EBko abokatuak epaileen esku utzi du IRPH indizea abusuzkoa ote den zehaztea
Maciej Szpunar Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak epaileen esku utzi du IRPH indizea (hipoteka maileguen erreferentzia indizea, gaztelerazko sigletan), abusuzkoa izan ote den zehaztea. Indize ofiziala izanagatik, ez du zertan gardena izan behar, eta hori ebaztea auzitegiei dagokiela nabarmendu du. Ondorio horien zain zeuden Espainiako banku sektorea eta kaltedun eta kontsumitzaileen elkarteak, izan ere, Europatik etor daitekeen erabakia astindu gogorra eragin dezake banka sisteman. Banketxeek eurek emandako datuen arabera, indize horri lotutako 17.430 milioi euroko hipotekak dituzte.
Espainiako Auzitegi Gorenak 2017an emandako epaiaren kontrakoa da txostena, eta beraz, kaltedunen interesen aldekoa. Dena dela, abokatuaren ebazpena ez da loteslea, baina EBko Justizia Auzitegiak emandako epaiekin egin ohi du bat (2020ko lehen hiruhilekorako espero da epaia).
Szpunarren esanetan, finantza erakundeek ez dute zertan hipoteka maileguak zehazteko dauden sei indizetako bat erabili behar. IRPHaren ordez, Euriborra erabil zitekeen. Hortaz, indize jakin bat erabiltzeko agindurik ez dagoenez, horiek kontrola ditzakete epaileek. Espainiako justiziak askotan argudiatu du ezin zutela indizea abusuzkoa ote den zehaztu, Europako zuzentarau batek indize ofizialak salbuesten dituelako. Argudio horren kontra jo du, hain justu, abokatuak.
Bestalde, kontratuen gardentasunari buruz, Szpunarrek adierazi du indize "konplexu eta ilun samarra" dela kontsumitzaile arruntarentzat. Hori horrela, indizeak zituen ondorio ekonomikoak argi azaldu behar zirela azpimarratu du EBko abokatuak.
Indizea baliogabe utzi behar ote den ez du argitu Abokatutzak.
Kaltedunen elkarteek emandako datuen arabera, Espainiar Estatuan milioi bat hipoteka daude indize horri lotuta. Batez beste, bezero bakoitzak 25.000 euro galdu ditu indize horren erruz. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, 30.000 familia daude auzi horren eraginpean.
Txostena ezagutu eta gutxira igarri dira ondorioak Espainiako burtsan. Bankuek galerak izan dituzte.
Zer da IRPH indizea?
Euriborra da hipoteka maileguak kalkulatzeko gehien erabili den indizea (hipoteken % 80k du), eta horregatik ere, ezagunena ere bada. Hipoteka maileguen erreferentzia indizea 90ko hamarkadan hasi zen erabiltzen Euriborraren alternatiba gisa. Izan ere, garai hartan, oso tasa altuetan zegoen Euriborra eta Espainiako Gobernuak indize "ofizial, garden eta egonkor" baten beharra zegoela argudiatu zuen, bezeroak finantza merkatuen gorabeheren aurrean babesteko.
Europako Bankuak finkatzen du IRPHa, finantza erakundeek ematen dituzten maileguen interes tasen batezbesteko antzerako bat.
2013tik aurrera, baina, Euriborra jaisten hasi zen (gaur egun, balio negatiboetan dago), eta orduan sortu ziren ika-mika gehienak. Izan ere, IRPHa % 2ren inguruan mantendu zen, egonkor.
2015-2016 urteetatik aurrera, indize horri lotutako kontratuen gardentasun falta salatzen hasi ziren kaltedunak, eta IRPHa baliogabe jotzeko eskatzen.
Banku sektoreko iturriek argudiatu dutenez, ordea, eurek ez dute indizea kalkulatzen (Espainiako Bankuak egiten du), eta komertzializazioa "gardena" izan da bezeroei informazio guztia eman dietelako.
CaixaBank, IRPH hipoteka gehien dituena
CaixaBankek ditu indize horrekin lotutako hipoteka gehien (6.446 milioi euro), ondoren Santander bankua (4.300 milioi euro, gehien bat Banco Popularren garaitik datozenak), BBVA (3.100 milioi euro), Bankia (1.600 milioi euro), Sabadell bankua (831 milioi euro), Liberbank (209 milioi euro), Unicaja (200 milioi) eta Ibercarja (50 milioi euro).
Kutxabankek atzo bertan emandako datuen arabera, 727 milioi euroko balioa duten hipotekak ditu indize horri lotuta.
Asufin finantza produktuen kaltedunen elkartearen datuei erreparatuta, indize horrekin lotutako epaien % 24 Caixabank eta Santander bankuei dagokie; Kutxabankek % 18 du; BBVAk eta Bankiak, % 10; Catalunya Caixa eta Rural Kutxak, % 4 inguru, eta Sabadell bankuak, % 3.
Abiatutako 172 prozeduretatik, 143 lehen auzialdian ebatzi dira; 28, Lurralde Auzitegian, eta bakara, Auzitegi Gorenean. Katalunian izan dira auzi horrekin lotutako epai gehien (kopuru osoaren % 30). Atzetik ditu EAE ( % 22), Andaluzia (% 13), Madril ( % 8), Gaztela eta Leon ( % 7) eta Kanariak (% 5).
Aurrekariak
2017an, indizea gardena zela ebatzi zuen Auzitegi Gorenak, baina Bartzelonako Lehen Auzialdiko 38. Epaitegiak auzia Europako Justiziara bidaltzea erabaki zuen, arazo prejudizial gisa planteatuta.
Ahozko saioa otsailaren 25ean egin zuten Luxenburgon eta abokatuaren txostena epai aurreko azken pausoa da.
BIDEOA | Zer da IRPHa eta zer esan nahi du EBko abokatuaren ebazpenak?
BIDEOA | IRPHaren ibilbide judiziala Gipuzkoan hasi zen 2013an
BIDEOA | Hipoteken gaineko interes-tasari esker irabazi handiak izan dituzte bankuek
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadiko ikuskizunetako teknikariek grebari eutsi diote, lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta
Lanuzteek abuztuaren 14an eta 26an jarraituko dute, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez.
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.