Pradales: "Protestak gizalegearen kontrako ekintza bihurtzea ez zen eraikitzailea izan"
RNEn egindako elkarrizketa batean, Imanol Pradales lehendakariak atzo Bilbon izandako istiluak deitoratu ditu. Haren hitzetan, zilegi da protestatzea, baina inoren segurtasuna arriskuan jarri gabe.
Bilbo, atzo
“Ikuskizuna ez zen batere eraikitzailea” izan eta erakutsi zen “irudia ez zen onena”. Hori esan du Imanol Pradales lehendakariak, atzo Bilbon izandako istiluen harira. Israel Premier Tech taldeak Espainiako Vueltan parte hartzearen kontrako protestak izan ziren, eta lasterketaren amaiera aurreratzea erabaki zuten antolatzaileek, “segurtasun arrazoiengatik”.
Gaur, RNE irrati-katean egindako elkarrizketan Pradalesek gertatutakoa deitoratu du, eta adierazi du protestak “gizalegearen kontrako ekintza” bilakatzea ez zela “batere eraikitzailea” izan. Haren hitzetan, zilegi da “modu baketsuan” protestatzea eta herritarrek euren haserrea azaleratzea, baina erantsi du herritar ororen “segurtasuna arriskuan jarriko ez duten formulak” bilatu behar direla beti.
Lehendakariak uste du atzo inork ez zuela zalantzan jarri adierazpen askatasunerako eskubidea, Palestinan gertatzen ari dena “justifikatu ezina” delako. Ziurtatu du euskal gizarteak “elkartasun berezia” duela Palestinako herriarekin.
Atzo Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak egindako adierazpenen ildotik, EH Bilduren jarrera salatzeko ere aprobetxatu du gaurko agerraldia Pradalesek. Esan duenez, “ez da onargarria” koalizioak modu horretako protestak “txalotzea eta goratzea”.
Azkenik, lehendakariak gogora ekarri du astearteko Gobernu Bileran adierazpen instituzional “oso gogorra” onartu zuela Jaurlaritzak, Gazan gertatzen ari denaren kontra. Bertan, Europari zein nazioarte osoari dei egin zioten, Israeli presioa egin eta sarraskia geldiarazteko erantzun bateratua ematearen beharraz mintzatu zen lehendakaria.