Euskararen lurgunea gero eta zabalagoa da Nafarroan, baina estuturik dauka Euskararen Legeak berak
Euskararen Foru Legeak 40 urte betetzen ditu aurten, eta euskara lekua irabazten joan den arren, legeak bere horretan jarraitzen du, lurraldea hiru eremutan banatzen, bai eta nafarren hizkuntza eskubideak mugatzen ere. Euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea askoren aspaldiko eskakizuna da, baina tramite administratiboaz harago, borondate politiko argia eta negoziazio gaitasuna eskatzen ditu prozesuak.
Ostegun honetan Maria Chivite Nafarroako lehendakariak Parlamentuan esan zuenez, Foru Hobekukuntzaren Legea gaurkotzeko prozesuan euskara Nafarroako “berezko hizkuntza” gisa aitortzea proposatuko du.
Ondo neurtutako hitzak izan ziren Chiviterenak (ofizialtasunaz aritzea saihestu du oraingoz), eta pausoa ontzat hartu arren, neurtua izan da alderdi politiko euskaltzaleen eta euskararen bueltako erakundeen poza ere; keinuaz harago, ekintzak eskatzen dituzte. Baina zeintzuk lirateke ekintza horiek? Zer aldatu beharko litzateke euskarari aurrerabidea eman eta, esaterako, Nafarroa osoan ofizial izateko?
Euskara Nafarroa osoan ofizial izatearen aldarria Nafarroako Parlamentua bera eratu aurrekoa da. 1980an Nafarroako Gorteek Nafarroako Hobekuntzaren Legea izango zenaren oinarriak idatzi zituztenean, bertan jaso zuten euskara ofizial izango zela Nafarroa osoan, gaztelerarekin batera.
1982an lege hori Espainiako Gobernuarekin negoziatzerakoan, ordea, testutik kanpo gelditu zen euskararen gaia; izan ere, Hobekuntzaren Legearen 9. artikuluan jasotzen denez, gaztelera da Nafarroako hizkuntza ofiziala. Hala ere, orduko testu hark zabalik utzi zuen aukera euskarak hizkuntza ofizial izaera izan zezan eremu euskaldunetan. Foru lege batek arautu beharko zuen, haatik, zeintzuk ziren eremu horiek eta zein izango zen horietan euskararen erabilera ofiziala.
Lau urte geroago (1986an) iritsi zen lege hori, Euskararen Foru Legea. Adostasunik gabe atera zen aurrera, aldeko 29 botorekin (PSN, Alderdi moderatua, Koalizio Popularra eta talde mistoa), kontrako 3rekin (EA) eta UPNren 11 abstentziorekin. Lege horrek, Foru Hobekuntzaren legeak ez bezala, aitortu zuen euskara Nafarroako "berezko hizkuntza" gisa, baina hiru hizkuntza-eremutan banatu zuen Nafarroa: eremu euskalduna (Nafarroako iparraldea), eremu mistoa (erkidegoaren erdialdea, Iruñea barne) eta eremu ez euskalduna (Nafarroa hegoaldea).
Ordutik, asko aldatu da euskararen lurgunea, hazi egin da. Eremu horietako bakoitzean ere aldatu da euskararen egoera, eta goranzko bilakaera izan du. Hala ere, gaur egun, oraindik, nafar euskaldun askok mugatuta eta baldintzatuta dituzte euren hizkuntza eskubideak.
Euskararen gaur egungo legeak 40 urte betetzen dituela eta, Euskalgintzaren Kontseiluak mobilizazio handi bat iragarri du abendurako, Nafarroako zonifikazioarekin amaitu eta euskara Nafarroa osoan ofizial izan dadila eskatzeko. Joan den igandean Euskal Herri osoko milaka euskaltzale bildu zituen Kontseiluak Iruñean.
Zer beharko litzateke euskara Nafarroa osoan ofizial izateko?
Nafarroa osoan euskara ofizial egiteko beharrezkoa litzateke legedian aldaketa sakonak egitea, funtsean, Foru Hobekuntzaren Legea bera aldatu beharko litzateke, horrek ezartzen baitu 9. artikuluan Nafarroako hizkuntza-araudiaren marko orokorra eta, gaur-gaurkoz, gaztelera soilik onartzen du Nafarroako hizkuntza ofizial gisa.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko lege hori, ordea, Lege Organikoa da, Espainiako Estatuarena, eta autonomia estatutu gisa funtzionatzen duen arren, hori aldatzeko nahitaezkoa da Nafarroako Parlamentuak nahiz Espainiako Gorteek (Parlamentua eta Senatua) onespena ematea.
Hala, Nafarroako Gobernuak edo Espainiakoak abiarazi beharko lukete erreforma proposamena eta aldebiko batzorde misto batean eztabaidatuko litzateke. Ez litzateke egongo eztabaida publikorik, eta batzorde horretan hartutako erabakiari ezingo litzaioke zuzenketarik jarri.
Aldaketa adostuko balitz, ebazpena Nafarroako Parlamentura igorriko litzateke eta bertan nahikoa litzateke gehiengo sinplea proposamena onartzeko. Kasu horretan, Espainiako Gorteetara pasatuko litzateke, eta irakurketa bakarreko prozedura berezi batekin, zuzenketetarako aukerarik gabe, onartuko litzateke Kongresuan nahiz Senatuan, Lege Organiko gisa.
Ondoren, Euskararen Foru Legea aldatu beharko litzateke, Nafarroan bertan, euskararen estatus berriari eta horrek eragindako betebeharrei egokitzeko.
Nafarroako nahiz Estatuko botere legegileek batzorde mistoaren ebazpena bere osotasunean onartu edo baztertzeko boterea izango lukete, eta, beraz, batzorde mistoak bere gain hartuko luke erreformaren pisua, batzorde horretako kideen negoziaziorako eta akordiorako gaitasun eta borondatearen menpe.
Euskararen argazkia Nafarroan
2021eko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera (urte horretakoak dira azken datuak, bost urtez behin egiten da) nafarren % 14,1 dira euskaldunak (76.784 pertsona), % 10,6 (57.834) euskaldun hartzaileak (euskara ulertu bai, baina hitz egiteko gaitasunik ez dutenak), eta % 75,3 erdaldunak (410.300).
Bilakaerak erakusten duenez, euskaldunen kopurua ia bikoiztu egin da azken 30 urtetan. 1991. urtean 40.000 inguru ziren euskaldunak eta, urtez urte, haziz joan da kopurua; bosturteko bakoitzean 6.000-8.000 euskaldun irabazi ditu Nafarroak. Erabilerak ere gora egin du, bai eremu euskaldunean, bai mistoan ere.
Hala ere, Nafarroako euskaldunen bi heren ingurune soziolinguistiko erdaldunean bizi da eta, beraz, euskaldun askok oso mugatua dute beste euskaldunekin hartu-emanak izateko sarea.
Eremu euskalduna
Eremu euskaldunean euskara ofiziala da, gaztelerarekin batera, eta ezagutza eta erabilera oso hedatuta daude. Eremu honetan bizi dira nafarren % 8,9 (59.000 pertsona); horietatik % 62,3 euskaldunak dira, eta beste % 13,7, euskaldun hartzaileak.
Eremu horretan legezko estatus zabala aitortzen zaio euskarari. Herritarrek administrazioarekin euskaraz egin ditzakete harremanak eta zerbitzu publikoak bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jaso ahal dituzte. Enplegu publikori dagokionez, tokiko eta dagokien administrazioek ezartzen dute zein lanpostutan den nahitaezko euskara eskakizuna, eta, gainerakoetan, merezimendu gisa hartzen da euskararen ezagutza.
Hezkuntzari dagokionez, derrigorrezkoa da euskara eta gaztelera biak irakastea, derrigorrezko hezkuntza zikloa amaitzean bi hizkuntzetan aritzeko gai direla froga dezaten ikasleek.
Eremu mistoa
Nafarroa Garaiko erdialdeko herriek osatzen dute eremu mistoa. Ia 100 herri daude eremu horretan, Iruñea barne. Hala, Nafarroako biztanleria osoaren % 63,5 bizi da eremu horretan (420.000 pertsona inguru), 1991.urtean baino 150.000 lagun gehiago. 2017an Euskararen Legea aldatu eta eremu mistoa zabaltzearekin batera nabarmen hazi zen eremu honetako biztanleria.
Eremu mistoko biztanleen % 12,6 (43.646) euskaldunak dira, eta beste % 11,5 (39.977) euskaldun hartzaileak. 1991tik hona asko hazi da ere mistoko euskaldunen kopurua, orduan % 5,2 baitziren euskaldunak
Euskara ez da ofiziala eremu mistoan, baina sustapen neurriak hartzen dira eta babes berezia ematen zaio. Administrazioarekiko harremanetan, hala ere, ez dago bermatua euskaraz artatua izatea. Euskara nahitaezko eskakizun izan daiteke lanpostu publiko konkretu batzuetan, eta merezimendu gisa hartzen da besteetan.
Hezkuntza arloan, eskaeraren arabera txertatzen joan da euskara unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta kontzertatuan. Ikastetxeetan euskarazko lerroak zabaltzen joan dira eta euskaraz ikasi nahi duenari horretarako aukera ematen zaio, legez.
Eremu ez-euskalduna
Nafarroa hegoaldeko 111 udalerrik osatzen dute eremu ez-euskalduna eta 182.000 pertsona inguru bizi dira horietan, Nafarroa osoko % 27,6.
Eremu ez euskalduneko udalerri batzuk eremu mistora aldatzen joan dira eta beraz eremu honetako populazioa jaitsi egin da azken urteotan. Eremu ez euskaldunean % 1,6 dira euskaldunak (2.438 pertsona) eta % 7,5 euskaldun hartzaileak (11.119).
Eremu honetan euskara ez da ofiziala eta beraz ez dago bermatua administrazioarekiko euskarazko harremana.
Hezkuntzan ahaleginak egin dira euskarazko hezkuntza bermatzeko. Euskararen Foru Legeak dioenez, eremu honetan “botere publikoek euskararen irakaskuntza lagunduko dute, eta behar denean, osoki edo zati batean finantzatuko dute, sustapen eta promozio irizpideei jarraikiz eta eskariaren arabera”.
Gaur egun, eremu ez euskalduneko dozena bat ikastetxe publikotan daude D ereduko lerroak eta Ikastolak daude Irunberrin eta Lodosan (HH eta LH) eta Tuteran eta Vianan (DBH amaitu arte).
Zure interesekoa izan daiteke
Grande-Marlaskaren eta Roblesen kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularreko idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroaren eta Margarita Robles Defentsa ministroaren kargugabetzeak eskatu ditu, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.
Ceutan, desagertutako senideen bila ari dira familia ugari, eta gorpuak identifikatzeko toki bat ireki dute
Oraingoz, 72 hildako zenbatu dituzte, baina urpekariek gorpu gehiago aurkitu dituzte.
Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.