Urte arteko KPIa % 2,4raino apaldu da EAEn eta % 2raino Nafarroan, maiatzean
Elikagaien prezioak % 2,5 egin du gora, batez ere, frutaren garestitzeak eraginda. Argazkia: EFE
Prezioek gora egiten jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, azken hilabetean igoera apur bat apaldu egin bada ere. Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) urtebeteko tasa % 2,4raino apaldu da maiatzean EAEn, eta % 2raino Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera.
Urte arteko tasak bi hamarren egin du behera EAEn, % 2,6tik % 2,4ra, eta 3 puntu Nafarroan, % 2,5etik % 2ra. Batez ere, turismo paketeen merkatzeak eta argindarra iaz hilabete berean baino gutxiago garestitu izanak eragin du prezioen apaltzea.
Apiriletik maiatzera, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) bi hamarren igo da EAEn eta hamarren bat jaitsi, berriz, Nafarroan.
Urtea hasi zenetik, prezioak % 1,5 garestitu dira EAEn, eta % 1,1 Nafarroan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urtebeteko inflazioa % 2,4an kokatu da maiatzean. Azken hilabetean, berriz, prezioak % 0,1 garestitu dira Araban eta Gipuzkoan, eta % 0,3 Bizkaian, apirilarekin alderatuta.
Elikagaiak eta edariak batez beste % 2,9 garestitu dira maiatzean EAEn, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta (apirilean baino zazpi hamarren gutxiago). Nafarroan, aldiz, elikagaiak iaz hilabete berean baino % 3,1 garestiagoak dira (hiru hamarren apalagoak apiriletik).
Espainiako Estatuan, urtebeteko tasa % 2an gelditu da, apiriletik bi hamarren murriztuta. Halaber, iazko urritik izandako tasarik txikiena da, orduan % 1,8koa izan baitzen.
Bestalde, azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) bi hamarren apaldu da maiatzean, % 2,2raino. Hortaz, Espainiako batez besteko inflazio tasaren gainetik kokatu da.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako