Kongresuko Mahaiak gaur emango dio oniritzia ERCren eta Juntsen taldeak utzitako diputatuekin osatzeari
Kongresuko Mahaiak oniritzia emango die gaur, astelehena, Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) eta Junts per Catalunya (Junts edo JxCat) alderdien talde parlamentarioei. Sumarrek eta PSOEk utzitako diputatuekin erregistratu dira, hurrenez hurren, eurek zituztenekin ez baitzituzten betetzen araudiak ezarritako baldintzak.
PSOEk eta Sumarrek JxCat eta ERCrekin egin bezala, Kongresuan edo Senatuan talde propioa izateko beste alderdiei diputatuak uztea ohikoa da, baina Ganberako Mahaiaren oniritzia behar du. Hain zuzen ere, gaur arratsaldean bilduko da Mahaia, eta espero da diputatu-lagapen hori baimentzea, lagapena egiten duten alderdiek, PSOEk eta Sumarrek, gehiengoa baitute Ganberako gobernu-organoan.
Kongresuan, araudiak aukera ematen die taldea eratzeko 15 eserleku baino gehiago dituzten alderdiei edo, gutxienez 5 izanik, Espainia osoan botoen % 5 edo parte hartu duten barrutietan botoen % 15 gutxienez jaso dituztenei. Legegintzaldi berri honetan, PPk, PSOEk, Voxek eta Sumarrek betetzen dute lehen baldintza, eta EH Bilduk eta EAJk, berriz, bigarrena.
ERCk eta Juntsek, berriz, bost diputatu baino gehiago dituzte (7) baina ez dute bigarren eskakizuna betetzen, Katalunian lehiatu diren barruti batzuetan ez direlako % 15era iristen.
Talde propioa izateko baimena independentisten aurretiazko eskakizuna izan da Pedro Sanchezen inbestidurari buruz hitz egin ahal izateko; gainera, hori izan zen ERCk eta Juntsek Francina Armengol sozialista Kongresuko presidente gisa babesteko baldintzetako bat, horrela PSOEren gehiengoa ziurtatzen zutelako.
Gauzak horrela, Sumarrek En Comuko bi diputatu utzi dizkio ERCri bere boto-ehunekoak Esquerrako diputatuenari gehitzeko, Oriol Junquerasen alderdiak % 15 hori gaindi dezan Katalunia osoan, eta PSOEk gauza bera egin du PSCren lau diputatu Juntsi lagata, Carles Puigdemonten alderdikoek ere talde propioa osatu ahal izateko.
PP eta VOX, adi
Badago araudian eragozpenen bat sor dezakeen puntu bat; izan ere, Erregelamenduaren 23.2 artikuluak ezartzen duenez, "inola ere ezin dute alderdi berekoak diren diputatuek Legebiltzar Talde Banandua eratu". Trantsizioan gertatzen zena saihesteko hartu zen neurri hori, PSOEri PSE-EEk eta PSCk lortutako botoak ere gehitzeko. Kasu honetan interpreta liteke Sumarreko diputatuak daudela bi talde parlamentariotan (Sumar eta ERC), eta sozialistak (PSOE eta Junts).
Parlamentuko iturriek aurreratu dutenez, PP eta Vox "oso adi" egongo dira erregistratzen diren idazkiekin, eta ez dute baztertzen ERC eta Junts taldeak baimentzeko erabakiaren aurrean helegitea aurkeztea.
Talde propioa izatearen abantailak
Talde propioa izateak abantaila politiko eta ekonomiko handiak dakartza, baita komunikabideei dagokionez ere. Taldea osatzen duenak bermatuta du ordezkaritza izatea Parlamentuko batzorde guztietan, Diputazio Iraunkorrean eta ahots propioa Bozeramaileen Batzordean, baita eztabaida guztietan baldintza berdinetan esku hartzeko gaitasuna ere; Talde Mistoaren barruan, berriz, esku hartzeko eta batzordeetan esertzeko denborak banatu behar dira. Kontrol-saioetan, talde propioa izateak aukera ematen du galderen eta interpelazioen kupoetan sartzeko eta astero Gobernuarekin eztabaidatu ahal izateko; halaber, abantailak eskaintzen ditu legez besteko proposamenak osoko bilkuretan sartzeko orduan; Talde Mistoan, berriz, zati berdinetan banatu behar da "tartaren zatia".
Arlo ekonomikoan, taldea izateak bi dirulaguntza mota eskuratzeko aukera ematen du: Kongresuak talde bakoitzari ematen diona —364.160,64 euro urtean (30.346,72 euro hilean) aurreko legealdian— eta Estatuak ematen duena hauteskunde-propaganda doan bidaltzeko kanpainan zehar (mailinga).
Abantailak hurrengo hauteskundeetarako ere dira balekoak, orain talde propioa lortzen dutenek etorkizuneko hauteskunde-eztabaidetan eta hedabide publikoen informazio-hedapenerako planetan parte hartzeko aukera izango dutelako. Junts, adibidez, RTVEren eztabaidetatik eta estaldura-planetatik kanpo geratu zen aurreko kanpainan, duela lau urte ez zuelako talde propiorik lortu; ondorioz, PDeCAT, BNG, Compromis eta Mas Pais alderdiekin partekatu zuen taldea.
Legegintzaldia abiatzeko aurretiazko urratsak
Gauzak espero bezala joanez gero, XV. Legealdian, Kongresuak zortzi talde parlamentario izango ditu: PSOE, PP, Vox, Sumar, ERC, Junts, Bildu, EAJ eta Talde Mistoa (azken horretan izango dira alderdi batera atxikita ez dauden hiru diputatuak: UPN, CC eta BNGkoak).
Talde parlamentarioak eratu ondoren, erabaki horren aurkako errekurtsoak aurkeztu badaitezke ere, Ganberaren funtzionamendurako erabaki garrantzitsu gehiago hartuko dituzte, hala nola osoko bilkuren egutegia onartzea, Bozeramaileen Batzordea eratzea eta hemizikloan eserlekuen banaketa egitea, legealdia abiatzeko beharrezko urratsak guztiak. Hasteko, Alberto Nuñez Feijooren inbestidurarako eztabaidak badu data (irailaren 26a eta 27a).
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.