Sarek "Puzzlea osatu arte!" ekimena abiatuko du larunbatean, "behin betiko konponbidea" aldarri hartuta
Sare Herritarrak larunbatean Lesakan abiatuko du "Puzzlea osatu arte!" ekimena, eta herriz herri 544 km osatuko dituzte euskal gatazkaren "behin betiko konponbidea" eskatu eta "oraindik etxerako bidea egiteko duten presoek bidea egin dezaten" aldarrikatzeko. Euskal Herriko 28 herritan izango da ekimena.
Asteazken honetan agerraldia egin du Sarek, Lesaka eta Iruñea elkartuko dituen puzzlearen nondik norakoak azaltzeko. Mikel Mundiñano Sareko kideak adierazi duenez, "salbuespen lege eta politikak oztopo dira oraindik etxerako bidea egiteko duten 57 presoen kasuan", eta, horregatik, ezinbestekotzat jo du "elkarbizitza agertokietara jauzi" egiteko "gatazkak utzi dituen ondorioekin amaitzea". "Ezinbesteko dugu behin betiko konponbidea", adierazi du Sarek.
Testuinguru horretan, Euskal Herriko kaleak hartuko dituzte datorren maiatzaren 17an eta 18an, "euskal gizarteak eta gure herriek puzzlea osatzeko duten beharra" aldarri hartuta. Hala, ondorengo premiak nabarmendu dituzte: "Euskal presoek, iheslariek eta deportatuek etxerako bidea hasteko", "biktimak aitortuak eta erreparatuak izateko", eta "egia jakiteko duten beharra".
Irteera, Lesakatik, maiatzaren 17an
Lesakatik abiatuko da maiatzaren 17an, larunbat goizean, "Puzzlea osatu arte!" ekimena eta Gipuzkoako hainbat herritan ibili ondotik, 19:00ak aldera iritsiko da Bizkaiara, Galdakaora, hain justu, lehen egunari amaiera emateko.
Igandean, berriz, hilaren 18an, Berangon ekingo diote bigarren egunari, eta Bizkaia eta Araba gurutzatu eta gero, berriz ere Nafarroara iritsiko da puzzlea, Foru Erkidegoko hiriburura, 19:00ak aldera, amaiera ekitaldia egiteko. Egun horretarako, egitarau zabala antolatu dute Iruñean.
Guztira 28 herritatik igaroko da ekimena, eta horietan guztietan "konponbidearen puzzlearen zatiak" jasoko dituzte, "banan-banan", "konponbidea baita oraindik erregimen itxian dauden euskal presoak dituzten herrien errealitate eta nahia". Hala, esan dutenez, "herri gisa aurrera" egiteko "ezinbestekoa dugu konponbidearen puzzlea osatzea".