Altsasu auziko helegitea asteazkenean aztertuko du Auzitegi Gorenak
Auzitegi Gorenera iritsiko da datorren asteazkenean, irailaren 18an, 'Altsasu auzia'. Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteen kontra ezarritako zigorra berresteko eskatu zion Fiskaltzak Auzitegi Gorenari.
Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak bi eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri zien auzipetuei, 2016ko urriaren 15ean bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarrengatik, terrorismoa egotzi ez arren. Agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egotzi zizkieten.
Fiskaltzak ez zion epaiari helegitea jarri, eta, beraz, bi urte eta erdiren ostean, terrorismorik ez zegoela onartu zuen, ebazpenak esan zuen bezala. Beste akusazioek ere, Guardia Zibilen Elkarte Bateratuak eta Covitek, ez errekurritzea erabaki zuten.
Hori bai, zortzi auzipetuek euren absoluzioa eskatuz jarritako helegiteak inpugnatu egingo ditu Fiskaltzak asteazkeneko saioan.
Iñaki Abad, Jokin Unamuno, Ohian Arnanz, Jon Ander Cobo, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola, Adur Ramirez eta Ainara Urkijo dira zigortutako gazteak, eta horietako zazpi daude kartzelan; batzuek 1.000 egun baino gehiago daramatzate preso.
Hasieratik, gazteen gurasoek auzia "muntaia mediatikoa, poliziala, politikoa eta juridikoa" dela salatu dute.
Zigorra berresteko froga nahiko dagoela uste du fiskalak, eta Auzitegi Nazionaleko magistratuen ustezko alderdikeria ukatu egin du behin baino gehiagotan.
Zure interesekoa izan daiteke
Denis Itxaso: “Etxegabetze guztiak ez dira ezin ordaintzeagatik”
Richar Vaquero, Blocusi buruz: "Norbaiti asko-asko interesatzen zaio mobilizazioetan istiluak egotea"
Gaur egingo dira Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"