EAEko herritarren % 45,2k Euskadi nazio gisa aitortzea babesten dute
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren ia erdiek (% 45,2) Euskadi nazio gisa aitortu dadila babesten dute eta horietatik laurdenak (% 25) autodeterminazio eskubidea aitortzearen alde daude, gaur argitaratu den Euskobarometroaren udazkeneko inkestaren datuen arabera. Gainera, inkestatuen % 74,1ek ez dute interesik edo interes gutxi dute autogobernuaren eztabaidaren inguruan.
Udazkenean, urriaren 15etik azaroaren 9ra, egindako 1.200 galdeketak oinarri hartuta osatu du EHUko Zientzia Politikako Sailak bere azken inkesta, eta gaur prentsaurrekoan azaldu ditu emaitzak Francisco Jose Llera irakasleak.
Gernikako Estatuaren aurrean dauden alternatiben inguruan galdetuta, % 21 dagoen bezala uztearen aldekoak dira, % 33 falta diren transferentziak eskualdatuta gustura leudeke. Itaundutakoen % 25k uste dute estatutua erreformatu eta autogobernua handitu beharko litzatekeela, aitzitik, % 11 independentziaren alde daude.
Autogobernuaren formula alboratuta, herritarren % 28,8k "independentzia nahi handiak" dituzte. Horren aurrean, hamar herritarretatik sei pasatxok (% 61,3) ez dute interesik (% 36,8) edo interes gutxi dute (% 24,5).
Halaber, independentziari buruzko erreferenduma egingo balitz, ezetzak irabaziko luke (botoen % 39, duela dela sei hilabete baino zortzi puntu gutxiago), eta baietzaren aldeko hautua % 32an mantenduko litzateke. Herritarren % 15,6k abstentziorako joko luke; % 13k ez du iritzirik eman nahi izan.
Presoak
Presoen auziaz ere galdetu diete herritarrei. Birgizarteratzeko neurriak sustatzearen aldekoak % 38 dira, duela sei hilabete baino zortzi puntu gutxiago, betiere presoek "damua agertu eta armak uzteko konpromisoa" hartzen badute.
Horien aurrean, % 31,4k uste dute neurri horiek soilik erabil daitezkeela hilketa deliturik ez dituzten presoekin, eta herritarren % 20 ez daude prest barkatzeko, uste baitute denek zigorra osorik bete behar dutela.
Kezka nagusiak
Euskobarometroak zabaldutako datuen arabera, langabezia da oraindik ere herritarren kezka nagusia (% 48), baina kezka horrek hiru puntu egin du behera. Horien atzetik, ezberdintasun sozialak eta ongizatea (% 19) eta egoera politikoa (% 10) aipatu dituzte herritarrek.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak elektrifikazioa eta eskualdeen arteko lankidetza defendatu ditu COP31n
90 urte bete dira Agirre lehendakariak ikurrinari ofizialtasuna eman zionetik
ETAri aurre egin zioten enpresariei omenaldia: "Zuek gabe, ez ginateke gaur gauden lekuan egongo"
Biloben legearen bidez nazionalizatutakoen seme-alabei botoa ematen utziko die Auzitegi Gorenak