Ikurrinak eskuan hartuta, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute milaka lagunek Bilbon
Milaka lagunek babestu dute Gure Esku dinamikak erabakitzeko eskubidearen alde gaur arratsaldean Bilbon deitutako nazio mailako mobilizazioa. Antolatzaileen esanetan, "Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian zabalik daude burujabetzaren bidean eta euskal lurraldeen artikulazioan pausoak emateko aukera eman dezaketen prozesu eta eztabaidak", eta une hau aprobetxatu beharra dago.
Gure Esku ekimenak egitarau zabala prestatu du egun osorako Bilboko hainbat gunetan. Hala, goizean goizetik bertsolariak, musika, pailazoak, erraldoiak, herri kirolak eta beste izan dira Bizkaiko hiriburuko hainbat gunetan, manifestazioaren atariko. Mobilizazioa bera 17:30ean abiatu da La Casillatik, "Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki" lelopean.
Gure Eskuk "Autonomia kalea ikurrinen kalea" izatea nahi zuen, eta herritarrei mobilizaziora ikurrina eramateko deia egin zien: "Herri-selfie bat egingo dugu, eta munduak garen modukoak bezala ikusiko gaitu: herri anitz bat, bere hizkuntzaz eta kulturaz harro dagoena, bere ikurrak maite dituena". Horrela, Autonomia kalea ikurrinaz bete da.
Manifestazioa hasi aurretik, adierazpenak egin ditu goizean Josu Etxaburu bozeramaileak Plaza Barrian: "Gaur milaka euskal herritar arituko gara aldarrikatzen herri libre eta burujabea nahi dugula eta erabakitzeko eskubidea nahi dugula. Gaurkoa egun alaia da, pozez betetako eguna, komunitatea egiteko eguna eta gozatzeko eguna, eta guztion artean gaurko eguna egun gogoangarria egingo dugu". Arratsaldean, manifestazioa abian zela, berriz ere hartu du hitza, "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko unea dela aldarrikatzeko.
Euskal Herriko esparru ugaritako dozenaka pertsona batu dira mobilizaziora: kulturgileak (Agurtzane Intxaurraga, Aitziber Garmendia, Aiora Zulaika "Pirritx", Jose Mari Agirretxe "Porrotx", Mertxe Rodriguez "Marimotots", Iker Galartza, Itziar Ituño, etab.), musikariak (Gozategi, Anje Duhalde, Bulego, Dupla, Gatibu, Olatz Salvador, Skabidean, Zetak, etab.), kazetariak, esparru akademikokoak... Gizarte eragile ugarik ere bat egin dute deialdiarekin: ELA, LAB, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuak, Etxalde mugimendua, Bilgune Feminista, Euskalgintzaren Kontseilua, pentsiodunen mugimendua, eta EGI eta Ernai gazte antolakundeak, besteak beste.
EH Bilduk, EH Baik eta Podemosek ordezkaritza bidali dute manifestaziora. EAJko kideak ere izan dira bertan parte hartzen, baina bakoitza bere izenean, alderdia ez baita deialdira atxiki. EBBko iturriek oharra kaleratu dute arratsaldean, erabaki hori hartzeko arrazoiak azaltzeko: "Lehenik eta behin, ez delako koordinaziorik egon deialdi honen aurretik antolatzailearen eta alderdi jeltzalearen artean; eta, bigarrenik, EAJk garrantzi handiena estatus politiko eta juridiko berri bat garatzeko helburuarekin hainbat alderdi politikoren artean gertatzen ari den eztabaida diskretuari ematen diolako, eta, testuinguru horretan, alderdi jeltzaleak zalantzan jartzen du deialdiaren egokitasuna. Nolanahi ere, EAJ-PNVk bere afiliatuei deialdirajoateko askatasuna eman zien, hala erabakitzen badute".
EH Bildu ordezkatuz, Maddalen Iriartek eskerrak eman nahi izan dizkio Gure Eskuri gaurko manifestazioa antolatu duelako: "Herri honetan gehiengo handi batek bere burua gobernatzeko gaitasuna izan nahi du. Sinesten dugu herri honek bere burua gobernatzeko eskubidea izan behar duela, eta horrekin bat egin dugu gaur egindako deialdi honekin. Egunero lan egiten dugu erremintak garatzeko gure politika publikoak aurrera eraman ahal izateko, baina ikusten dugu oraindik asko falta zaizkigula eta beste era bateko harremana izan nahi dugula estatuekin, eta gure gaitasun osoak izan".
LABen izenean, Igor Arroyo idazkari nagusiak hitz egin du: "Hemen gaude adierazteko erabaki egin nahi dugula, herri bat garelako eta erabaki egin nahi dugu euskal herritar guztioi lan eta bizi baldintza duin batzuk bermatzeko. Momentu honetan azpimarra egin nahi diogu gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsioa hemen erabakitzeko eskubideari".
ELAko ordezkari Amaia Muñoak esan du sindikatuak bat egiten duela Gure Eskuk gaurko antolatutako ekitaldi guztiekin, "erabakitzeko eskubidearen alde kalera irten behar delako; bestela ez dugu aurrera egingo. Bestetik, iruditzen zaigu momentu oso aproposa dela eta Euskal Herriko gehiengoek gure etorkizuna erabakitzeko bide horretan edukiak bilatu behar ditugula, eta eduki horien adibide bezala azpimarratuko nuke gutxieneko soldata hemen, Euskal Herrian, erabaki dadin egiten ari garen kanpaina".
Manifestua
Manifestazioaren burua Bilboko udaletxera iritsi denean, Josu Etxaburu bozeramaileak eta Irantzu Perello Gure Eskuko kideak manifestua irakurri dute, eta, ondoren, Sol Band Palestinako musika taldeak jo du.
Eskerrak eman dizkiete bertaratutakoei, eta "gaur pauso handi bat eman dugu herri libre bat izatera iristeko bidean", esan dute: "Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik etorrita, milaka lagun elkartu gara Bilboko kaleetan. Herri bizi bat irudikatu dugu. Herri bat martxan. Aske eta burujabe bizi nahi duen herri bat. Aurrera egin nahi duen herri bat".
"Bere etorkizuna erabakitzeko gai izango den herri burujabea lortzeko bidean gaude", aldarrikatu dute. "Baliatu dezagun garai politiko hau herri gisa suspertzeko, pizteko, bizkortzeko eta burujabetzaren eskaileran gora eginez solairu berri batera iristeko, Euskal Herriko lurralde guztietan".
"Herri aitortzaren garaia da. Euskal selekzioen garaia da, euskara euskal lurralde guztietan ofiziala izateko garaia, baita Europan ere. Herri gisa errespetatuak izateko garaia da", esan dute, eta erronka global egiteko garaia dela ere bai, "bazterkeriarik, zapalkuntzarik eta injustiziarik gabeko gizarte bat eraikitzeko, feminismoaren bidez gizartea eraldatzeko, euskarari eta euskal kulturari etorkizun oparoa bermatzeko…".
Nazioarteko egoera korapilatsua ere aipatu dute, eta Palestinako herriari "elkartasun besarkada bat" bidali diote.
"Gauza askotarako dugu burujabetza handiagoaren beharra. Gaur egungo larrialdi linguistiko eta kulturalari aurre egiteko, ezinbestekoa da euskara eta kultura propioak indartu, biziberritu eta babestea. Horretarako, baina, funtsezkoa da euskaldunen hizkuntz eskubideen aitortza euskal lurralde guztietan, eta subiranotasun maila handiagoa izatea", defendatu dute.
"Egungo estatus politiko-juridikoak berritzeko garaia da, euskal lurralde guztietan. Baliatu dezagun aukera hau arazoei aurre egin eta erronkei erantzuteko gaitasuna irabazteko, ahalik eta arlo gehienetan. Horretarako nahi dugu burujabetza, Euskal Herrian bizi diren herritar guztien bizi-baldintzak hobetzeko, baita erabakitzeko eskubidea gutxiesten dutenenak ere".
Amaitzeko, "momentu historikoa" bizi dugula aldarrikatu dute: "Hitzetatik euskal herritarren gehiengoa ordezkatzen duten akordioetara eta erabakietara pasatzeko unea da. Erabakitzeko ahalmenean aurrera egiteko balio duten erabakiak behar ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian".
Gure Eskuren beste ekimen batzuk
Maiatzaren 25ean, plataformak aldarrikapen ekitaldi bat egin zuen Larhun mendiaren tontorrean.
Egun batzuk lehenago, beste ekitaldi bat egin zuen Trebiñun.
Azken bi urteotan, Espainiako Vueltan eta Frantziako Tourrean ere egin ditu ekintza ikusgarriak Gure Esku dinamikak ikurrinak erabiliz.
Zure interesekoa izan daiteke
SEPIko presidentea eta Tubos Reunidoseko presidente ohia eta zuzendari nagusia inputatu dituzte Leire kasuan
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak 25 pertsona inputatu ditu, guztiak enpresetako zuzendariak eta SEPIko buruak, "kriminalitate zantzuak" aurkitu ostean.
Zapateroren idazkariak uko egin dio Senatuko ikerketa batzordean deklaratzeari
Gertrudis Alcazarrek isilik egoteko eskubidea baliatu du astelehen honetan, eta PPren, Voxen eta UPNren galderei erantzutea saihestu du.
Azaroaren 14an Bilboko kaleak faxismoaren aurka betetzeko deia egin du EH Bilduk
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak urte politikoaren balantzea egin du astelehen honetan, Donostian.
Gobernuak neurri sorta berri bat onartuko du astelehenean Irango gerrari aurre egiteko
Gobernuaren nahia da herritarrak eta enpresa-sarea Ekialde Hurbileko gatazkak eragindako inpaktu ekonomikotik babestea. Halaber, 2027ko Aurrekontuen oinarri izango den koadro makroekonomikoa aurkeztuko du.
Ramon Rubial sariek UGT eta CCOO sindikatuen lana aitortu dute
Sariak banatzeko ekitaldia gaur egin dute, Donostian, Eneko Andueza buruzagi sozialistaren gidaritzapean, eta, besteak beste, Almudena Ariza kazetaria eta Larrialdietarako Unitate Militarra (UME) saritu dituzte.
Sanchez, ustelkeria kasuei buruz: "Ezagutu izan bagenitu, ez genituzkeen onartuko"
Alderdikide gehienak itxaropentsu agertu dira eta PSOErekin eta Sanchezekin konfiantza dutela esan dute Batzorde Federala hasi aurretik. Horrez gain, agintean jarraitzeko eta 2027ko hauteskunde orokorrak eta udal eta foru hauteskundeak prestatzeko gogotsu agertu dira.
Nafarroan euskara berezko hizkuntza izatearen aldeko apustua berretsi du Chivitek, zonifikazioa mantenduta
Foru Hobekuntzaren Legea eguneratzeko batzordean, Nafarroako presidenteak azpimarratu du “egokia” litzatekeela lege horren 9. artikulua aldatzea.
Justizia sailburuak botere publikoek eragindako torturaren biktimen egiaren, justiziaren eta duintasunaren alde lan egiteko deia egin du Legebiltzarrean
Maria Jesus San Jose Justizia sailburuak tortura botere gehiegikeria izan zela esan du, eta erabat gaitzetsi du. Horren hitzetan, Ebaluazio Batzordeak 183 biktima aitortu ditu ofizialki. Egiari Zor eta Berridatzi biktimen elkarteak ere izan dira Legebiltzarrean, eta biktimen aitortza eskaerak aurkezteko epeak zabaldu eta 1960tik gaurdainoko kasuak aitortzeko eskatu dute.
Ertzain bat txosnetatik kanporatu dute Hernanin; "zein zen bere bekatua?", galdetu du Zupiriak
Aste honetan gertatu da, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez.
Bengoetxeak, ETSri emandako laguntzari buruz: “Arrakasta kulturala lagundu behar da, eta ez zigortu”
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak ETS talde arabarrari emandako dirulaguntzak babestu ditu, ehundik gora musikarik zalantzan jarri ostean. Horren hitzetan, "arrakasta kulturala ez da zigortu behar, lagundu baizik". Horrela erantzun dio sailburuak Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin dion galderari.