Ayuso nabarmen gailendu da Madrilgo bozetan, baina Voxen babesari esker aginduko du
Isabel Diaz Ayuso PPren hautagaiak garaipen zabala lortu du Madrilgo Erkidegoko hauteskundeetan, eta Voxen babesarekin (dagoeneko iragarri du inbestidura erraztuko diola) berriro izango da presidente, ezustekorik ezean.
Botoen % 99,73 zenbatuta, Ayusok 65 eserleku lortu ditu (69 behar dira gehiengo osoa izateko), Voxek 13, Mas Madridek 24, PSOEk 24 eta Unidas Podemosek 10. Ciudadanos Parlamentutik kanpo geratuko da.
Ayusok ezkerreko blokeak (PSOE, Mas Madrid eta Unidas Podemos) baino babes handiagoa lortu du, bai eserlekuetan, bai botoetan. Bestalde, Mas Madridek aurrea hartu dio PSOEri.
Azkenik, Vox ia berdin geratu da (eserleku bat gehiago), eta Unidas Podemos 7tik 10era igo da.
Parte-hartzea inoizko altuena izan da, % 76,25ekoa, pandemia betean eta lanegun batean izan den arren. 2019ko hauteskundeen aldean % 12koa izan da igoera, eta gaurdaino altuena zen 1995eko hauteskundeetakoa baino % 6 altuagoa.
Boto-emaile horietatik, 10etik lauk baino gehiagok (% 44) Ayusori eman diote botoa, % 17k Monica Garciari (Mas Madrid), % 17k Angel Gabilondori (PSOE), % 9k Rocio Monasteriori (Vox) eta % 7k Pablo Iglesiasi (Unidas Podemos).
Aurreko hauteskundeetan, 2019an, PPk 30 eserleku lortu zituen (+35), PSOEk 37 (-13), Mas Madridek 20 (+4), Voxek 12 (+1), Unidas Podemosek 7 (+3) eta Ciudadanosek 26 (-26).
Adierazpenak
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidente eta PPren hautagaiak esan duenez, "askatasunak berriro ere arrakasta izan du Madrilen".
"Espainia beste gauza bat da, Sanchez jauna. Espainia Madrilen hasi zen. Madril Espainia dela esaten dugunean, hemen txoko bakoitzeko onena bakean eta askatasunean bizitzera datorrelako da", esan du, hunkituta, PPren egoitzan, Genova kalean, Pablo Casado alderdiko presidentea ondoan zuela, ehunka lagunen aurrean.
Ayusok aldarrikatu du "sanchismoak" ez duela ulertu erkidegoan dagoen "askatasuna", ezta "madrildarraren bizimodua" ere.
Madrilgo presidentearen ustez, botereen banaketak eta "hipokresiaz Moncloatik gobernatzeko modua amaitzear da".
Monica Garcia Madrilgo hauteskunde autonomikoetarako Mas Madrid alderdiko hautagaiak hartu du Isabel Diaz Ayusoren PPren oposizioaren gidaritza, PSOE botoetan gainditu ostean, "erkidegoan alternatiba eta aldaketa zuzenduko duen indar politikoa izateko konpromisoa eta erantzukizuna" bere gain hartuta.
"Gaur gauean agerian geratu da espazio politiko berdea, feminista eta madrildarra dagoela, eta ez dela soilik bere horretan geratzen, hazteko tarte handia baitu", adierazi du Garciak hedabideen aurrean, eta "bi urte barru egingo diren hauteskundeetarako atzera-kontua hasi da", iragarri du.
Angel Gabilondo Madrilgo Autonomia Erkidegorako PSOEren hautagaiak emaitzak jakin ostean aitortu duenez, "ez dut lortu eztabaida sosegatu baterako espazioak irekitzea".
Hala esan die kazetariei, bere hautagaitzako eta PSOEko exekutiboko kideak aldamenean zituela, PSOEk Madrilen inoiz izan duen emaitzarik txarrenaren berri izan eta gero.
"Ni ez naiz gai izan eztabaida lasai baterako espazio horiek irekitzeko, eta ez dut inoren aurka egingo horrela izan delako", esan du.
Rocio Monasterio Vox alderdiko hautagaiak iragarri duenez, gobernatzeko Voxen botoak beharko dituztela azpimarratu du.
"Espainia osorako norabide aldaketa baten hasiera da. Ezkerra gelditzeko esan genuena bete dugu", adierazi du Monasteriok.
Halaber, datozen egunetan Madrilgo Erkidegoan Isabel Diaz Ayuso presidente izendatzea erraztuko dutela gaineratu du.
Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak politikagintzan dituen ardura guztiak uztea erabaki duela jakinarazi du emaitzak jakin ostean.
"Ez dut jende gehiago erakartzen laguntzen. Demokraziaren aurkako instintu makurrena mobilizatzen duen pertsona bihurtu naiz", azaldu du agerraldi batean.
Bestalde, Edmundo Bal Ciudadanos alderdiko hautagaiak esan duenez, nahiz eta alderdi laranjak "emaitza kaskarra" lortu Madrilgo hauteskundeetan (Asanbleatik kanpo geratu da), bihar proiektu horren alde lan egiten jarraituko dute eta "muturren eta polarizazioaren antidotoa" izaten jarraituko dute.
"Ez dugu jakin jendeari zentro politikoaren erabilgarritasuna azaltzen", onartu du Balek, alderdi laranjak hauteskundeetan izandako porrotaren ostean egindako agerraldian; izan ere, 26 eserleku zituen, eta orain ez da % 5era ere iritsi.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.