Gazan bakea lortzeko beste saiakera bat abian, Trumpen proposamena abiapuntu hartuta
Israelgo eta Hamaseko ordezkaritzak nahiz bitartekariak (AEB eta Qatar) Egipton dira, gaur arratsaldean hasi diren negoziazioetan parte hartzeko. Bitartean, Gazan, martxotik aurrenekoz, ez da eraso hilgarririk izan gauez.
Abiatu dira Egipton, Gazarako bakea adostea helburu duten elkarrizketak, eta horretarako, han dira Israelek eta Hamasek negoziazioetara bidalitzako ordezkaritzak. Horiek, AEB eta Qatar bitartekariekin batera, Donald Trump presidente estatubatuarrak proposatutako bake-planaren lehen fasea martxan jartzeko adostasunetara iristen saiatuko dira astelehen honetatik aurrera.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak igandean agindu zuen ordezkaritza bat herrialde afrikarrera bidaltzea, Gai-estategikoetarako ministro Ron Dermer buru duela.
Trumpek 20 puntuko plan bat sustatu du Gazako borrokei amaiera emateko, Gazan gerlditzen diren bahituen askapena ziurtatzeko eta lurraldearen etorkizuna zehazteko. Israelek eta Hamasek planaren zati batzuk adostu dituzte.
Lehen faseak preso palestinarren truke bahituak askatzea du helburu. 48 bahitu geratzen dira Gazan, eta horietatik 20 bizirik daude.
Negoziazioaren gertuko iturriek azaldu dutenez, negoziazio horietan "Israelgo ordezkaritzak Gazatik tropak erretiratzeko lehen fasearen mapak emango dizkie bitartekariei", bahituak askatzeko bidea errazteko.
Hamasek ostiralean iragarri zuen bahitu guztiak askatzea onartzen duela, Trumpen planean ezarritakoaren arabera, baina "truke prozesurako baldintzen inguruko informazioa" eskatu zuen. Halaber, planaren puntu batzuk negoziatzeko eskatu zuen.
Agintari estatubatuarrak ohartarazi duenez, ez du atzerapenik onartuko Hamasen aldetik; larunbatean Truth Social sarean idatzi zuenez, "Israelek tropak ateratzeko lehen fasea onartu" du, Hamasekin erakutsi eta partekatu duguna".
Hildakorik gabeko lehen gaua Gazan, martxotik
Martxoan su-etena amaitu zenetik egunero dozenaka hildako izan ostean, bart ez da Israelen eraso hilgarririk izan Gazako Zerrendan, osasun eta tokiko iturriek baieztatu dutenez. Hildako bakarra izan da, bertako 23:00ak aurretik Gaza hiriaren ekialdeko Zeitun auzoan, meskita baten aurka egindako bonbardaketa batean. Artilleria sua eta bonbardaketak izan dira goizaldean Gaza hirian, baina ez dute biktimarik eragin.
Ostiralean, Donald Trump AEBko presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari eskatu zion Gazako erasoak gelditzeko, baina Israelgo Armadak ez ditu erasoak eten eta ehun pertsona inguru hil ditu ordutik.