Macron eta Le Pen faborito, gaur, Frantziako hauteskunde presidentzialen lehen itzulian
Hauteskunde eguna dute igande honetan Frantziar Estatu osoan, hurrengo presidentea aukeratzeko lehen itzulia egingo baita. Emmanuel Macron egungo presidenteak hamar bat hautagai izango ditu parean. Tartean, hiru eskuindar: Marine Le Pen (Fronte Nazionala), Eric Zemmour (Errekonkista) eta Valerie Pecresse (Errepublikarrak); eta ezkerreko hautagai bat: Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa).
08:00etan irekiko dituzte hauteslekuak eta 19:00etan itxiko dituzte. Itsasoz bestaldeko lurraldeetan larunbat honetan, apirilak 9, ospatu dituzte hauteskundeak, ordu ezberdintasunak igandeko emaitzetan eraginik izan ez dezan eta emaitza guztiak prest izan daitezen bozketa amaitzen denerako.
Guztira, 48 milioi pertsonak dute botoa emateko eskubidea.
Lehen itzuli honen emaitzak jakinda, apirilaren 24an izango da bigarren bozketa. Ondoren, Kontseilu Konstituzionalak berretsi egingo ditu behin betiko emaitza horiek eta apirilaren 28an izendatuko da ofizialki Frantziar Errepublikako presidente berria.
Ekainean, berriz, Macron edo beste presidente bat karguan dela, hauteskunde legegileak izango dira.
Emmanuel Macron (Errepublika Martxan)
Macron ez da jada 2017an alderdi tradizionalen sistema lehertarazi eta mugimendu berritzaile batekin, Errepublika Martxan, Frantziako panormala politikoa astindu zuen hasiberri hura. Parlamentuaren gehiengoa eskutan eta bost urteko ibilbidea bizkarrean duela aurkeztu da oraingo honetan; hori bai, oraindik "asko dagoela egiteko" aldarrikatuz eta Europar Batasunean lidergoa lortu duela nabarmenduz.
Berandu eman zuen bere hautagaitzaren berri Macronek. Covid-19aren pandemiaren kudeaketak, lehenik, eta Ukrainako gerraren bitartekari lanak, gero, atzeratu omen dute prozesua eta epea amaitzeko ordu gutxira iritsi zen azkenean bere hautagaitza ofiziala. Errusiaren kontrako mezu argiak eta bitartekari gisa lanean aritzea gustuko omen dute boto-emaile askok krisi garaiotan.
Gaur egungo presidenteak ia-ia bermatuta dauka bigarren itzulira igarotzea. Izan ere, inkesten arabera, botoen % 28-34 eskuratuko ditu lehen itzulian. Nor lehiatuko da, orduan, bere aurka bigarren itzulian?
Marine Le Pen (Fronte Nazionala)
Eskuineko hautagaia gaztetatik egon da Fronte Nazionalari lotuta; Jean-Marie Le Pen bere aitak sorreratik gidatu zuen alderdia. 2011n Marine Le Penek ordezkatu zuen alderdiko gidaritzan. Urte horretan, Frantziako Presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen, eta hirugarren geratu zen lehen itzulian. 2017an, bigarren itzulia jokatu zuen Macronekin batera, botoen herena eskuratuz.
Moderaziora jo du, eta klase popularrenen aldeko irudia erakutsi du. Horrela, Fronte Nazionalak Europako hauteskundeak irabazi zituen 2019an, eta emaitza onak lortu zituen 2020ko udal hauteskundeetan eta iazko eskualdetakoetan. Aita ez bezala, Marinek itxura lasaiagoa eman du, bere alderdiaren ildo nagusiei eutsi arren: immigrazioa eta tradizionalismoa.
Bozkatzeko orduan, frantziar gehienentzat erosteko ahalmena da faktorerik garrantzitsuena, osasun-sistemaren, ingurumenaren eta immigrazioaren aurretik. Le Penek erregaiaren eta elektrizitatearen gaineko zergak jaistearen aldeko apustua egin du, eta zerga berri bat proposatu du energia-makroenpresen irabazi masiboentzat.
Halaber, Frantzia Europar Batasuneko kide izatearen aurka dago, eta herrialdea NATOtik kanpo ateratzea proposatzen du. Europako Parlamentuko diputatua izan zen 2004tik 2017ra, eta urte horretan sartu zen Frantziako Asanblea Nazionalean.
Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa)
Hautagai progresista ezkerreko faboritoa da inkestetan. Lehen itzulia gainditzeko hirugarren saiakera izango da; Le Pen gainditzeko 600.000 botora geratu zen azken hauteskundeetan.
Melenchonek ere prezioen igoeraren inguruan eraiki du bere diskurtsoa. Zergak jaistea baino, muga bat jarri nahi dio erregaien prezioari.
Gainera, proposatu du gutxieneko soldata 1.400 euro garbikoa izatea (200 euroko igoera), erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 60 urtera jaistea eta astean 35 orduko lanaldia izan beharrean 32 ordukoa izatea.
Intsumisoak pisuzko nazioarteko programa ere badu: Frantzia NATOtik ateratzea eta Europar Batasunaren itunak erreformatzea. Melenchonek Europarekiko jarrera ere baretu du, EBetik irteteko ideia alboratuz.
Frantziako ezkerra hainbat hautagaitzatan zatikatuta aurkeztu da, baina bere burua alternatiba seguru gisa aurkezten jakin du.
Urteetan zehar, Jean-Luc Melenchon Alderdi Sozialistako kide izan zen, eta senatari eta Irakaskuntza Profesionaleko ministro izatera iritsi zen. 2008an, Ezkerreko Alderdia sortu zuen, eta, harrezkero, diputatu izan da Asanblea Nazionalean eta Europako Parlamentuan.
Eric Zemmour (Errekonkista)
Eric Zemmour kazetaria eta tertulianoa izan da, bere jarrera eta iritzi erradikalengatik ezaguna. Presidentetzara aurkezteko asmoa erakutsi eta eskuin muturrenean bere lekua bilatu zuen. Zemmourren proposamenetako bat atzerritarrak masiboki kanporatzea da; immigrazio-politikei garrantzi handia ematen die.
Arreta handia eskuratu zuen hauteskundeetako lehen inkestetan. Hala ere, Errekonkistaren aldeko boto-asmoak beherantz egin du azken hilabeteotan immigrazioak eztabaida publikoan garrantzia galdu duen heinean.
Joan den otsailean, Lillen egindako mitin batean, hautagaiak immigrazioari eta segurtasunari buruzko diskurtsoa alde batera utzi zuen, eta erosteko ahalmenari buruz aritu zen, frantziarren kezka nagusienetako bat. Hala ere, immigrazioaren aurkako kritikak erakutsi zituen; egoera sozioekonomikoaren gainbehera etorkin musulmanei leporatu zien. Gai horretan, zergak eta gastu soziala jaistea proposatzen du Zemmourrek.
Hautagai polemikoak ere argi utzi du europar integrazioaren kontra eta Frantzia NATOtik ateratzearen alde dagoela.
Zure interesekoa izan daiteke
Istiluak izan dira Bartzelonan independentziaren aldekoen eta eskuin muturreko jarraitzaileen artean
Istiluak izan dira, gaur arratsaldean, Diada egunean Bartzelonan egin den manifestazioan, independentziaren aldeko manifestarien eta eskuin muturreko talde ezberdinen artean. Esquadra Mossoek dispositibo zabala ezarri dute, eta hainbat unetan kargak ere izan dira.
Milaka pertsonak hartu dute parte Bartzelonan, Gironan eta Ampostan egin diren Diadako manifestazioetan
Independentziaren aldeko sugarra bizirik eta indartsu dagoela aldarrikatu dute, gaur arratsaldean, Bartzelonan, Gironan eta Ampostan (Tarragona) egin diren Diada eguneko manifestazioetan. Bartzelonako ekitaldian, ANCk iragarri du independentziaren aldeko elkarteen goi-bilera deituko duela, datorren urterako "mobilizazio handi bat" antolatzeko. 2027an hamar urte beteko dira independentziaren aldeko erreferendumetik, eta bide horretan, beste mugarri bat ezarri nahi dute.
Lekunberrin, Irurtzunen eta Leitzan "izaera faxistako pintadak eta mehatxuak" agertu direla salatu dute EH Bilduk eta Geroa Baik
EH Bilduren arabera, pintadak "ia berdinak dira, ikur eta mehatxu nazi berberak dituzte". Geroa Baik, gorrotoaren aurrean, "bizikidetza, errespetu eta demokrazia gehiago" eskatu du.
Konstituzionalak atzera bota du Jaurlaritzak Estatuko Etxebizitza Legeari jarritako helegitea
2024an aurkeztu zuten helegitea, Iñigo Urkullu lehendakaria zen garaian, eta gobernukide zituen hiru sailburu sozialistek ez zuten babestu urrats hori. Gaur, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak txalotu egin du erabakia.
Melgosak ez du baztertzen Ceutatik adingabe migratzaileak Euskadira ekartzea, baina ohartarazi du "dagokiguna baino gehiago" hartzen ari garela
Eusko Jaurlaritzako sailburuak esan du adingabeen harrera-sarea "tentsiopean" dagoela, eta lehentasuna orain Euskadin daudenak artatzea dela, "etorriko direnak" baino lehen.
Hezkuntza Sailak irakurmena indartuko du bereziki, ikasleen maila hobetzeko
PISA txostenak utzitako emaitzen ondoren, ikasleen emaitzak hobetzeko lan-ildo berriak ezarriko ditu Hezkuntza Sailak. Ondorioetako bat da irakumenean jarri behar dela indarra.
Hauteskunde orokorretan ezkerreko indarrak lideratzeko hautagaitza aurkeztuko du Irene Monterok larunbatean
Podemoseko iturrien arabera, "ezkerreko hautagaitza argi eta garbi bat" antolatzea du helburu, baina ez dute zehaztu zein alderdi edo figura politikorekin egin nahi duen.
Euskal Herriko eta Kataluniako "herriak" aldarrikatu dituzte euskal alderdiek Diada egunean
Bartzelonan, Diada ospatzeko ekitaldietan, Aitor Esteban EAJko presidenteak ohartarazi duenez, "oker dabil Euskadi eta Katalunia beste edozein autonomia-erkidego bezala tratatu nahi dituena". Bestalde, "gure herrien eta nazioen eskubide nazional eta sozialak" aldarrikatu ditu Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak.
EH Bilduk Maria del Rio proposatu du Bilboko alkategai izateko
EH Bilduren Bilboko Mahai Politikoak Del Rio proposatu du 2027ko udal hauteskundeetarako, "bilbotarrak erdigunean jarriko dituen eta guztiei bizi-proiektu duinak garatzea bermatuko dien ziklo berri baten buru izateko".
Sahararrei espainiar nazionalitatea emateko legea onartu du Kongresuak
Saharar kolektiboen arabera, 80.000-120.000 pertsonak jaso dezakete nazionalitate hori.