287 kasu gehiago atzeman dituzte EAEn eta 311 Nafarroan
EAEn, 287 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Zehazki, Euskadin baieztatutako kasu berrietako 169 Bizkaian atzeman dituzte, 86 Gipuzkoan eta 26 Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren sei pertsonak eman dute positibo azken orduetan EAEn egindako PCR probetan.
Gaitza atzemateko 6.721 PCR proba egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Horrela, % 4,27ra jaitsi da astelehenean egindako PCR proben gaineko positiboen ehunekoa.
Araban, kutsatu gehienak Gasteizen atzeman dituzte (17). Bizkaian, berriz, askoz zabalduago dago gaitza udalerrien artean: Bilbon, adibidez, 58 kasu baieztatu dituzte, Getxon 19, Santurtzin 10 eta Durangon zortzi. Gipuzkoako egoerari dagokionez, Donostian 27 kutsatu zenbatu dituzte, Hernanin sei eta Irunen zein Ordizian lau.
Koronabirusak Euskadin eragindako egoera epidemiologikoari buruzko bilakaera esteka honetan dago eskuragarri. Azken orduetan herriz herri atzemandako positibo berriak ageri dira bertan, bai eta pandemia hasi zenetik zenbatutako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako sailkapena ere.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun 60 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko oharrean emandako datuen arabera. Une honetan, COVID-19a duten 319 pertsona daude gela arruntean; horietatik, 39 azken orduetan ospitaleratu dituzte.
Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 155 emakumeak dira eta 132 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 69 urte baino gutxiago dituzte; batez ere, 20 eta 29 urte bitartean (47 kasu).
COVID-19a duten 23 pertsonak 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta 25ek, berriz, 30 eta 39 urte bitartean. Halaber, azken orduetan atzemandako 27 kasutan, gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.
Osasun Sailak jakinarazi duenez, positibo eman duten 47 pertsonak 40 eta 49 urte bitartean dituzte, 40k 50 eta 59 urte bitartean, 28k 60 eta 69 urte bitartean eta beste 56k 70 urtetik gora.
0,89 da gaurko R0 indizea (atzo 0,9 zen).
Zortzi hildako Euskadiko egoitzetan
Bizkaiko adinekoen egoitzetako lau erabiltzaile hil dira azken orduetan, eta, beraz, orotara 41 pertsona hil dira zentro horietan, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Gipuzkoan, Donostiako Alai-Etxe egoitzako 98 urteko erabiltzaile bat eta Errenteriako Jesusen Bihotza zentroko 98 urteko beste egoiliar bat hil dira azken orduetan, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak jakinarazi duenez.
Araban, Gasteizko Tagore egoitza pribatuko beste bi erabiltzaile hil dira COVID-19arekin; beraz, dagoeneko hiru dira pandemiaren bigarren bolada honetan koronabirusarekin hil diren pertsonak.
Arabako Foru Aldundiak astearte honetan jakitera eman du ospitalean hil direla positibo emandako bi erabiltzaile horiek.
Nafarroak 311 kasu positibo atzeman ditu
Nafarroan 311 kasu positibo berri izan ziren atzo, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 2.230 PCR proba (% 13,5) egin ostean. Nafarroa da biztanleria kopuruari dagokionez PCR gehien egiten duen bigarren erkidegoa, 1.000 biztanleko 280,29ko tasarekin, Osasun Ministerioaren datu ofizialen arabera.
Atzo, gaixotasun horrekin lotutako 13 ospitaleratze izan ziren Nafarroako ospitaleetan, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean. Gainera, 90 urteko emakume bat hil zen koronabirusaren ondorioz. 548 dira jada Nafarroako Foru Erkidegoan koronabirusarekin hil direnak.
Zonaldeka, Iruña eta Iruñerrian positiboen % 58 erregistratu dira, Tuteran % 17 eta Lizarran % 13.
Adin-tarteen araberako kasuen banaketari dagokionez, 15-29 urtekoen taldea eta 30-44 urtekoena dira nagusi, kasuen % 22arekin biak ala biak, eta, ondoren, 15 urtetik beherakoena eta 45-59 urtekoena, kasuen % 21arekin biak ala biak. Ondoren, 60 eta 75 urte bitartekoen taldea dago (% 10), eta, azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea (% 4). Kasu berrien batez besteko adina 36,2 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 59 emakumeak dira eta % 41 gizonak.
Nafarroako ospitale sarean 138 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin: horietako 10 zainketa intentsiboetako unitateetan daude, beste 18 etxeko ospitaleratzean eta gainerakoak, 110 paziente, gela arruntetan.
Nafarroako adinekoen egoitzek 31 kasu aktibo dituzte erabiltzaileen artean eta 48 langileen artean, Carmen Maeztu Eskubide Sozialen kontseilariak astearte honetan Parlamentuan emandako datuen arabera.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 13.421 dira gaur egun.
Espainiak hildakoen kopuru orokorra 30.004ra igo du
Espainiako Osasun Ministerioak 9.437 COVID-19 kasu zenbatu ditu astearte honetan, eta horietatik 3.022 diagnostikatu dituzte azken 24 orduetan, asteleheneko 3.023ekin alderatuta; horrek Espainian koronabirusagatik kutsatutako pertsonen kopurua 603.167ra igo du, Kataluniako datuen faltan.
Era berean, Salvador Illak zuzentzen duen Departamentuak 156 hildako gehiago izan direla jakinarazi du astearte honetan. Beraz, koronabirusaren ondorioz hildakoen kopuru orokorra Espainian 30.004 pertsonakoa da.
Gaur egun, 9.752 paziente daude ospitaleratuta Espainia osoan, eta 1.273 zainketa intentsiboetako unitateetan, baina azken 24 orduetan 1.229 ospitaleratze eta 1.035 alta izan dira. Koronabirusaren ondorioz okupatutako oheen okupazio-tasa % 8,5ekoa da.
Zure interesekoa izan daiteke
Musikenek "arretaz" ikertuko du harpa irakasle batek ikasleei emandako tratua
Musikeneko Zuzendaritzak "kaltetua izan daitekeen edonori" jakinarazi dio "zentroaren arreta osoa" izango duela, eta, horretarako, ikastetxeak "eskura dituen bideen bidez harremanetan jartzeko" eskatu du.
San Joan suak bertan behera utzi dituzte herri askotan, muturreko beroagatik
Nafarroako Gobernuak San Joan surik ez egiteko gomendatu du. Eusko Jaurlaritzak ez du gomendio orokorrik eman eta herri bakoitza bere erabakiak hartzen ari da. Hala, Iruñean, Barakaldon, Urretxun, Zumarragan, Sopelan, Berangon, Gernikan eta Muxikan, besteak beste, ez da surik piztuko.
EHUko errektoreak ohartarazi duenez, kalifikazioak "ezin dira presio sozial, politiko edo mediatikoagatik zehaztu"
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak adierazi du kalifikazioak "ezin direla zehaztu presio sozial, politiko edo mediatikoagatik". Horrekin batera, USaPeko euskara azterketetan izandako zenbait notek eragindako polemikaren harira, esan du ikasleen eskubideak defendatzeak "ebaluazio-sistemaren inpendendentzia defendatzea" dakarrela.
Pedrosa sailburuak jakinarazi duenez, USaPeko euskara azterketan zeroen % 47 ebaluatzaile berak jarri zituen
Azterketa horretan jarritako 168 zeroetatik 108, 11. eta 12. epaimahaiek zuzendutako azterketei dagozkie; guztien % 64,3.
Berrikuspenaren ondoren, euskara azterketako zeroak murriztu egin dira, baina "igoera esanguratsurik gabe" kasu gehienetan
Unibertsitatera sartzeko proben behin betiko kalifikazioak argitaratu dituzte eta EHUko errektoreak balorazioa egin du: ebaluazio- eta berrikuspen-sistemaren alde egin du.
Haur-eskolak 13:00etan itxiko dira gaurtik aurrera, muturreko beroagatik
Haurreskolen Partzuergoak bere eskolak ohi baino goizago ixtea aurreratzea erabaki du, tenperatura altuak direla eta. Neurria datozen egunetan egongo da indarrean, kontrakoa erabaki arte.
Bi pertsona atxilotu dituzte Plentziako hondartzan, lapurretetan ari zirela eta udaltzainei erasotzeagatik
Halaber, Ertzaintza bi adingabe ikertzen ari da, igande honetan Plentziako hondartzan izandako gertakarietan parte hartu zutelakoan, hainbat lapurretarekin lotutako polizia-operazio batean.
1,1 milioi euro utzi ditu Primitivak Bilbon
Astarloa kaleko 3. zenbakian dagoen 11 zenbakia duen Loteria Administrazioan zigilatu zuen txartela asmatzaileak.
25 pertsona artatu dituzte EAEn igande honetan izandako tenperatura altuen ondorioz
16 eta 94 urte bitarteko pertsonak dira artatuak. Horietatik zortzi tokian bertan artatu dituzte sendagiria eman diete; beste 17ak, aldiz, anbulantzian eraman dituzte osasun zentroetara eta ospitalera, jarraipena egiteko, baina ez daude larri.
Mañeruko sutea egonkortu dute, eta pertsona bat eraman behar izan dute ospitalera kea arnastu duelako
Hainbat etxebizitza hustu behar izan dituzte Mañerun, eta A-12 errepidea bi orduz itxita egon da, pilatu den keagatik.