Norbere bizitokian eta inguruko herrietan kirola egiten utziko dute EAEn
Eusko Jaurlaritzak korrika, bizikletan ibiltzea, mendira joatea, paseatzea eta antzeko kirol jarduerak egitea baimenduko du norbera bizi den herrian eta ondoko herrietan, astelehen honetan EAE COVID-19agatik ezarritako konfinamendu egoeraren deseskalatze prozesuko 1 fasera igarotzen denetik.
Hala jasotzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Buletin Ofizialak argitaratutako dekretuak. Dekretu horretan, Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko fase honetarako ezarritako neurriak aldatu, zabaldu edo mugatuko dira.
Larunbat honetan bertan iragarri zituen muga horietako batzuk Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegitura sailburuak Nekane Murga Osasun sailburuak pandemiaren garapenaren berri ematen zuen prentsaurrekoan. Euskadin irizpide "zorrotzagoak" ezarriko direla iragarri zuen Tapiak eta herritarrak bizi diren "udalerri berean bakarrik" mugitu ahalko direla jakinarazi zuen, "salbuespenak salbuespen, Lurralde Historiko berdinean" (Estatuan baimenduta dago norbere lurraldean barruan mugitzea). Dena dela, aktibitate fisikoari dagokionez, dekretuak bai norbere udalerrian bai ondoan daudenetan egitea baimenduko du (beti ere norbere herritik abiatuta).
Dekretuak jasotzen duenez, kirola egin ahal izango da "osasun agintariek ezarritako segurtasun neurriak eta osasun zein higiene neurriak errespetatuz" bai bizilekuan baita ondoko herrietan ere.
Kudeaketa pribatuko kirol instalazioak ireki egin ahal izango dira eta bertara joan ahal izango dute herri horretako biztanleek zein ingurukoek Estaturako jarri diren mugekin. Kiroldegi publikoak, berriz, itxita egongo dira ekainaren 1era arte.
Mugikortasun eta zirkulazio askatasunari dagokienez, dekretuak dio herritarrek hiru Lurralde Historikoen artean mugitu ahal izango dutela "osasun arrazoiengatik, lan arrazoiengatik, etxera itzultzeko, hezkuntza arrazoiengatik, eta bisitak egiteko ere bai, bisitatu behar dena zaintza behar duen adineko bat, dependentziaren bat, desgaitasunen bat edo beharrean dagoen norbait bada; nahiz antzeko arrazoiengatik".
Norbere herrian inolako mugarik gabe ibili ahal izango da (orain arte gehienez kilometro batera arteko paseoak eman zitezkeen).
Era berean, ondoan diren herrien arteko mugikortasuna baimenduko da "jarduera sozioekonomikoak" egiteko, baina "osasun arrazoiak medio, norbere herritik kanpoko mugimenduak ahalik eta gehien mugatzea gomendatzen da".
1 fase honetan itxita egongo dira liburutegiak, museoak eta ikuskizun zein jarduera kulturalak egiten diren lokalak.
Bizi Berri Plana
Dekretuak jasotzen duenez, Espainiako Gobernuaren "normaltasun berrirako trantsiziorako Planean" jasotzen diren konfinamenduaren arintze eta prebentzio neurrien baitan, Eusko Jaurlaritzak Osasun Ministerioarekin adostu du 0 Fasetik 1 Fasera igarotzeko proposamena, Bizi Berri Jaurlaritzaren deseskalatze estrategia zehazten duen planarekin bat eginez.
"Kogobernantzaren filosofiaren baitan egin den akordio honek ia puntu gehienetan bat egiten du Espainiako Gobernuak 1 faserako aurreikusitako neurriekin" dio dekretuak, eta era berean, bien arteko akordioak Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko disposizio bereziak ere jasotzen ditu.
Eusko Jaurlaritzak 1 fasera "zuhurtzia eta segurtasun plus batez, zorroztasun zientifikoz, eta progresibitatearen ikuspegi batekin" igarotzeko neurriak hartu dituela jasotzen du dekretuak.
Estrategia honen oinarria "gertutasun printzipioa eta euskal errealitatearen ezagutza" dela dio testuak, eta "pandemiaren zabalkundeari aurre egiteko irabazitakoa babestea" izan dela helburua, "atzera egiteak neurri gogorragoak hartzea ekar ez dezan".
"Eusko Jaurlaritzak zorroztasunez eta sendotasunez prestatu nahi du hemendik bi astera ebaluatu beharko den 2 fasera igarotzeko bidea. Horregatik, beharrezkoa da azken bi hilabeteotan lortutakoari segurtasunez eustea" dio dekretuak.
"Une honetan, prozesu honen oinarria kasu positiboak ahalik eta azkarren atzeman eta eraginkortasunez isolatzea da, baita kontaktuak identifikatzea ere" eta "lehentasun hori -kasuak zabaltzen ez hastea eta kontaktuak ez deskontrolatzea, da pertsonen arteko mugikortasuna mugatzen duen dekretu honen oinarria" azaltzen du Eusko Jaurlaritzak.
Ezustekoa sare sozialetan
Atzo Eusko Jaurlaritzak 1 faseari EAEn murrizketak ezarriko zizkiola iragarri eta gero, gaia pil-pilean egon da azken ordu hauetan sare sozialetan. Gaur, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin egin dizkioten elkarrizketa banatan, Tapia sailburuak, Bizi Berri Planaren koordinatzaile ere izango denak, ukatu egin du Bizkaiko edo Bilboko egoerak kezka berezirik sortzen dienik eta horrek baldintzatu duenik erabaki murriztailea.
Zentzu horretan, eta bihar argitaratuko den dekretuak ere jasotzen duenez, Tapiak esan du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Osasun Ministerioari igorri zion dokumentuan deseskalatzea aplikatzeko "unitate geografikoa Euskadi dela" adierazi ziola, "beste gauza bat da pandemiaren garapenaren datuak Lurralde Historikoen arabera, herrien arabera, eta osasun guneen arabera aztertzea"
Dekretuak dioenez, "unitate geografiko hori erabiltzea aholkatzen dute osasun antolaketagatik, mugikortasun arrazoiengatik, Euskadiren ezaugarri geografikoengatik eta garapen epidemiologikoaren inguruko arrazoiengatik".
Zure interesekoa izan daiteke
1,1 milioi euro utzi ditu Primitivak Bilbon
Astarloa kaleko 3. zenbakian dagoen 11 zenbakia duen Loteria Administrazioan zigilatu zuen txartela asmatzaileak.
25 pertsona artatu dituzte EAEn igande honetan izandako tenperatura altuen ondorioz
16 eta 94 urte bitarteko pertsonak dira artatuak. Horietatik zortzi tokian bertan artatu dituzte sendagiria eman diete; beste 17ak, aldiz, anbulantzian eraman dituzte osasun zentroetara eta ospitalera, jarraipena egiteko, baina ez daude larri.
Mañeruko sutea egonkortu dute, eta pertsona bat eraman behar izan dute ospitalera kea arnastu duelako
Hainbat etxebizitza hustu behar izan dituzte Mañerun, eta A-12 errepidea bi orduz itxita egon da, pilatu den keagatik.
30 urteko gazte bat hil da Sopuertan, trafiko istripu bat izan ostean
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, istripua 02:10 aldera gertatu da; gidatzen ari zen ibilgailua errepidetik atera da eta horma baten kontra jo du. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean hil da handik ordu batzuetara.
Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidente ohia hil da
1947an Ataunen jaioa, gaur egun, Gaindegia behatokiko presidentea eta Jakiundeko akademiako ohorezko kidea zen.
Sute txikiak, atzerapenak Metroan, arazoak TUVISAn... hainbat gorabehera eragin ditu beroak
Muskizen, Arena hondartzatik gertu, sute txiki bat izan da, eta horrek ikuspena zaildu du. Bestalde, Metro Bilbaoren zerbitzua eten egin da beroak arazo teknikoak eragin baititu. TUVISAk ere gorabeheren berri eman du bere zerbitzuan.
Polemikaz inguratura itzuli da Sokamutura Eibarrera, zortzi urteren ostean
Eibarren azken sokamuturra egin zutenetik 8 urte igaro direnean, gaur berriro egin dute halako bat bertan. Udalak aurten festetako egitarauan sartzea erabaki du, eta polemika handia izan da aurreko asteetan. Hala ere, arazorik gabe egin da. Parte hartzaile asko izan dira, batez ere gazteak, eta sokamuturren aurka dauden dozena bat lagun ere bertaratu dira, protesta egiteko.
Arenako hondartzatik gertu sastraka batzuek su hartu dute, eta kea A-8raino heldu da
Sastraka batzuek su hartu dute Muskizen, Arenako hondartzatik gertu, eta A-8raino heldu da kea. Larrialdietarako zerbitzuek jakitera eman dutenez, A-8ko zati bati ere eragin dio, eta, ondorioz, zirkulatzeko arazoak izan dira. Suhiltzaileak bertaratu dira sua itzaltzera, inguruko beste sail batzuetara zabal ez zedin.
Bizirik topatu dute Gasteizen desagertutako 56 urteko emakumea
Desagerpenak kezka sortu zuen eta mobilizazio handia eragin zuen sare sozialetan.
15 urte martxan daramatzan Iraetako Trena elkarteak tren txikien X. topaketa egin du gaur
Bost hazbeteko, edo bestela esanda, 12 zentimetroko errailetan ibiltzen diren trenak jarri dituzte. Batzuek ikatzez ondo hornitu dituzte eta besteek ezustekoei aurre egin behar izan diete.