Nazioarteak bizkarra eman dio Kataluniaren independentziari
Nazioarteak oraingoz ez du Kataluniaren independentzia aitortzen, eta herrialde eta erakunde gehienak Espainiako Gobernuaren neurrien alde agertzen dira.
Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak ohartarazi du "ezer ez" dela aldatzen Europako Batasunarentzat eta Espainia dela "solaskide bakarra".
Zentzu beren, Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen presidenteak Espainiako Gobernuaren erabakiak "errespetatzen" ditu: "Espainiako Estatuko prozesua da eta Gobernuaren erabaki guztiak errespetatzen ditut".
NATOk azpimarratu du "Espainiako Konstituzioaren barruan" konpondu beharreko arazoa dela, Espainia Aliantzaren kide den heinean. "Kataluniaren gaia barne gaia da eta Espainiako Konstituzio ordenaren barruan konpondu beharko litzateke", adierazi dute NATOko iturriek.
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen (NBE) idazkari nagusiak ere irtenbideak "Espainiako Konstituzioaren barruan bilatzeko" deia egin du.
Bestalde, Angel Gurria Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen buruak Espainiaren batasuna eta bertako legea eta Konstituzioa defendatu beharra aldarrikatu du.
AEBren Estatu Departamentuak ere egin ditu adierazpenak eta berretsi du "Katalunia Espainiaren parte" dela eta AEBko Gobernuak Espainiaren "batasuna eta indarra" mantentzeko Rajoyren Gobernuak hartu dituen neurriak babesten dituela.
Erresuma Batuko Gobernuak esan du ez duela aitortzen eta ez duela aitortuko independentzia aldarrikapena. "Legearen inperioa nola nagusitzen den, Espainiako Konstituzioa errespetatzen dela eta Espainiaren batasunari eusten zaiola ikusten jarraitu nahi dugu", adierazi du Theresa May lehen ministroaren bozeramaile batek.
Hala ere, Eskoziatik, bertako Gobernuak esan du "ulertzen" eta "errespetatzen" duela independentzia aldarrikapena, elkarrizketa abian jartzeko ahaleginei Espainiako Gobernuak muzin egin dielako "behin eta berriz".
Alemaniako Gobernuak esan du ez duela independentzia aitortzen, eta Espainiako Gobernuaren neurriak babesten dituela "Espainiaren lurralde osotasuna mantentzeko".
Italiak "ez du aitortu eta ez du aitortuko" Kataluniaren independentzia aldarrikapena, Angelino Alfano bertako Atzerri ministroaren esanetan, eta "oso keinu larri"tzat jo du Parlamentaren erabakia.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan du Espainiako Gobernua dela bere "solaskide bakarra", eta azpimarratu du Estatuko "barne arazoa" dela Katalunian gertatzen ari dena.
Bestalde, Charles Michel Belgikako Barne ministroak berretsi du elkarrizketa dela bidea, Espainiako eta nazioarteko legearen barruan. "Irtenbide baketsua eskatzen dugu, ordena nazionala eta nazioartekoa errespetatuz beti ere", adierazi du Michelek Twitterren.
Independentzia aldarrikapena txalotu dutenen artean Gerry Adams Sinn Fein irlandarraren burua dago, "Estatua" sortzeko bidean pauso historikoa delako.
Portugaldik, Antonio Costa lehen ministroak Espainiako Estatuaren batasuna babestu eta Konstituzioaren barruko elkarrizketaren bidea goraipatu du.
Atzerri Ministerio espainiarraren bideoa
Bien bitartean, nazioarteari begira, Espainiako Atzerri Gaietarako Ministerioak bideoa zabaldu du sare sozialetan Kataluniak Espainiako Estatuaren parte izaten jarraitzen duela berresteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Jaurlaritzak adierazi du adingabeen harrera zentroen sistema "tentsionatuta" dagoela; Garmendia Ceutako haurrak hartzearen alde dago
Zapaterok epaileari jakinarazi dio bere bulegoan aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri