Alderdi Komunistak Melenchonen aliantzarekin bat egin du ekaineko hauteskunde legegileei begira
Jean-Luc Melenchon buru duen Frantzia Intsumisoak bultzatutako aliantzan sartzea onartu du Frantziako Alderdi Komunistak astearte honetan.
"Aniztasuna eta autonomia errespetatuz, asmo handiko programa partekatzen dutenekin bat egin nahi dugu", azaldu du Alderdi Komunistak, BFMTV telebistak zabaldutako ohar batean.
"1936ko maiatzaren 3an, Fronte Popularrak hauteskunde legegileak irabazi zituen. 2022ko maiatzaren 3an Batasun Ekologiko eta Sozial Berri Batean elkartuko gara", idatzi du Fabien Rousselek komunisten idazkari nagusiak Twitter sare sozialean.
Alderdiaren gehiengo zabal batek babestu du akordioa. Horrela, 50 hauteskunde barrutitan hautagaitza aurkeztuko du, horietako 11tan garaipena lortzeko itxaropenarekin.
Besteak beste, 1.400 euroko gutxieneko soldata, soldata igoerak, 60 urterekin erretreta, prezioak izoztea edo trantsizio ekologikoa adostu dituzte bi indarrek, baina energia nuklearrari uko egiteko baldintzaren inguruan ez dute ezer zehaztu, nahiz eta komunistek defendatutako politika izan.
Honenbestez, komunistak, Frantzia Intsumisoa eta Berdeak elkarrekin aurkeztuko dira ekainaren 12ko eta 19ko bozetara; azken biek igandean akordio historikoa itxi zuten. Orain Alderdi Sozialistak koalizioarekin bat egiten duen ikusi beharko.
Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruzagiak botoen ia % 22 erdietsi zituen presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, eta ekaineko bozen ondotik lehen ministro izatekoa asmoa ez du ezkutatzen. Horregatik, ezkerreko aliantza bat bilatzen ari da.
Zure interesekoa izan daiteke
Podemosek zuhurtzia eskatu du, baina ez du baztertzen infiltratutako poliziak edo ultraeskuindarrak egotea istiluen atzean
Mikel Irujo eta Aitana Duque EAJren hautagaiak izango dira Nafarroako Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan
Deustu, istiluen biharamunean: 55.000 euroko kalteak zenbatu dituzte
ErNEk Alfonso Garaikoetxea kargugabetzea eskatu du, Bilboko istiluak direla eta
Insaustik ziurtatu du indarkeria ez dela itzuliko Donostiako kaleetara, Blocusen deialdien aurrean
Javier de Andrés: "Absentismo daturik txarrenak dituen erkidegoa gara"