Ziztadak salatu dituzte beste 33 emakumek Baionan, eta 12 kasu ikertzen ari da Ertzaintza EAEn
Alarma eta kezka zabaltzen ari dira azken orduetan izaten ari diren sumisio kimiko saiakera edo ziztada salaketak direla eta. Bart, Baionako festetan beste 33 emakumek salatu dute ziztada sentitu izana eta bat ospitalera eraman dute. Festak hasi zirenetik 112 emakumek salatu dituzte ziztadak Lapurdiko hiriburuan: 16k, lehen egunean; 24k, bigarrenean; 39k, ostiralean eta 33k, gaur gauean.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Ertzaintzak jakinarazi du azken hamabost egunetan gertatutako dozena bat ziztada ikertzen ari direla. Guztiak udako jaien zein aisialdirako guneen inguruan gertatu zaizkie emakumeei, baina ez da substantzia toxikoen arrastorik aurkitu.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ziztadak gertatu izana egiaztatu dute osasun langileek. Bilbon, Santurtzin, Etxebarrin, Zierbenan, Zarautzen eta Gasteizen erregistratu dira 12 kasu horiek. Kasu guztietan, biktima jai giroan edo gaueko aisialdian zegoela, ziztada bat nabaritu zuen, besoan edo hankan, eta, ondoren, ondoezik sentitzen hasi zen (zorabioak, logurea). Azken orduetan, Azpeitian eta Villabonan ere izan dira salaketak.
Bilbon eta Gasteizen, diskoteketan gertatu dira ziztadak; Bilbon, Back Stagen, eta Gasteizen, ostiralean, hiru emakume ziztatu zituzten diskoteka batean. Gainontzeko kasuak jaietan eta txosnaguneetan izan dira.
Villabonan, esaterako, tabernak eta txosnagunea itxi dute bart 01:30 aldera, hainbat emakumek ziztadak sentitu izana salatu eta gero. Gainera, bestelako eraso matxistak ere izan dira festetan, eta elkarretaratzea deitu du gaurko mugimendu feministak. Villabonako zein Zizurkilgo Udalek bat egin dute protestarekin.
Zierbenan, berriz, Arena hondartza inguruko txosna itxi dute 05:00ak aldera, arrazoi beragatik.
Azpeitian, Udalak baieztatu du bi neska artatu dituztela anbulatorioan ziztada jasan dutelako. Josu Labada alkateordeak Euskadi Irratian salatu duenez, "indarkeria matxistaren forma berri baten aurrean gaudela ematen du", eta emakumeek aske eta seguru ibiltzeko duten eskubidea aldarrikatu du.
Toxikoen arrastorik ez
Ertzaintzak azaldu duenez, erasotutako emakumeak asistentzia gune batera joan eta osasun langileek baieztatu zuten ziztada. Hala, baieztatzen den kasuetan, analisi toxikologikoak egiten zaizkio biktimari, baina, orain arte, inori ez zaio inolako substantziarik atzeman.
Segurtasun Sailak dio ez dakitela zein den ziztada horien motibazioa, asmoa edo helburua, eta ez dutela baztertzen hipotesirik. Hori bai, oraingoz ez omen dute ikusten sexu-askatasunaren aurkako edo bestelako delitu baten zantzurik.
Ziztada sentituz gero, ingurukoei berehala jakinarazteko, osasun zentro batera joateko eta 112, Ertzaintza edo udaltzaingoei jakinarazteko eskatu dute.
Elkarretaratzea Algortan
Bestalde, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Algortan, hiru emakumek ziztadak jaso izana salatu eta gero. Algortako Mugimendu Feministak azaldu zuenez, "hiru emakumek osasun zerbitzuetara jo zuten ziztada bat nabaritu ondoren zorabio sentsazioa izan zutelako (…) Ordu batzuk geroago, gizon batek ere ziztada jaso izanaren abisua jaso genuen txosnagunean".
"Ziztatu ostean sumisio kimikorik gertatzen ez diren kasuak ere salatu nahi ditugu, emakumeok beldurtu eta jai eremuak guretzako seguruak ez diren espazio bihurtzeko. Ziztada, beraz, droga eraso bat baino askoz gehiago da", salatu zuten oharrean.
Getxoko Udalak erasorik ez zela izan esanez kaleratutako oharrari erreferentzia eginez, emakumeen hitza ez dela zalantzan jarri behar ohartarazi zuten: "Hemen elkartu gara testigantzak zalantzan jartzen ez ditugunok, erasotuen hitza eta mugimendu feminista zalantzan jartzen ez dugunok. Getxoko Udalak egin ez duen bezala". Amaitzeko, azpimarratu dute ez dutela "inolako erasorik onartuko" eta "irmotasunez salatzeko elkartu" direla.
Zure interesekoa izan daiteke
Berriro itzali dute Derioko sutea, Loiuko aireportutik gertu berpiztu zena
Sua astelehenean piztu zen San Isidro auzoko baso-eremu batean. Suhiltzaileek sugarrak erabat itzaltzea lortu zuten arren, sua berriro piztu zen eta lanean ari dira goizaldera arte.
Bideo hunkigarria argitaratu du Lara Tacorontek, Mexikora ikastera joan eta hil duten gaztearen ahizpak
Lara Tacorontek, asteburuan Mexikon labankadaz hil zuten Claudiaren ahizpak, salatu duenez, inork ez zion bere familiari jakinarazi “duela oso gutxi” beste bi emakume hil zituztela unibertsitate berean, Moreloseko Autonomoan. "Zergatik ez du inork ezer egiten?", galdetu eta deitoratu du "gutako bakoitza, pertsona gisa, gizarte gisa, aldatzen ez garen arte, horrelakoek gertatzen jarraituko dute".
Gasteizek gogortu egingo du animalien ordenantza: 200 euro pixa eta gorozkiak ez garbitzeagatik, nahitaezko asegurua eta 100.000 eurorainoko isunak
Ordenantzaren eguneraketak arau-hauste arinak gogortuko ditu: egun 750 eurotik beherakoak eta 3.000 eurora iritsiko dira orain. Berritasunen artean, animalien pixa urez garbitzeko betebeharra dago, eta hori ez betetzeak 200 euroko isuna izango du.
Trafikoa bere onera etorri da N-634an, Galdakao parean, istripu baten ondorioz ia bi orduz itxita egon ondoren
Ezbeharra 14:45ean gertatu da Kortederrako gasolindegitik gertu, 96. kilometroan. Auto batek eta kamioi batek elkarren kontra jo dute, eta pertsona bat zauritu da.
Zestoako jaietan pertsona bati egindako eraso "bortitza" salatu dute
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, lagun bat "bortizki" kolpatu zuten, eta erasoaren ondorioz, hezur haustura eta buruan zauriak izan zituen. Hori dela eta, ospitalera eraman zuten, eta Neurologia Zerbitzuan dago ingresatuta. Bestalde, Segurtasun Sailak zehaztu du irailaren 9ko gauerdian gertatu zela erasoa, eta biktima 40 bat urteko gizonezko bat dela.
Sexu-askatasunaren aurkako delituak batez beste % 8 hazi dira Euskadin
2025ean 2.200 kasu salatu ziren. Fiskaltzaren memoriak ohartarazi duenez, adingabeei zuzendutako prebentzio eta kontzientziazio lanak "ez dira funtzionatzen ari".
Justizia Anderrentzat plataformak gezurretan aritzea leporatu die Santurtziko Udalari eta poliziari
Ander S. T. poliziaren indarkeriak hil zuela frogatuko omen dute prozesu judizialean, eta frogetako bat aurkeztu dute: atxiloketaren bideoa. Plataformak manifestazioa deitu du urriaren 3an.
Ikasle-egoitza ala partekatutako pisua? Unibertsitateetako egoitzen eskariak gora, alokairuen garestitzeagatik
Etxebizitza partekatua aurkitzea gero eta zailagoa da, eta egoitza eta pisuaren arteko prezio-aldea txikitu egin da. Ikasle-egoitza batzuk %100eko okupaziotik gertu daude: erosotasunak, zerbitzuek eta banakako gelek gero eta ikasle gehiago erakartzen dituzte.
Espetxera eraman dute motozerra batekin hainbat gazte mehatxatu zituen gizona
Leporatzen dizkioten gertakariak irailaren 12ko goizaldean jazo ziren. Aurrekari polizialak zituen gizon hori hainbat pertsonari segika ibili zen Algortan, motozerra bat eskuetan zuela.
Eguraldi aldaketa gaurtik aurrera, eta euria asteazkenerako zein ostegunerako
Goiza eguzkitsua eta beroa izango da, baina iluntzerako aldaketa iritsiko da eta asteazkenean tenperaturek nabarmen egingo dute behera. Euria egingo du bai asteazkenean baita ostegunean ere.