Torres ziur da ostiralean transferentzien batzordea bildu egingo dela, aurrez akordioa itxita
Baikor agertu da buruzagi sozialista, eta uste du etzi bost eskumenak eskualdatzea izenpetuko dela. Ukatu egin du Espainiako Gobernua emandako hitza urratzen ari dela.
Iazko uztailean adostu eta izenpetutako bost eskumenak eskualdatzearen inguruko akordioa gaur arratsaldean bertan itxiko dute, eta, horrenbestez, etzi biltzekoa den Transferentzien Batzorde Mistoak hitzorduari eutsiko dio. Hala ziurtatu du Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, RTVEn egindako elkarrizketan.
Azken egun eta orduotan, hainbat sailburu eta buruzagi jeltzale gaiaren inguruan mesfidati agertu dira, ostiraleko bilera zalantzan jartzeraino. Errezeloz begiratzen diote Espainiako Gobernuari, uste baitute ez dela ari esandakoa betetzen. Bost eskumenen inguruko akordioa behin betiko ixteko aldebiko batzarra joan den abenduan ziren egitekoak, baina Jaurlaritzak atzeratzea erabaki zuen, eskualdatzea gauzatzeko bermerik ez zegoela iritzita; finantziazioari eta Gizarte Segurantzaren eskumenari lotutakoak dira ezadostasun nabarmenenak.
Gaur goizean bertan, Aitor Esteban EAJren presidenteak ohartarazpen bat egin du: "Transferentziei buruz adostutakoa betetzen ez bada, EAJk jarrera aldatu beharko du".
Oso bestelakoa da Torresek azaldu duen jarrera. Baikor dago, eta uste du etzi bost eskumenen eskualdaketa izenpetu egingo dela. Ukatu egin du Espainiako Gobernua emandako hitza urratzen ari dela.
Halaber, aitortu du zailtasun handienak Gizarte Segurantzarekin lotutakoak direla, Euskadi izango delako, haren hitzetan, eskumen hori kudeatuko duen aurreneko erkidegoa. "800 milioi euro eta 500 langile daude mahai gainean", zehaztu du.
Esan duenez, Pedro Sanchezen Gobernuak ez du EAJrekin duen harreman ona gaiztotzeko inolako asmorik, eta, bide beretik, Jaurlaritzako bi bazkideen arteko hartu-emana osasuntsu dagoela gehitu du.
Gernikako Estatutua
Eskualdatzeke dauden transferentziak: zeintzuk dira eta zertan dira negoziazioak?
Ostiral honetan gauzatu diren bost eskualdaketez harago, Autonomia Estatutuak aitortutako beste 15 transferentzia falta ditu EAEk. Eskumenen nahas-mahasean ez galtzeko, honatx egin gabekoen zerrenda gaurkotua.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik