Altsasuko auziaren epaiketa, egunez egun
Altsasuko auziaren epaiketa gaur amaitu da Auzitegi Nazionalean. Zortzi auzipetuei terrorismoa leporatzen diete, 2016ko urriaren 15eko goizaldean Koxka tabernan bi guardi zibili eta haien bikotekideei eraso egitea egotzita.
Altsasuko gazteek ukatu egin dute liskar hartan parte hartu izana. Alabaina, 12 eta 62 urte arteko kartzela-zigorrak eskatu dituzte haientzat.
Hona hemen 2018ko apirilaren 16an hasi zen epaiketa luzea, laburbilduta:
LEHEN SAIOA | Altsasuko zortzi auzipetuek bertsio ofiziala ukatu dute
Epaiketaren lehen saioan, zortzi auzipetuek deklaratu zuten. Erasoan parte hartu izana eta Ospa Mugimenduko kide izana ukatu zuten.
Egun hartan entzun zen lehen aldiz akusatuen bertsioa. Jokin Unamunok, esaterako, inor jo ez zuela azpimarratu zuen, "ez barruan, ez kanpoan, ezta tabernaren sarrera ere". Adur Ramirez de Aldak, ostera, gau hartan Koxka tabernan izan ez zela eta etxera goizaldeko 02:00ak aldera joan zela, hots, liskarra gertatu baino arinago joan zela azaldu zuen.
Biek ia bi urte daramatzate espetxean.
BIGARREN SAIOA | Bizitza arriskuan ikusi zutela adierazi dute guardia zibilek
Apirilaren 17ko saioan, Guardia Zibileko tenienteak eta sarjentuak deklaratu zuten. Jipoi handia jasan zutela, 15-20 lagunek kolpatu zituztela eta euren bizitza arriskua ikusi zutela adierazi zuten.
"Alde guztietatik kolpatu gintuzten, sorbaldan, hanketan eta, batez ere, buruan", zehaztu zuen tenienteak.
Agenteak akusatuetako batzuk identifikatu zituen, tabernan izan zirela esan zuen, baina aitortu zuen ezin zuela ziurtatu liskarrean parte hartu zuten edo ez.
HIRUGARREN SAIOA | Koxka tabernako jabeak eta zerbitzariak ez zuten liskarrik ikusi
Apirilaren 18ko saioan, Koxka tabernako jabeak eta zerbitzarietako batek deklaratu zuten lekuko gisa eta 2016ko urriaren 15eko goizaldean, lokal barruan, borrokarik ikusi ez zutela nabarmendu zuten.
Gainera, tabernako jabeak ohartarazi zuen atestatuaren jasotako adierazpen batzuk ez direla bereak.
LAUGARREN SAIOA | Lekuko bat: "Akusatuetako batzuk ez lirateke hemen egon behar"
Apirilaren 19ko saioan, denfentsak deitutako hainbat lekukok deklaratu zuten. Horietako batek esan zuen liskarra ikusi zuela eta "akusatuetako batzuk hemen –epaiketan-" egon behar ez zutela, tartean Jon Ander Cob.
Lekuko horren arabera, ez zen Koxka tabernan egon istiluak izan zirenean, gertakariak izan eta gero iritsi zen.
BOSGARREN SAIOA | Adur etxean zegoen eta ez zen berriro atera, bere amaren arabera
Apirilaren 20ko saioan defentsak deitutako hogei bat lekuko deklaratu zuten eta guztiek akusatuen bertsioa berretsi zuten.
Tartean, Adur Ramirez de Aldaren amak deklaratu zuen. Isabel Pozuetak azaldu zuen senarrarekin eta ahizparekin pilota partida bat ikustera joan zirela Altsasuko frontoira, eta han semea ikusi zuela, lagun koadrilarekin. Partida amaitzean, pare bat pote hartu zituzten bi tabernatan, eta segidan etxera joan ziren, biharamunean egitekoa baitzuten (Pozuetak lasterketa batean parte hartu behar zuen).
Etxera heltzean (02:15-02:30 aldera), Adur topatu zuten sukaldean, eta partidaz apur bat mintzatu ostean, ohera joan ziren denak. Gaztea ez zen etxetik berriro atera, amaren esanetan.
BOSGARREN SAIOA | Epai-mahaiak frogatzat onartu du Adur Ramirez agertzen den ETBren bideoa
Bestalde, apirilaren 20ko saio horretan, Auzitegi Nazionaleko epai-mahaiak froga gisa onartu du 2016ko urriaren 14an ETBk Altsasuko frontoian hartutako irudiak.
Irudi horietan Adur Ramirez ageri da, arropa ilunekin jantzita, eta ez kamiseta gorri batekin, bere kontrako akusazioan aipatzen den moduan.
Era berean, epai-mahaiak frogatzat onartu du Iñaki Abad auzipetuak Koxka tabernaren kanpoaldean grabatu zuen bideoa. Guardia Zibilaren sarjentuak eskukada eman zion bideo hori grabatzeagatik.
SEIGARREN SAIOA | Lesioak biktimen kontaketarekin bat datozela esan du auzitegi medikuak
Apirilaren 23ko saioan biktimak aztertu zituen auzitegi medikuak deklaratu zuen. Lesioak guardia zibilek eta haien bikotekideek egindako deklarazioarekin "bat zetozela" adierazi zuen. Laurek azaldutakoaren arabera, "hainbat pertsonek ukabilkadak eta ostikoak" eman zizkieten.
Alabaina, auzitegi medikuak onartu zuen gertakariak jazo eta hilabetera (azaroaren 10ean) egin ziela azterketa, eta Nafarroako Ospitaleguneko sendagileen txostenak eta guardia zibilen eta haien bikotekideen kontakizuna baino ez zituela aintzat hartu.
ZAZPIGARREN SAIOA | Ospa Mugimendua ETArekin lotzen saiatu da Guardia Zibila
Apirilaren 24ko saioan Guardia Zibilaren hiru perituk deklaratu zuten. Hain justu, agente horiek egindako txostenean oinarrituta auzipetu zituzten terrorismoa egotzita Altsasuko zortzi gazteak.
Guardia zibilen arabera, Ospa Mugimendua ETAk hasitako 'Alde Hemendik' kanpaina jarraitzeko sortu zen, Estatuko segurtasun indarrak Euskal Herritik kanporatzea bilatzeko, alegia.
Hala ere, eta defentsaren galderei erantzunez, agenteek onartu zuten froga gisa aurkeztutako dokumentu gehienak 90eko hamarkadakoak direla eta horietako batek ere ez duela Ospa Mugimendua ETArekin lotzen.
ZORTZIAGARREN SAIOA | Iñaki Abaden bideoak Guardia Zibileko sarjentuaren testigantza gezurtatu du
Apirilaren 25eko saioan Iñaki Abad auzipetuak 2016ko urriaren 15ean izandako liskarrean sakelako telefonoarekin grabatutako bideoa ikusi zuten, egun batzuk lehenago epai-mahaiak froga gisa onartu ostean.
Irudi horiek gezurtatu egin zuten Guardia Zibileko sarjentuak emandako bertsioa. Lurrera bota zutela eta hainbat aldiz kolpatu zutela esan zuen honek, baina bideoan argi ikusten da soinean daraman alkandora zuria garbi dagoela, eta ez hautsita eta odolez zikinduta.
Era berean, eta Abadek epaiketan deklaratu bezala, sarjentuak eskuarekin jo egin ziola eta telefono mugikorra lurrera bota ziola ikus daiteke.
BEDERATZIGARREN SAIOA | Fiskalak berretsi egin du Altsasuko liskarra ekintza "terrorista" izan zela
Apirilaren 26ko saioan fiskalak bere ondorioak aurkeztu zituen. Fiskalaren arabera, 2016ko urriaren 15ean Koxka tabernan gertatutakoa "ez zen borroka edo liskar bat izan, helburu terroristarekin guardia zibilen kontra egindako erasoa izan zen".
Horrenbestez, eta delitu terroristak egotzita, 12 eta 62 urte arteko kartzela-zigorrak eskatu zituen zortzi auzipetuentzat.
AZKEN SAIOA | Defentsak ukatu egin du terrorismoa izan zela eta absoluzioa eskatu du
Maiatzaren 3ko eta 4ko saioetan akusatuen abokatuek euren ondorioak aurkeztu zituzten. Gertakariak "handietsi" egin direla, "ustekabeko liskarra" izan zela, eta ez aurretik pentsatutako erasoa, azpimarratu zuten.
Era berean, "astakeria juridikotzat" jo zuten gertatutakoa terrorismotzat jotzea eta akusatuak liskar horretan parte hartu zutela frogatu ez dela nabarmendu zuten.
Gauzak horrela, zortzi gazteen absoluzioa eskatu zuten.
Zure interesekoa izan daiteke
Italiatik datozen bidaiarien kontrol aleatorioak egiten jarraitzen dute Bilbon
Larunbat goizean ezarri dituzte kontrolak Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan, aldiz, ordu batzuk lehenago hasi ziren ausazko kontrolak egiten.
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.