Euskadik 453 positibo berri eta % 4,7ko positibotasun tasa atzeman ditu
Covid-19aren pandemiak 453 kasu positibo berri utzi ditu astelehenean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bezperan baino 35 gehiago, baina positibotasun tasa % 4,7ra jaitsi da. Gainera, 168 gaixo zainketa intentsiboen unitatean daude, aurreko egunean baino bi gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astearte honetan emandako datuen arabera.
100.000 biztanleko 14 egunetan kasuen tasa metatua 450,20koa da, eta ugalketa-indizea 0,80koa; horrek esan nahi du, "tontorreraino iritsi ostean, intzidentzia-kurbaren jaitsiera-fasea finkatu dela", Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez.
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Sagarduik gogorarazi du otsailean pilatutako intzidentzia handiena 668,45 kasu izan zirela, azaroan baino txikiagoa (844,97). Testuinguru horretan, "hartutako neurriak egokiak izan direla ondoriozta liteke".
Hala ere, "erne" egoteko beharra azpimarratu du; izan ere, helburua 100.000 biztanleko 14 egunetan pilatutako tasa 60 ingurukoa izatea da, eta "oraindik urrun gaude". "Ez da erlaxatzeko unea", azpimarratu du.
Euskadi larunbatean atera zen gune gorri horretatik, bertan sartu eta 23 egunera, eta, ordutik, 100.000 biztanleko 14 egunetan intzidentzia-tasa metatuak behera egin du pixkanaka, 450,2 kasutan kokatu arte (atzo baino 20 puntu gutxiago).
Zehazkiago, 9.565 test diagnostiko egin dituzte astelehenean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (6.221 PCR eta 3.344 test antigeno), aurreko egunean baino 2.015 gehiago, eta horien guztien artetik 453 kutsatze berri atzeman dituzte: 45 Araban, 293 Bizkaian, 106 Gipuzkoan. Gainera, ohiko bizilekua Euskaditik kanpo zuten bederatzi pertsonak eman dute positibo.
Adin tarteka, 0-18 urteko taldean 131 kasu izan dira azken egunean eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa 679,18 kasukoa da; 19-39 urteko taldean 94 positibo izan dira (468,58), 40-64 urtekoenean 179 (437,50), 65-79 urtekoenean 30 (270,95) eta 80 urtetik gorakoen artean 17 (306,61).
Halaber, koronabirusaren intzidentzia tasa metatua 450,20 kasukoa da erkidego osoan (Araban 418,52, Bizkaian 483,71 eta Gipuzkoan 393,08), eta gaitzaren birsorkuntza tasa 0,80 (Araban 0,80, Bizkaian 0,85 eta Gipuzkoan 0,71).
Hiriburuetako egoerari dagokionez, intzidentzia tasa 447,83 kasukoa da Gasteizen, 534,52koa Bilbon eta 360,76koa Donostian. 5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Bizkaiko Basauri, Berango, Bermeo, Derio, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Santurtzi eta Sopela eremu gorrian daude, 500dik gora kasurekin 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatuan. Gipuzkoan, egoera berean daude Astigarraga, Bergara, Elgoibar, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo eta Onati.
Azkenik, ospitaleen egoera hizpide hartuta, koronabirusaren ondorioz 60 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, eta guztira 438 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean baino 36 gutxiago. Gainera, gaitza duten 167 pertsona zainketa intentsiboen unitatean daude, bezperan baino hiru gutxiago.
Covid-19aren pandemiaren ondorioz, % 7,8 igo dira heriotzak Euskadin 2020ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko epe berarekin alderatuta, eta % 12,5 azken hamar urteetako batez bestekoarekin alderatuta, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak astearte honetan jakitera eman dituen datuen arabera.
Zaharren egoitzetako egoera
Azken orduotan pertsona bat hil da Arabako egoitzetan, baina covidaren kasu positiboen kopurua ia erdira jaitsi da azken zazpi egunetan, 22 kasu erregistratu baitituzte, aurreko astean baino 19 gutxiago.
Dagoeneko 43 adineko hil dira pandemiaren bigarren bolada honetan, eta 13 pertsona osatu dira zazpi egun hauetan.
Zentro geriatriko pribatuek 19 positibo eman dituzte eta foru sareak hiru kasu ditu gaur egun.
Guztira 300 pertsonak gainditu dute gaixotasuna pandemiaren azken hilabeteetan, eta 38 profesional soziosanitario bajan daude gaur egun, koronabirusagatik.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak adierazi duenez, egoitzetako positiboen kopuruak behera egin du, gizarte osoko kutsatze tasak behera egin baitu.
Bestalde, Bizkaiko erresidentzietan ere adineko bat hil da azken 48 orduetan. Gaur-gaurkoz 28 dira lurralde honetan zaharren egoitzetan covid-19ak jota dauden pertsonak, azken zenbaketan baino 21 gutxiago.
Foru Aldundiak atzo emandako datuan arabera, adinekoen egoitzetan bederatzi egoiliar daude kutsatuta (duela bi egun baino sei gutxiago).
Ospitaletan, baina, beste zortzi adineko daude (azken zenbaketan baino bederatzi gutxiago).
Azkenik, Gipuzkoako zahar-egoitzetan ez da inor hil azken orduetan, eta ez dute covid-19 kasu berririk atzeman. Gainera, pertsona batek gaixotasunari aurre egitea lortu du. Hortaz, zazpi dira, guztira, otsailaren 16 honetan birusak jota dauden pertsonak.
Aipatzekoa da, halaber, Eibarren eta Ordizian birusarekin kutsatutako pertsonentzat prestatutako zentroetan sei lagun daudela.
Bigarren olatua hasi zenetik, abuztuaren 11tik, 154 pertsona hil dira zaharren egoitzetan covid-19aren ondorioz, eta 669k gainditu dute gaixotasuna.
Nafarroako egoera
Covid-19 kasuek gora egin dute Nafarroan, baina oraindik ere hirurogeiko muga gainditu gabe jarraitzen dute. 1.746 proba (777 PCR eta 969 antigenoen test) egin zituzten atzo, eta 57 positibo atzeman zituzten. Positiboen tasa, beraz, % 3,26an dago, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.
10.657 kasu berri eta 530 hildako espainiar Estatuan
10.657 covid-19 kasu gehiagoren berri eman diote autonomia erkidegoek astearte honetan Osasun Ministerioari. Kasu horietatik 3.857 azken 24 orduetan atzeman dituzte; astelehenean, berriz, 1.876. Hartara, pandemia hasi zenetik 3.096.343 pertsona kutsatu ditu birusak.
Halere, azken 14 egunetako datuak kontuan izanda, intzidentzia tasak behera egin du, 100.000 biztanleko 385,65 kasutan kokatu arte. Astelehenean, ostera, 416,91n zegoen tasa, Carolina Dariasek zuzendutako ministerioak jakitera eman zuenez.
Hildakoei dagokienez, 530 heriotza berri zenbatu dituzte astearte honetan eta 1.290 aste honetan. Orotara, espainiar Estatuan 65.979 lagun zendu dira pandemia hasi zenetik.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikerbasquek 30 ikertzaile erakarri eta 49 milioi euro baino gehiago bildu zituen 2025ean ikerketarako funtsetan
Urtearen amaierarako, 35 herrialdetako 417 profesional zeuden, eta 1.685 lagunek fundazioko langileek gidatutako taldeetan lan egiten zuten.
Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela deitoratu du Amaya Zabarteren senarrak
Epaileak Amaia Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa bakarrik izan duela kontuan, lekukoek ziotena eta frogak alde batera utzita. Kasua auzitegi probintzialera iristen denean jarri du itxaropena, orduan espero baitu benetako justizia iristea.
Eureka! Zientzia Museoak ekainaren amaieran itxiko ditu ateak, 25 urteren ondoren
Kutxa Fundazioak ATENEA proiektua bultzatuko du, Tabakaleran, eta jakintza-eredu irekiagoa eta diziplinartekoa proposatuko duena.
Hondarribiak "berariaz" landuko du Alardea Berdintasun Planean, "gatazkaren konponbidean aurrera egiteko"
Udal arduradunek esan dutenez, Emakundek egindako txosten batek ezartzen du Berdintasun Planak gai horri heldu behar diola, "parte-hartzean dauden desorekak direla eta".
Fiskaltzak 22 urteko eskaera mantendu du adingabeei sexu-mesedeak eskaintzeagatik epaitutako Irungo irakaslearentzat
Defentsak, bere aldetik, akusatuaren absoluzioa eskatu du, irakasleakustezko biktimekin "adiskidetasun" harremana soilik zuela eta deliturik ez duela egin iritzita.
Benetako pobrezia % 4tik % 6,1era igo da Euskadin, gizarte-desberdintasunei buruzko inkestaren arabera
Familiek eguneroko gastuak ordaintzeko duten gaitasuna hobetu bada ere, oporretan joateko eta hamar urte baino gutxiagoko autoa izateko zailtasunak areagotu dira.
Eder Perez (BFF): "Epaileen aurkako indarkeria desagertu egin behar da, eta epaileen batzordeak hartzen dituen erabakien alde gaude, % 100ean"
Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak argi adierazi du "epaileak babestea" dela lehentasuna. Basaurin izandako gertaera jakin horrez gain, egoerari modu orokorrean begiratu eta epaileen kontrako indarkeriarekin amaitu beharra dagoela esan du. Haren hitzetan, Federazioak eta futbolaren egitura osoak lan egin beharko dute horretarako.
Gizon bat atxilotu dute eta hiru adingabe ikerketapean dituzte, irakasleen kontuetara iruzur eginez sartzeagatik
Ikerketapean dauden adinez txikikoak Tuterako ikastetxe bateko ikasleak dira, eta atxilotua, berriz, Iruñean atxilotu dute.
Metak 375 milioi dolarreko isuna ordaindu beharko du, haurren esplotazioagatik eta erabiltzaileen segurtasuna urratzeagatik
Mexiko Berriko fiskalaren arabera, enpresak adingabeengana heltzeko ia mugarik gabeko sarbidea ematen zien “harrapari sexualei”, eta horri esker biktimekin harremanetan jartzen ziren.
Zigorrak ezarri dizkiete Basauri BEA taldeari, entrenatzaileari eta lau jokalariri, epaile neska bati eraso egiteagatik
Klubak hiru partida ateak itxita jokatu beharko ditu; entrenatzaileari eta jokalariei, berriz, lau eta sei partida arteko zigorrak ezarri dizkiete. Gainera, isun ekonomikoak ordaindu beharko dituzte; klubaren kasuan, 600 eurokoa.