Voxen zentsura mozioa martxoaren 21ean eta 22an egingo dute
Vox alderdi ultraeskuindarrak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kontra aurkeztu duen zentsura mozioa datorren astearte, martxoaren 21ean, eta asteazkenean, hilaren 22an, egingo dute Kongresuan, Meritxell Batet behe ganberako presidenteak gaur jakinarazi duenez.
Batetek agerraldi laburra egin du goizean daten berri emateko: eztabaida asteartean abiatuko dute, eta bozketa biharamunean, asteazkenean, egingo dute. Ultraeskuinak Sanchezen aurka aurkezten duen bigarren mozioa da honakoa; oraingoan, baina Ramon Tamames izango da presidentea ordezkatzeko hautagaia.
89 urteko ekonomialari eta politiko ohia —Trantsizio garaian Alderdi Komunistako buruzagia izan zen, eta ondoren, CDSko militantea— aukeratu izanak polemika sortu zuen, Voxek defendatzen ez dituen hainbat ideia baititu.
Aurreko mozioan bezala, honek ere kale egingo du. Hori bai, kontrako boto gutxiago izango ditu, Alderdi Popularra abstenituko baita.