Dermatosi nodularra
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gaur hasiko dira Nafarroako eta Gipuzkoako abelburuak dermatosi nodularraren aurka txertatzen

Espainiako gobernuaren aginduz, Frantziako Estatutik gertuen dauden ganadutegietako animaliak izango dira txertoa jasoko duten lehenak. Arabako eta Bizkaiko ganadutegiak txertaketa planetik kanpo geratu dira.

Behiak Mugarrieta ustiategian

Behiak, Hondarribiko Mugarrieta ganadutegian. Argazkia: Jose Ignacio Unanue.

Dermatosi nodularraren kontrako txertaketa martxan jarriko dute gaur Hego Euskal Herrian, Nafarroako eta Gipuzkoako abelburuak txertatuta. Espainiako Gobernuak hala aginduta, Frantziako Estatutik gertuen dauden ganadutegietako animaliak txertatuko dituzte aurrena. Izan ere, Ipar Euskal Herrian atzeman dira foku gehienak, eta, lurralde horretatik hurre daudenez gero, lurralde horietan txertaketa egitea erabaki da. 

Nafarroan, iparraldetik hegoalderako bidea egingo dute albaitariek, eta, hortaz, Baztan-Bidasoan, Piriniotan, Sakanan eta Ultzama inguruan dauden ganadutegietako behi, zezen eta txekorrek jasoko dute txertoa lehendabizi. Foru erkidegoan, 60.000 abelburu txertatuko dituzte gutxi gorabehera, erkidego osoko aziendaren erdiak. Nolanahi ere, borondatezkoa da, eta ganaduzale bakoitzak erabakiko du bere abereak txertatu ala ez.

Gipuzkoan, 44.000 abelburu inguru txertatuko dituzte gaurtik hasita.  

Ministerioak Arabako eta Bizkaiko ganadutegiak txertaketa planetik kanpo utzi ditu momentuz, fokuak izan diren lurraldeetatik urrunago daudelako. Kexu agertu da Eusko Jaurlaritza erabaki horren aurrean, eta Maria Ubarretxena bozeramaileak adierazi du ez duela ulertzen Ministerioaren erabakia.

Frantziako Estatu osoan, une honetan 115 bat foku daude, eta 530 mila abelburu txertatu dira, gehienak hegoaldeko departamentuetan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X