Matxinada eta sedizioa egotzi die fiskalak Generalitateari eta Mahaiari
Estatuko Fiskaltza Nagusiak kereila aurkeztu du Auzitegi Nazionalean Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen eta kargugabetutako 13 kontseilarien kontra —Santiago Vila kontseilaria barne, dimisioa aurkeztu zuen arren— matxinadagatik, sedizioagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik. Horrez gain, beste kereila bat aurkeztu du Auzitegi Gorenean Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideen aurka, delitu berengatik. Parlamentuko kideak forudunak dira, eta horregatik Gorenera jo du Fiskaltzak.
Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusiak egin du iragarpena, galderarik onartu ez duen prentsaurreko batean.
Deklaratzera lehenbailehen deitzea eskatu du Fiskaltzak, eta oraingoz, ez du kautelazko neurririk galdegin. Dena dela, Mazak ohartarazi du gerora eska ditzakeela "egoeraren zein egotzitako delituen larria tarteko".
Hala, erantzukizun zibilari aurre egiteko 6,2 milioi euroko fidantza edo bermea ezartzea galdegin du kereiletan.
Auzitegi Nazionalean aurkeztutako kereila "Generalitateko arduradun politiko nagusien kontrakoa" dela zehaztu du Mazak. "Azken bi urteotan hartu dituzten erabakiekin eta egin dituzten ekintzekin krisi instituzionala eragin dute, independentzia aldarrikapen batekin burutu dutena". "Gure Konstituzioa mesprezatu dute", erantsi du fiskalburuak.
Gorenean aurkeztutako kereila oraindik forudunak diren Diputazio Iraunkorreko kideen kontra aurkeztu du Mazak. Fiskaltzaren arabera, Parlamentuko presidenteak eta bost diputatuek "independentzia prozesua burura eramatea" ahalbideratu zuten independentzia aldarrikapenaren bozketa baimenduta.
Estatuko fiskal nagusiak nabarmendu duenez, "hemendik aurrera, inpartzialtasunez eta legea zorrotz beteta jarduten jarraituko du Fiskaltzak, Zuzenbide Estatua, ordena konstituzionala eta bizikidetza errespetatuko dela bermatuz. Horiek denak modu larrian kaltetu dituzte kereilotan salatutako ekintzek".
Zure interesekoa izan daiteke
Jaurlaritzak adierazi du adingabeen harrera zentroen sistema "tentsionatuta" dagoela; Garmendia Ceutako haurrak hartzearen alde dago
Zapaterok epaileari jakinarazi dio bere bulegoan aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri