Macronek beste konfinamendu bat iragarri du Frantziako Estatu osorako
Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak iragarri du estatu osoa konfinatuko duela, martxoan baino neurri arinagoekin, pandemiaren zabalkundea gelditzeko asmoz.
"Kutsatzeak bortizki geratu" behar dira ospitaleek gainez egin ez dezaten, Macronek telebistaz emandako agerraldi batean azaldu duenez.
Agintariak zehaztu duenez, ostiralean, hilaren 30ean, sartuko da indarrean konfinamendua, eta "gutxienez" hilabete iraungo du, abenduaren 1a arte. Arduraz jokatzea eskatu die herritarrei, bigarren olatua mantsotzeko, eta "lehenengo olatua baino gogorragoa eta hilkorragoa" delako.
"Birusa Frantzian barreiatzen ari da aurreikuspen ezkorrenak baino are azkarrago. Aitortu behar dugu, gure bizilagunei bezala, guri ere gainez egin digula pandemiaren bizkortzeak", azaldu du Macronek audientzia altueneko garaian egin duen agerraldian.
Macronek zehaztu du eskolak irekita egongo direla, telelana sustatuko dela, eta zaharren egoitzetako eta mendekotasunak dituzten pertsonak zaintzeko zentroetako bisitak baimenduta egongo direla.
"Fabrikek, nekazaritza ustiategiek eta obra publikoek martxan jarraituko dute. Ekonomia ez da gelditu behar, ez du hondoa jo behar", adierazi du. "Oinarrizkoak ez" diren lokalen artean, taberna eta jatetxeek itxita egon beharko dute.
Macronek azpimarratu du Europako mugak irekita egongo direla, baina "kanpokoak, salbuespenak salbuespen, itxita". Atzerrian dauden herritarren kasuan, itzultzeko aukera izango dute, eta test azkarrak egingo dizkiete iristen direnean.
Frantziako Gobernuak 15 egunean behin aztertuko du pandemiaren egoera, eta unean-unean erabakiko du murrizketa gehiago jarri behar diren edo, egoerak hobera egiten badu, neurri batzuk altxatuko diren.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik
Alzheimerra geldiarazteko gai diren bi botikak gizarte segurantzan sartzeko galdegin dute neurologo eta elkarteek
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Migratzaileen aurkako tentsioak gora egin du Ceutan, Negu Gorriaken aurkako protesta batean