Hizkuntza politika
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskara sustatzeko Hiruko Ituna luzatu dute 2025era arte

Ipar eta Hego Euskal Herriko administrazioen arteko lan-hitzarmen bat da, euskararen erabilera sustatzeko hezkuntzan, aisialdian, sozioekonomian, kirolean eta ikerkuntzan.
Hiruko Itunaren sinatzaileak, Baionan. Argazkia: IRekia
Hiruko Itunaren sinatzaileak, Baionan. Argazkia: IRekia

Euskal Herriko administrazioek lau urtez luzatu dute, 2025era arte, Hiruko Ituna deiturikoa, hezkuntzan, aisialdian, sozioekonomian, kirolean eta ikerketan euskararen sustapena bermatzeko erakunde arteko lankidetza protokoloa.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Herritarren eta Erakundeen Harremanetarako kontseilariak eta Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak berritu egin dute 2017an Iruñean izenpetutako lan-hitzarmena.

Hiru ordezkariek bere egin dute euskararen irakaskuntza garatzeko beharra, eta horretarako, beste lurraldeetan ikasketak egin nahi dituzten ikasleen mugikortasuna sustatzeko bideak aztertuko dituzte, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Era berean, pertsona helduak euskalduntzeko eta ebaluazio sistemak eta probak diseinatzeko lan egiteko konpromisoa hartu dute.

Zupiriak esan du lan-hitzarmena martxan egon den lau urteetan agerian geratu dela "zein garrantzitsua den bakoitzaren aukerak eta erritmoak errespetatuz lan egitea", guztiek ez dituztelako aukera eta baliabide berberak.

Etorkizunari begira, eman beharreko pausoak "adostea" eskatu du, "buruzagitza partekatuarekin" egin ahal izango dutelako aurrera "batzen gaituen euskararen lurralderantz".

Curutcharryk lankidetzaren izaera "estrategikoa" azpimarratu du, eta berretsi du osasun krisiak agerian utzi duela "euskararen erabilera ahula dela, eta sekula baino gehiago behar dela esfortzuak batzea".

Bestalde, Ollok Euskararen Adierazle Sistemaren garrantzia aipatu du, hizkuntza politika publikoa kudeatzeko tresna bat delako, eta, era berean, informazio iturria herritarrentzat, ikerlarientzat eta teknikarientzat.

Lan-hitzarmenaren kudeaketaz arduratzen diren erakundeak Euskarabidea, Hizkuntza Politarako Sailburuordetza eta Euskararen Erakunde Publikoa izango dira, eta urtero egingo dute batzarra akordioaren jarraipena egiteko.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elon Musk bat dator Anthropic eta OpenAI lehiakideekin, adimen artifiziala moteldu behar dela

Anthropiceko Dario Amodeik adimen artifizialaren (AA) garapena moteltzeko eskatu zuen ostiralean, segurtasun arriskuengatik, eta eskaera horren alde egin dute lehiakideek, OpenAIko Sam Altmanek eta xAIren sortzaile Muskek. OpenAIko eta Anthropiceko liderrek iragarri dute ebaluatzaile independenteei beren sistemak ikuskatzea ahalbidetuko dietela, baina Muskek ez du hori argitu.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Oihane Mateos Oria, duela gutxi hildako lankide eta laguna, gogoan izan du Dani Alvarezek Gasteizko FesTVal jaialdian

Aste gogorrak izan dira azken hauek Orain eta EITBko Albistegietako lantalde guztiarentzat. Dani Alvarez lankideak Gasteizko FesTVal jaialdian esan duen bezala, "bizitzako injustizia bategatik goizegi joan berri da Oihane Mateos Oria". Bere irribarrea, energia eta lanerako grina beti izango dira gure artean, ordea. Hemen Daniren hitzak gaur iluntzean, sari bat banatu aurretik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X