Zatiketa politikoak Memoriaren Eguna markatu du berriro
PP+Cs-k eta Voxek ez beste alderdiek Memoriaren Eguna ospatu dute asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea buru, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jaurlaritzako sailburuak, Gasteizko alkatea eta EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PSE-EE taldeetako ordezkariak izan dira bertan.
Ekitaldia 09:30ean abiatu da, biktimen omenez Cristina Iglesias artistak sortutako "Gauerdiko Iparrorratza" eskulturaren aurrean. Omenaldia isila izan da, lelorik gabekoa. Parte hartzaileek lore eskaintza egin, eta ondoren, bi minutuko isilunea gorde dute. Ekitaldia "Agur jaunak eta andreak" kantuaren interpretazioarekin amaitu da.
Eusko Legebiltzarraren kanpoko ateak zabalik egongo dira egun osoan, eta herritarrek lore eskaintzan parte hartzeko aukera izan dezaten (betiere segurtasuneko distantzia mantenduta).
Iñigo Urkullu lehendakariak "euskal gizartearen gehiengo zabal batek terrorismoaren aurrean eta bakearen, askatasunaren eta bizikidetzaren alde duen konpromiso zibikoa" nabarmendu du. "Ez da historia berridatzi nahi, baina bai egin genuena balioesten saiatu", gaineratu du.
Memoriaren Egunaren harira, gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan egin den ekitaldian buru izan da lehendakaria. Bertan esan duenez, "euskal gizartearen zati txiki batek justifikatu, babestu eta oinarri soziala eman zion indarkeria helburu politikoekin erabiltzeko estrategiari", baina "euskal gizartearen gehiengoak giza eskubideekiko, bizitzarekiko eta pertsonen askatasunarekiko konpromisoa erakutsi zuen".
Aurtengo leloak ("Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko!") garbi adierazten du nori begira antolatu duten ekitaldia, bereziki urterik gogorrenetan gehiengoak bakearen alde agertu zuen konpromiso zibikoa eskertu nahian.
Hala, bakearen alde mobilizatu zirenei zuzendu zaie bere hitzaldian Urkullu: "Zuen adore eta erabakitasunik gabe bidea eta amaiera desberdinak izango ziren orain". "Eskerrik asko ehunka mila pertsona anonimori izandako konpromisoagatik; zuen isiltasunarekin ahotsa altxatuz edo lazo urdina eramanez, ETAren, indarkeriaren eta terrorismoaren amaierarako ekarpen erabakigarria egin zenuten, bakea ekartzen eta bizikidetzan aurrera egiten", azaldu du.
Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak esan du "terrorismoaren biktimen duintasuna defendatzeko eguna" dela, eta azpimarratu du "iruzurra" dela Eusko Legebiltzarrean Memoriaren Eguna ospatzea EH Bildu bertan dela.
Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek osatzen duten talde parlamentarioko buruak azaldu duenez, aurten ere koalizioak ez du parte hartu Eusko Legebiltzarrak antolatutako lore-eskaintzan. Bertan izan dira Legebiltzarreko talde guztiak, PP+Cs eta Vox izan ezik.
"Terrorismoaren biktimak gogoratzen ari gara, eta ez iraintzen, Bilduk egiten duen bezala", esan du, eta beste alderdi politiko batzuk "biktimak umiliatzen" dituztenekin batera egotea deitoratu du, Legebiltzarreko ekitaldiari erreferentzia eginez.
Euskadiko PPko presidentearen ustez, EH Bilduk "egunero erakusten du Eusko Legebiltzarrean ez duela kotoi demokratikoaren froga pasatzen, alderdi legala izango delako, baina ez da alderdi demokratikoa, demokraziaren froga jartzen zaionean ez baititu ETAren ankerkeriak gaitzesten".
Bestalde, Etxerat ETAko presoen senideen elkarteak elkarretaratzea egin du asteazken honetan Eusko Legebiltzarraren aurrean, Memoriaren Eguna dela eta, biktimen aitortza eskatu eta ETAko presoei aplikatzen zaien espetxe-politika "krudela" salatzeko.
Bilkuran EH Bilduko hainbat legebiltzarkidek parte hartu dute, Maddalen Iriarte bozeramailea buru zutela. Minutu batzuk lehenago Memoriaren Egunaren harira Legebiltzarrak antolatutako ekitaldian parte hartu dute.
Patricia Velez Etxerateko ordezkariak azaldu duenez, aurten ere egun honetan mobilizazioak egin dituzte "biktima guztien memoria eta aitortza" eskatzeko. Horren esanetan, "ezin dugu elkarbizitzara eta memoria eraikitzera iritsi kontakizun bakar batetik".
Velezen esanetan, erakundeek ez dituzte aitortu Euskaditik urrun dauden ETAko presoak bisitatzeko egindako joan-etorrietan hil diren pertsonak, ezta preso horiei ezarritako espetxe-politika "krudela" dela-eta bizia galdu duten presoak ere.
Bilbon PP gabe, Donostian guztiak
Biktimen senideek eta erakundeetako eta alderdi politiko nagusietako ordezkariek, PPk salbu, beste ekitaldi batean parte hartu dute Bilbon. Bizkaiko hiriburuko 100 bat biktima gogora ekarri dituzte.
Iragan urtean omenaldia bertan behera utzi behar izan zuten covid-19aren eraginez. Aurten, ostera, Bilboko Udalak Memoriaren Eguna ospatu du berriro, biktimen omenez Casilda Iturrizar parkean jarritako oroitarriaren aurrean.
Antzeko ekitaldiak hainbat udalerritan errepikatu dira, baita Donostian ere. Bertako lore eskaintzak, baina, Udalbatzako talde politiko guztiak bildu ditu -EAJ, PSE, EH Bildu, Podemos eta PP-.
Voxek "gerraz" hitz egin du
Azkenik, Javier Ortega Smith Vox ultraeskuineko alderdiaren idazkari nagusiak Bilbon adierazi duenez, ETAk eta haren ingurukoek "Espainiarekin gerran daudela uste baldin badute, ba gerra bat da, erronka onartzen dugu". Gerra guztietan "garaileak eta galtzaileak daude, eta historiak demostratu du Espainiak beti garaitu izan dituela hiltzaileak, zilegitasuna eman dietenak eta terrorismoaren biktimen hitzak ezabatu nahi dituztenak", erantsi du.
Ortega Smithek terrorismoaren biktimen omenaldi batean parte hartu du Bizkaiko hiriburuan. Era berean, Jose Antonio Ortega Lara ultraeskuineko alderdiaren ohorezko presidenteak hitza hartu du ekitaldian. ETAk 532 egunez bahituta izan zuen Ortega Lara.
Atzo, berriz, Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroak, Irunen egindako ekitaldi batean, gogora ekarri zuten ETAren mehatxatuek urteetan zehar jasandako "kalte etengabea", Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren esanetan, "estigma bat bakardadean pairatu zutelako, erabateko askatasunik gabe".
2010ean aurrenekoz egin zenetik, Memoriaren Eguna azaroaren 10ean antolatzen dute, eraso terroristek hildakorik utzi ez duten egutegiko egun bakarra baita.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.