Gezur matxistek, hankak labur?
Eskuin muturrak inoizko emaitzarik onenak eskuratu zituen Espainian azaroaren 10eko hauteskundeetan. Kanpainan zein kanpainaurrean, feminismoa bihurtu zuen gudu-zelai Vox alderdiak, eta aurretik ere batzuen ahotan zeuden mezu matxistak 'prime time'an entzun genituen, ozen.
Joseph Goebbels Hitlerren propaganda ministroak ondo esaten zuenez, "gezur bat mila aldiz errepikatzen denean egia bihurtzen da". Akaso horren jakitun, mantra baten moduan errepikatzen dituzte matxismoa legitimatzeko eta mugimendu feminista deseraikitzeko gezurrak. Kezkagarriena da, zirimiriarekin bezala, oharkabean blai eginda gera gaitezkeela eta misoginiaren itsasoan igeri egiten buka dezakegula.
Jule Goikoetxea filosofo politiko eta EHUko irakaslearengana jo dugu mezu faltsu horiei mozorroa kentzeko, eta horien zabalkundearen giltzarriez mintzatzeko. Horren ustez, datuak dira misoginiaren "tsunami" horri aurre egiteko onenak, "gizonen emakumeen kontrako biolentziaren dimentsio beldurgarria erakusten baitute".
Estatuko Fiskaltzak jakinarazitako delituen azken memoriaren (2018ko datuak) arabera, % 23 hazi dira sexu-askatasunaren kontrako delituak. Iaz Espainiako Estatuan 166.961 salaketa jarri zituzten emakumeek bikotekide eta bikotekideen kontra, eta 14 kasutan (% 0,0083) bakarrik abiatu ziren izapideak, salaketa faltsuak zirelakoan. Kasu batean bakarrik ezarri zen zigorra, eta beste batean deliturik ez zegoela ebatzi zen. Gainerakoak izapidetzen ari dira. Bada datu gehiago: 2009tik, 97 zigor jarri dira salaketa faltsuagatik, aurkeztutako salaketa guztien % 0,0069. Izapidetzen ari diren horiek kondena-epaia izango balute, gehienez ere 144 izango lirateke guztira, salaketa guztien % 0,010, alegia.
Datuok hor daude, baina, halere, salaketa faltsuen "mamua" astintzen jarraitzen dute sektore batzuek, Goebbles balira bezala. Baina noraino iristen dira gezurraren atzaparrak? Zergatik "erosten" dute batzuek salaketa faltsuen auzia saldutako prezioan?
"Misoginia ez da faxisten asmakizun bat"
Goikoetxeak argi dauka: "Uste dut batzuek ez direla kontziente sistema eta gizarte patriarkal batean bizi garela. Menderakuntza sistema hori balio, egitura eta praktika batzuetan oinarritzen da, eta horietako bat emakumeekiko gorroto sistemikoa da: misoginia. Misoginia antolatuta dago, sistema judizialean, ekonomikoan, hezkuntzan, medikuntzan, hedabideetan eta gizartean".
Adituak nabarmendu duenez, misoginia ezin diegu sektore atzerakoienei bakarrik leporatu. "Ez da faxisten asmakizun bat; gizartea da misoginoa", argudiatu du.
Salaketa faltsuen amen-omen horrez gain, "indarkeriak ez du generorik" leloa sartu du alderdi ultraeskuindarrak bere hauteskunde programaren erdigunean. Voxen sokako pertsonek elkarretaratzeak egin dituzte goiburu horrekin, eta gurera ere iritsi da harrabotsa: Pikara Magazine aldizkari feministaren egoitzan esaldi hori bera margotu zuten. Eskuin muturreko buruzagi horiek diotenez, emakumeek gizonek beste hiltzen dute, eta seme-alabak hil dituzten amen kasuak ere badira.
Zer diote datu ofizialek? Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2015ean emandako kopuruei erreparatuta, gizonek 62 emakume hil zituzten urte hartan, genero indarkeriaren baitan. Kontuan hartu behar da, dena den, indarrean dagoen genero indarkeriaren legearen arabera, bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako hilketak bakarrik zenbatzen direla estatistika ofizialean; hortik kanpo daude gizonezko ezezagunek egindakoak. Hilketa matxista guztiak zenbatzen dituen Feminicidio.net atariaren arabera, gizonek 109 emakume hil zituzten 2018an Espainiako estatuan. Etxeko indarkeriaren estatistikari begiratuta, emakumeek 10 gizon hil zituzten.

Polizia bat, indarkeria matxistaren txosten bat ondoan duela. Argazkia: EFE
Erakunde horren beste txosten batek (2016koa) bikotekide edo bikotekide ohien artean izandako hilketengatik emandako epaiak jasotzen ditu: 38 epai emakume bat hiltzegatik izan ziren (hilketen % 79) eta 10, gizon bat hiltzeagatik (kasuen % 21). Angeles Carmona Botere Judizialaren Genero eta Etxeko Indarkeriaren Behatokiko presidenteak Europa Press albiste-agentziari azaldutakoaren arabera, "Proportzioa, batez beste, honakoa da: 50 emakume eta 4 gizon. Ez dira asmatutako datuak, 2002tik ari gara datuak aztertzen. Gainera, kontuan hartu behar da zigortutako emakume askori homizidioa leporatzen zaiola, aurrez tratu txarren biktimak izan direlako. Gizonezkoen kasuan, zigor gehienak hilketagatik dira".
Datuetan oinarritutako errealitate horren aurrean, izango da burua ezker-eskuin mugitu eta esango duenik: "Ba, datuak molda daitezke. Emakume askok gezurra esaten dute, ez dira fidatzekoak". Gizartearen imajinarioan ondo txertatutako ideia da hori. Goikoetxeak horrela laburbiltzen du: "Emakumea gizarte patriarkaletan maltzurra da, irrazionala, adin txikikoa, ezgaia, menekoa, gizaki ez morala". Pentsaera hori Biblian, Platonen edota beste pentsalari ezagunen tesietan ageri da: "Freudek ere dio eta psikoanalisi modernoaren oinarria da emakumeekiko gorrotoa, hau da, misoginia. Ezagutzaren, zientzia modernoaren, diziplina eta diziplinazio nahiz sistema ekonomiko eta kultural oro gizonen gailentasun edo nagusitasun eta emakumeen gutxiagotasun ideian oinarritzen eta eraikitzen da".
Zenbaki biribil horiek ukatzerik ez dagoenean, beste aldagai bat erantsi ohi du eskuin muturrak: etorkinena. Santiago Abascal Voxeko buruzagiak parte hartu zuen lehen hauteskunde eztabaidan horri heldu zion: "Espainian hildako emakume gehienak gizon atzerritarrek hil dituzte". Gainerako hautagaiek ez zuten baieztapena zuzendu, eta egon, badago zer zuzendu. Estatuko Fiskaltzaren 2018ko datuen arabera, genero indarkeriaren 49 biktima horien hiltzaileen nazionalitateari erreparatuta, 33 espainiarrak ziren eta 16 atzerritarrak: kopuru osoaren % 33,32. Aurreko urtean ere antzeko kopurua izan zen, Fiskaltzaren esanetan.
Jule Goikoetxearen esanetan, "gizartea misoginoa izateaz gain, arrazista eta xenofoboa ere bada... Jende askori errazagoa egiten zaio euren egoeraren errua eta ardura emakume eta migratzaileei (edo katalanei edo euskaldunei, kasuan kasu) egoztea, menderakuntza eta esplotazio sistemen analisia egin eta horiei aurre egitea baino".
Euskal filosofo politikoaren ustez, eragileek, alderdiek, erakundeek eta hedabideek postulatu politiko horiek guztiak "hedatzeari eta kobertura emateari utzi beharko liokete. Are gehiago, faxismo antolatu eta finantzatuak debekatuta egon beharko luke. Baina, berriro, horrelako ideiak, ideia faxistak, misoginoak eta arrazistak gizartean daude, oso zabalduak. Gizartearen gehiengo handi bat laikoa, feminista eta kolonialismoaren eta arrazismoaren aurkakoa balitz, ez legoke arazo hau".
Goikoetxeak erantsi duenez, ultraeskuinaren diskurtso matxista eta misogino hori "zuritu ez ezik hauspotu egiten da egunero estruktura ia guztietatik, era sotilagoan: testu liburuetan, hedabideetan, artean, musikan, sistema ekonomikoaren mekanismo erregulazioetan eta politika publikoetan, tabernetan, ekimen desberdinetan... Elite ekonomiko eta politikoek egunero egiten dute, eta haienak dira hedabideak, editorial handiak...".
Zure interesekoa izan daiteke
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoko pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia heldu da, eta programazioaren zati handi bat kolokan dago teknikarien greba dela eta
Blusen eta nesken kuadrillek lore eskaintza egin diote Andre Maria Zuriari eta haren aldeko aurreskua dantzatuko dute. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du dagoeneko, eta programaren beste ekitaldi batzuk loka jarri ditu.