrantzitsuena izango dela, eta "herrialdeek egindako urratsak neurtu" egingo dituztela, sei urteren ostean.
Glasgown aurrerapauso hauek ematea espero du Gasteizko Gobernuak: "Helburu berriak ezartzea, anbiziotsuagoak, berotze efektua gelditzeko, ez soilik isurien murrizketari dagokionez, baizik eta klima aldaketaren eraginera egokitzearen inguruan".
Sanchez, hitza hartzen lehena
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izango da goi-bileran hitza hartuko duen lehenengo agintaria inaugurazio ofizialaren ostean.
Moncloako iturrien arabera, klima aldaketaren aurkako borroka serio hartzeko deia egingo du, adituek argi adierazi dutelako egiten ari direna ez dela nahikoa.
Era berean, finantzazio publikoaz gain, borroka honetan eragile pribatuen parte-hartzea beharrezkoa izango dela aldarrikatuko du.
Larrialdi klimatikoaren aurrean eta Glasgowko COP26 goi-bileraren harira EITBk martxan jarri duen #EKIN_klima kanpainaren baitan, larunbat honetan Bilbo eta Glasgow arteko bidaiari ekingo dio Hodei Arrausi kazetariak, "0 isurketa" lelopean.
Arrausik bidaiaren eguneroko kronika egingo du ETBko albistegietan, baita programetan, irratian eta webean ere. Bestalde, ibilbidean zehar Arrausik bost erreportaje egingo ditu, azaroaren 5tik 9era bitartean ikusgai izango direnak.
Bidaldiaren nondik norakoak mapa interaktibo baten bitartez jarraitu ahal izango ditugu, eta etapa bakoitzaren inguruko informazioa izango dugu bertan.
Zure interesekoa izan daiteke
Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa hari-harian, Epstein auziaren ondorioz
Keir Starmer lehen ministroak AEBrako enbaxadore izendatu zuen Peter Mandelson laborista Epstein auziko dokumentuetan agertu ostean, hautsak harrotu dira Erresuma Batuan. Hala ere, Starmerrek ez du dimititzeko asmorik.
Takaichi lehen ministroak nagusitasunez irabazi du Japonian, eta immigrazioaren aurkakoek gora egin dute
Kontserbadoreen buruak bi hereneko gehiengoa lortu du eta bere politikak aurrera atera ahal izango ditu. Orain arte indar gutxi izan duten bi alderdik ezustekoa eman dute: Sanseito ultraeskuindarrak eta Team Miraik.
Albiste izango dira: Bad Bunny Super Bowl-en, greba Tubos Reunidosen eta lanuzteak Renfen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Bad Bunnyk batasun mezua zabaldu du Super Bowleko ikuskizunean, eta Trumpen kritikak jaso ditu
Artista puertorricarrak historia egin du Super Bowleko finaleko atsedenaldian egin ohi den ikuskizunean. Lady Gaga eta Ricky Martinekin batera, kontinentearen batasunaren aldeko aldarria egin du. Trump AEBko presidenteak adierazi du "herrialdeari zaplaztekoa eman" diola.
Seguro sozialistak irabazi du Portugalen, hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian, botoen % 65,77 lortuta
Ventura ultraeskuindarrak, berriz, botoen % 34,13 lortuko lituzke, botoen % 98 zenbatuta. Herri batzuek hauteskundeak astebete atzeratzea erabaki dute, otsailaren 15era arte, herrialdeak azken bi asteetan jasan dituen denboraleen ondorioz.
Irango auzitegi batek zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio Mohammadi Bakearen Nobel saridunari
Starmerren aholkulari nagusiak dimisioa eman du Epsteinen artxiboen eskandaluagatik
Kabineteko buruak bere gain hartu du Mandelson enbaxadore kargurako izendatu izanaren errua. "Akats bat izan zen. Gure alderdiari, gure herrialdeari eta politikarekiko konfiantzari kalte egin die Mandelsonek", gaineratu du.
Takaichik irabazi ditu hauteskundeak Japonian, eta gehiengoa handitu du
Hauteslekuak itxi osteko lehen kalkuluek 274 eta 328 eserleku artean eman dizkiote lehen ministroaren Alderdi Liberal Demokratikoari, gehiengo absolutua aise gaindituta.
Hauteskunde aurreratuak Japonian, azken urteetako elurte handienaren erdian
Sanae Takaichi lehen ministroak bozak aurreratzea erabaki zuen, Parlamentuan dituen babesak handitzeko asmoz. Inkesten arabera, helburua lortuko du, baina ez dira ohiko hauteskundeak izango, elurraren eraginez ordutegia aldatu behar izan baitute hautesleku batzuetan.
Istiluak izan dira polizien eta manifestarien artean Milanen, Olinpiar Jokoen aurkako protesta jendetsu batean
Poliziak ur-kanoiak eta negar-gasa erabili ditu manifestarien aurka, protestari batzuek agenteei suziriak, bengalak eta bestelako objektuak jaurti ostean. Milaka lagun bildu dira protestetan, Neguko Olinpiar Jokoak hasi eta biharamunean.