Ehunka lagun bildu dira Euskal Herrian Kataluniako Errepublikaren alde
Ehunka lagun atera dira kalera Euskal Herrian Kataluniako Errepublikaren alde eta espetxean eta erbestean dauden politikari independentistak aska ditzatela eskatzeko.
Kataluniako erreferendumaren lehen urteurrena dela eta, Independentistak sareak elkarretaratzeak deitu ditu Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Bilkura guztietan, ikurrinak, Kataluniako bandera independentistak, Errepublikaren aldeko leloak edo preso politikoak askatzea galdegiten duten kartelak izan dira.
Bilbon, Arriaga plazan egindako elkarretaratzean, 200 bat lagun izan dira. Duela urtebete, Kataluniako prozesu independentistak "urrats handia" eman zuela eta, "Estatu espainiarraren errepresio basatiari aurre eginez", herritarrak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko gai izan zirela azpimarratu dute amaieran irakurritako adierazpenean.
Donostian, Gasteizen eta Iruñean ere, ehunka lagun elkartu dira. Donostian, esaterako, Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak hartu du hitza.
Ariznabarretak esan du Kataluniari "laguntzeko modurik onena" Euskal Herrira begiratzea dela, "hemen ere Kataluniak beste dugulako jokoan".
"Euskal Herrian prozesu subiranista bat abiarazteko eta Kataluniarekin batera Estatuaren errepresioari eta autoritarismoari aurre egiteko estrategia komun bat lantzeko unea dela uste dugu", nabarmendu du.
Bego Olaizola Kataluniako Asanblea Nazionalak Euskal Herrian duen ordezkariak adierazi du Generalitateak erreferendumeko "mandatua bete" egin behar duela, eta gogoratu du mandatu hura joan den abenduko hauteskundeetan berretsi zutela herritarrek.
Zure interesekoa izan daiteke
Sakabanaketaren ondorioz auto istripuz hildako 16 pertsonak biktima gisa aitortzea eskatu du Etxeratek
Lore eskaintza egin dute Eusko Legebiltzarrean, Memoriaren Egunean
Alberto Alonso (Gogora): “Hau da hamabost urtez bakean bizi garen lehen aldia"
Albiste izango dira: Memoriaren Eguna, greba Renfen, protoien azeleragailua Donostian eta A11ko greba orokorraren bezpera
Euskal erakundeek biktimak omenduko dituzte Memoriaren Egunean
Eusko Jaurlaritzak elektrifikazioa eta eskualdeen arteko lankidetza defendatu ditu COP31n
90 urte bete dira Agirre lehendakariak ikurrinari ofizialtasuna eman zionetik
ETAri aurre egin zioten enpresariei omenaldia: "Zuek gabe, ez ginateke gaur gauden lekuan egongo"
Biloben legearen bidez nazionalizatutakoen seme-alabei botoa ematen utziko die Auzitegi Gorenak