INDARKERIA MATXISTA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gizon bat espetxeratu dute, Urnietan emakume bati labanaz mehatxu egitea egotzita

Emakumearengandik urruntzeko agindua ere urratu du. Etxebizitzan sartu eta bikotekide ohiari eta haren adin txikiko semeari mehatxu egin die.

Ertzaintzak 28 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Urnietan, emakume bati labanarekin mehatxu egin izana egotzita. Halaber, emakumearengana ez gerturatzeko indarrean duen agindu judiziala urratzea ere leporatu diote.

Aipaturiko gertaerak asteazken goizaldean gertatu ziren, Urnietan. Telefono-dei bat jaso ondotik, Ertzaintza ustez erasoa jazo zen eraikinean bertaratu zen.

Hara joandako ertzainek gizon bat ataritik korrika irteten ikusi zuten, ihesi, antza.

Eremu komunak aztertu ondoren, agenteak etxera sartu ziren, eta bertan aurkitu zuten emakumea; markak eta urradurak zituen lepoan, eta oso urduri zegoen.

Etxebizitzan egindako miaketan, gizon bat aurkitu zuten ohe azpian ezkutatuta. Identifikatu ondoren, emakumearengandik urruntzeko agindua urratu zuela egiaztatu zuten.

Ertzaintzaren arabera, kautelazko neurria hautsiz etxebizitzara sartu zen ustez sukaldeko labana batekin emakumeari eta haren adin txikiko semeari mehatxu egiteko.

Hori guztia dela eta, Ertzaintzak gizona atxilotu egin zuen urruntze agindua urratzea eta genero-indarkeriaren ustezko delitu bat leporatuta.

Atxilotua epailearen aurrera eraman zutenean, Donostiako Guardiako Epaitegiak gizona Martuteneko kartzelan sartzeko agindua eman zuen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elon Musk bat dator Anthropic eta OpenAI lehiakideekin, adimen artifiziala moteldu behar dela

Anthropiceko Dario Amodeik adimen artifizialaren (AA) garapena moteltzeko eskatu zuen ostiralean, segurtasun arriskuengatik, eta eskaera horren alde egin dute lehiakideek, OpenAIko Sam Altmanek eta xAIren sortzaile Muskek. OpenAIko eta Anthropiceko liderrek iragarri dute ebaluatzaile independenteei beren sistemak ikuskatzea ahalbidetuko dietela, baina Muskek ez du hori argitu.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Oihane Mateos Oria, duela gutxi hildako lankide eta laguna, gogoan izan du Dani Alvarezek Gasteizko FesTVal jaialdian

Aste gogorrak izan dira azken hauek Orain eta EITBko Albistegietako lantalde guztiarentzat. Dani Alvarez lankideak Gasteizko FesTVal jaialdian esan duen bezala, "bizitzako injustizia bategatik goizegi joan berri da Oihane Mateos Oria". Bere irribarrea, energia eta lanerako grina beti izango dira gure artean, ordea. Hemen Daniren hitzak gaur iluntzean, sari bat banatu aurretik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X