KORONABIRUSA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osakidetzak urrats berriak eman ditu % 65eko presentzialtasuna lortzeko

Aurrerantzean osasun-zentroek ez dute covid edo ez-covid banaketarik izango, eta herritarrei ohiko osasun-zentroan emango zaio arreta. Covid sintomatologia duten gaixoak ordutegi zehatzetan artatuko dira.
Gotzone Sagardui Osasun sailburua gaiur goizeko prentsaurrekoan
Gotzone Sagardui Osasun sailburua gaiur goizeko prentsaurrekoan. Irudia: EITB Media

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, Osakidetzak Lehen Mailako Arretan presentzialtasuna areagotzen jarraitu nahi du; izan ere, presentzialtasuna % 50 ingurukoa da gaur egun, eta erronka urte amaieran % 65era iristea da, pandemiaren aurreko mailara, hain zuzen ere.

Horrela, pixkanaka neurri berriak hartuko dituzte. Esaterako, osasun-zentroek ez dituzte aurrerantzean covid eta ez-covid arloak bereiziko, eta herritarrei ohiko osasun-zentroan emango zaie arreta. Covid sintomatologia duten gaixoak, baina, ordutegi zehatzetan artatuko dituzte.

Era berean, Sagarduik azpimarratu du pandemian zehar ezarritako hainbat egitura ezabatzen hasiko direla lekua aurrezteko asmoz. Proba diagnostikoak egiteko moduluak, manparak, barne-zirkuituak edo itxarongeletako zigiluak, esaterako, kendu egingo dituzte.

Amaitzeko, sailburuak esan du Osakidetza webgunearen bidez hitzordua eskatzeko sistema berri bat diseinatzen ari dela, presentzialtasun handiagoko eskaera horri modu ordenatu eta seguruan erantzuteko.

Sagarduiren arabera, "ezin da egun batetik bestera deseskalatu, urratsez urrats joan behar dugu". Telefono bidezko arreta gelditzeko etorri dela gaineratu du, "auzi burokratikoak konpontzeko eta zalantzak argitzeko tresna egokia" dela uste baitu.

Txertaketa-gune handiak itxiko dira

Osasun sailburuaren hitzetan, aste honetan itxiko dituzte covid-19aren aurkako txertaketa gune nagusiak Euskadin, immunizazio kanpaina amaitzear baitago.

Eremu horietan, bi milioi dosi baino gehiago jarri dituzte, Osakidetzak emandako txertoen % 66, hain justu. Gaur egun, 12 urtetik gorako biztanleen % 90ek txertoaren dosi bat jaso dute gutxienez, eta % 88,4k txertoaren pauta osatu dute.

Astelehen honetan Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Sagarduik azpiegitura horien balioa azapimarratu zuen, eta bertan lanean aritu diren profesionalen lana goraipatu, baita gizarteak txertoa hartzeko deiari emandako erantzuna ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Zure interesekoa izan daiteke

bisonte-hezurdura-urbasa-nafarroa
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Duela 4.000 urteko bisonte baten hezurdura topatu dute, ia osorik, Urbasan, eta Iberiar penintsulan dokumentatutako lehen bisonte europarra izan daiteke

Maria Chivite presidenteak eta Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak "garrantzi zientifiko handiko" aurkikuntza aurkeztu dute astelehen honetan. Aurkikuntza “bakarra” da Iberiar penintsulan, eta Arrafela leizean egin zen, Kultura Departamentuak sustatutako esku-hartze arkeologiko batean, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Madrilgo Historia Naturalaren Museoaren parte-hartzearekin, besteak beste.

Zaldibar Argituren bilkura hondamendiaren 6. urteurrenean
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Zaldibar Argitu plataformak auziaren instrukzio fasea amaitzeko galdegin du hondamendiaren 6. urtemugan

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak gogoan, urtero legez, ekitaldia egin du herri plataformak Eitzaga auzoan. Bildutakoek esan dutenez, "gogaituta" daude, epaitegiak 72 hilabete baitaramatza ingurumen delituak ikertzen. "Argitu dadila dena", aldarrikatu dute. Horrez gain, zabortegiaren zati bat "babesik gabe" dagoela eta bertako hondakinak "zuzenean errekara jausten" ari direla salatu dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X