Sanchezen inbestidura eztabaida urtarrilaren 4an, 5ean eta 7an egingo dute
Pedro Sanchez hautagai sozialistaren inbestidurarako eztabaida urtarrilaren 4an, 5ean eta 7an egitea erabaki du Meritxell Batet Kongresuko presidenteak, talde parlamentarioetako ordezkariei astearte honetan jakinarazi dienez.
Azaroaren 10eko hauteskundeetako emaitzak ezagutu bezain laster, Sanchez Gabonak iritsi aurretik presidente izenda zezaten lan egingo zuela ziurtatu zuen PSOEk. Alabaina, handik denbora gutxira urte amaieraz hitz egin zuten, eta Errege eguna baino lehen inbestitzea izan zen alderdi sozialistak hizpide izan zuen azken data.
Alabaina, ERCren abstentzioa funtsezkoa da Sanchez presidente izendatzeko. Tesuinguru horretan, bi alderdien arteko negoziazioak uste baino gehiago luzatu dira, batik bat, Oriol Junquerasek eurodiputatu gisa duen immunitateari buruz Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaiagatik.
Azkenik, Kongresuko presidenteak, inbestidura-saioak deitzeko ahalmena duenak, hautagai sozialistaren inbestidura eztabaida urtarrilaren 4an, 5ean eta 7an egitea erabaki du. Izan ere, aurreikusi daitekeenez, Sanchezek ez du lehen itzulian inbestitua izateko behar duen gehiengo osoa (176 boto) lortuko.
Kongresuko Presidentetzako iturriek jakitera eman dutenez, hautagai sozialistaren inbestidura eztabaida zein egunetan egingo duten jakinarazi die jada Batetek talde parlamentarioetako ordezkariei, eta, deialdi formala, ostegun honetan, urtarrilak 2, egingo dute.
Larunbatean, Casado eta Abascalen txanda
Inbestidura-saioetan ohikoa izaten ari denez, eztabaida larunbatean, urtarrilak 4, hasiko da, presidente izateko Espainiako erregeak Kongresuaren presidenteari proposatutako hautagaiaren irakurketarekin. Hortik aurrera, hautagaiaren txanda izango da, eta bere gobernu programaren gako nagusiak azalduko dizkie diputatuei, horretarako denbora mugarik gabe.
Ondoren, Kongresuan ordezkatuta dauden talde parlamentarioen txanda izango da, eta, ordezkari gehien dituztenetik hasita hartuko dute hitza bozeramaileek. Hala, hautagai sozialistaz gain, larunbatean ondorengo diputatuek hitz egingo dute: Pablo Casadok (PP), Santiago Abascalek (Vox), Pablo Iglesiasek (Unidas Podemos) eta Gabriel Rufianek (ERC).
Bestalde, Ines Arrimadasek (Ciudadanos), Aitor Estebanek (EAJ), Mertxe Aizpuruak (EH Bildu), eta Talde Pluraleko -Junts, MasPais-Equo, Coalicion Canaria, Nueva Canarias, Compromis, Bloque Nacionalista Galego (BNG), Partido Regionalista de Cantabria (PRC) eta Teruel Existe- eta Talde Mixtoko –UPN, Foro Asturias eta CUP- ordezkariek baliteke igandean hitz egitea.
Inbestidura eztabaida igandean amaituko da, urtarrilaren 5ean, Errege bezperan, Sanchezek talde guztiei erantzun eta diputatuek botoa eman ostean, bata bestearen atzetik, euren izena esaten dutenean. Hautagai sozialistari babesa ematen dioten edo ez esan beharko dute.
Testuinguru horretan, Sanchezek Unidos Podemosen (35), EAJren (6), Mas Paisen (2) eta PRCko (1) ordezkarien babesa du bermatuta, baina 164 boto horiek ez dira nahikoa igandeko lehen bozketa horretan presidente izendatua izateko, gehiengo osoa lortzeko 12 boto gehiago behar dituelako.
Gauzak horrela, Sanchezek 48 ordu itxaron beharko ditu, hau da, urtarrilaren 7ra arte, lehen saiakeran behar den gehiengo osoa (176 diputatu) lortzen ez badu.
ERCren abstentzioa, beharrezkoa
Saio horretan, presidente izendatzeko aukera gehiago izango ditu Sanchezek, bigarren itzulian aldeko boto gehiago behar baititu aurka baino. Kasu horretan, ERCko (13 eserleku) eta EH Bilduko (5) diputatuen abstentzioak 150 boto dituen eskuineko blokeari (PP, Ciudadanos eta Vox) irabaztea ziurtatuko luke, eta horiei Juntseko zortzi diputatuak, CUPeko biak, UPNko beste hirurak eta Foro Asturiasekoak batuko litzaizkieke.
Ildo horretatik, ERCren Kontseilu Nazionalak ostegun honetan erabakiko du zuzendaritzak PSOErekin lortutako akordioa babesten duen ala ez. ERCren iritziz, itun horrek Kataluniako gatazka bideratzeko "bide politikoa aktibatzea" ahalbidetuko luke.
Halaber, urtarrilaren 2tik 3ra bitartean, buruzagi sozialistaren inbestiduran abstenitzeko proposamena egingo die EH Bilduk bere militanteei. Izan ere, koalizio abertzalearen esanetan, "PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio-gobernua Espainian eratzea ahalbidetuz, egungo egiturazko arazo larriak konpontzeko aukera zabaltzen da".
Oraindik ikusteke dago zer egingo duten Compromis, BNG, Teruel Existe, Coalicion Canaria eta Nueva Canarias alderdietako diputatuek, bere garaian Sanchezen inbestidura ahalbidetuko zutela esan baitzuten.
Bigarren saio horretan, hautagai sozialistak hamar minutu izango ditu Kongresuko diputatuen babesa eskatzeko, eta, talde parlamentarioetako ordezkariek, bost minutu izango dituzte erantzuteko.
Eztabaida amaitutakoan, bigarren bozketa hasiko da, eta hautagaiari gehiengo soila (baiezkoak ezezkoak baino gehiago) nahikoa izango zaio. Hala, ERCren abstentzioari esker Sanchez presidente izendatuko dutela dirudi.
Sanchezen hirugarren ahalegina
PSOEk bere Batzorde Exekutibo Federala deitu du ostiralerako, urtarrilaren 3rako, inbestidurari begira ERCrekin lortutako akordioaren berri eman eta berresteko, iturri sozialistek jakitera eman dutenez.
Pedro Sanchezen hirugarren inbestidura eztabaida izango da hori, 2016ko martxoan Gobernuko presidente izaten saiatu baitzen, baina ez zuen arrakastarik izan, eta uztailean, ez zuenez akordioa lortu Unidos Podemosekin, hauteskundeak deitu zituen.
Zure interesekoa izan daiteke
Burlatako Udalak aho batez gaitzetsi du UPNko zinegotzi bati jaietan egindako erasoa
Pasa den larunbatean Carlos Oto UPNko zinegotziari eraso egin zioten alderdi erregionalistaren egoitzan, hainbat alderdikide eta beste hainbat pertsona bilduta zeudela.
"Errealitatea makillatzea" egotzi dio Ceutako presidenteak Gobernuari, eta krisia konpontzeko 30 egun eman dizkio
Juan Vivasek gogor kritikatu du Gobernua uztailaren 30ean eta 31n Marokotik 70.000 pertsona inguru hiri autonomora sartu ondoren sortu den migrazio-krisiaren aurrean "erantzun ezagatik" eta "pasibotasunagatik". Agerraldi batean, Vivasek galdetu du ea Gobernuaren pasibotasunak Maroko "ez molestatzea" bilatzen duen, eta iragarri du botere judizialera eta beste estamentu batzuetara joko duela krisia 30 eguneko gehieneko epean konpontzen ez bada.
Javier Lasagabaster hil da, Lurralde Politika eta Herri Lan sailburua 1980 eta 1984 artean
Lasagabaster Carlos Garaikoetxea buru zuen Jaurlaritzako kide izan zen lehen legegintzaldian, 1980 eta 1984 artean.
Burlatako jaietan zinegotzi bati egindako erasoa salatu du UPNk
Alderdiaren esanetan, Carlos Otok bularrean kolpea jaso zuen UPNren egoitzan. Nafarroako presidenteak eta hainbat alderdik erasoa gaitzetsi dute eta babesa agertu diote zinegotziari.
Baionako eta Sarako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak atzera bota ditu, behin-behinean, Paueko Auzitegiak
Euskara lekuko hizkuntza modura aitortzen duen ebazpen onartu zuen Sarako herriko etxeak uztailaren 2an eta Baionakoak 23an. Prefetaren eskariari men eginez, Paueko Auzitegi administratiboak bertan behera utzi ditu bi ebazpenak. Bi udalek helegitea aurkeztuko dute astelehenean bertan.
Monica Garciak ukatu egin du Ceutan osasun-kolapsorik dagoenik, eta pilaketen arriskuaz ohartarazi du
Osasun ministroak azken 15 egunetan 5.800 migratzaile artatu dituztela azaldu du, eta arrisku sanitario eta epidemiologikoak prebenitzeko gune gehiago eskatu ditu.
PPk gobernatutako autonomia-erkidegoek uko egin diote Ceutako adingabe migratzaileen arreta hurrengo Sektore Konferentzian eztabaidatzeari
Abuztuaren 27ko Sektore Konferentzia izango da Ceutan atzerritarren sarrera masiboa izan zenetik egingo den lehena. Ceutarako 25 milioi euroko aparteko kredituaren transferentzia ere aztertuko dute, bakarrik dauden adingabe migratzaileen arretari lotuta.
Ceutako adingabeak familiekin elkartzea defendatzen du Euskadik, banatu beharrean
Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak esan duenez, Euskadik "ez du onartuko inposatutako, inprobisatutako edo bermerik gabeko deribaziorik", eta gogorarazi du EAEk dagoeneko bere ahalmenaren gainetik hartzen dituela adingabeak.
Marlaskak segurtasun neurriak indartu ditu Ceutan, eta Marokorekiko lankidetza aldarrikatu du
Barne ministroak iragarri duenez, 45 polizia gehiago bidaliko dituzte Ceutara, herritarren segurtasuna indartzeko asmoz. Oraindik ez da erabat berreskuratu normaltasuna hirian, nahiz eta modu irregularrean sartu ziren migratzaile gehienak itzuli.
Sei atxilotu Gasteizen, Espainiako selekzioaren kamiseta zeraman gazte bati eraso egiten saiatzea egotzita
Futboleko Munduko Txapelketa baino egun batzuk lehenago gertatu omen zen. Atxiloketetako bat astelehenean izan zen, eta beste bostak asteartean.