'Modern Express' kargaontzia gaur sartuko da Bilboko Portuan
Modern Express kargaontzi panamarra, zazpi egunez Bizkaiko golkoan noraezean egon den ontzia, "Bilbotik 26 milia ingurura" zegoen atzo eguerdian, eta gaur helduko da Bilboko Portura, Espainiako Sustapen Ministerioak baieztatu duenez.
Kargaontzia portura gerturatzeko eta sartzeko maniobrak gaur goizean egingo dituzte itsasoaren baldintza zakarrak tarteko, Bilboko Portu Agintzaritzak berri eman duenez; izan ere, gauerako abisu horia ezarri dute euskal kostaldean, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3,5 metro inguruko olatuak altxatuko dituelako.
Itsasontzietako Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak baimena eman zion Modern Express kargaontziaren armadoreari Bilboko Portura eraman eta bertan sartzeko. 164 metroko luzera du, eta 3.600 tona egur eta dozena bat makina daramatza. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, ontzia alde batera okertu zen, eta noraezean dabil ordutik.
Espainiako Sustapen Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez, kapitainak berak eskatuta, Itsas Salbamenduak ontziko eskifaia erreskatatu zuen urtarrilaren 26an, eta ordutik dabil noraezean. Gabonetik Frantziara zihoan, eta Bilboko Portura daramate orain, atoian.
Armadoreak Centaurus atoiontzia kontratatu zuen atzo lan horietarako.
Itsas Salbamenduko Maria de Maeztu atoiontzia Bilbotik abiatu zen, atzo, Modern Express kargaontzia porturatzeko maniobrak bertatik bertara jarraitzeko.
Eskifaiak emandako informazioaren arabera, kargaontziak 300 tona fuel-olio eta 180 tona gasolio daramatza, eta ez du merkantzia arriskutsurik.
Zure interesekoa izan daiteke
El Niño "Godzilla" hemen da eta historiako bortitzena izan liteke
Auto-ilarak N-1 errepidean, Andoainen, Gasteizerako noranzkoan, istripu baten ondorioz
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda