Frantziak eta Egiptok Gazarako konferentzia humanitarioa antolatuko dute hurrengo asteetan
Ekitaldiaren helburua "operazio humanitarioei berriro ekitea eta gero berreraikitzen hastea" izango da, Macronek berak nabarmendu duenez.
Laguntza humanitarioa, Gazan sartzen. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak astelehen honetan iragarri duenez, Frantziak eta Egiptok "Gazarako konferentzia humanitario bat" antolatuko dute "hurrengo asteetan", lehentasuna orain Palestina hornitzea delako, Hamasek bahituak askatu ondoren.
Konferentziren helburua "operazio humanitarioak berriro martxan jartzea eta, ondoren, berreraikitzen hastea" izango da, Macronek Xarm el-Xeikh aireportura iritsi denean Frantziako hedabideei egindako adierazpenetan nabarmendu duenez.
Frantziako presidenteak adierazi duenez, "segurtasuna berrezartzea ahalbidetzen duen esparru bat dagoela bermatzea" lehentasuna izango da.
Horretarako, AEBrekin, Europako herrialdeekin eta Ekialde Hurbileko herrialdeekin lan egingo duela esan du, "segurtasuna egonkortzeko nazioarteko indar bat" sortzeko oinarriak jartzeko, baita palestinarrek parte hartuko duten gobernantza mota bat ezartzeko ere.
Izan ere, azken finean, bi estatuen konponbidera iritsi nahi da, "hori baita benetan bake iraunkorra ahalbidetzen duen ikuspegi politiko bakarra".
Indarrak ezartzeari dagokionez, zehaztu du "adostasuna" sortzen ari dela "batez ere eskualdeko indarrak" izan daitezen, agian Indonesiaren ekarpenarekin.