Urduritasuna nagusi Bilbon, Marijaia noiz iritsiko zain
19:00etan egingo diote harrera Bilboko jaietako erreginari, Arriaga Antzokiko balkoian. Txupina lehertzearekin batera hasiko da festa, eta handik ordubetera irekiko dute txosnen esparrua.
Marijaia iazko Aste Nagusian, Arriaga Plaza beteta aurrean zuela. Artxiboko argazkia: Europa Press
2025eko Aste Nagusia lehertzeko ordu gutxi batzuk besterik falta ez direnean, urduri esnatu da Bilbo. Larunbat honetan hasi eta hurrengo igandera arte, bederatzi eguneko festa biziko du beste behin Bizkaiko hiriburuak.
18:00etan egingo dute harrera ofiziala Arriaga Antzokian, eta, ordubete geroago, 19:00etan, Marijaia aterako da antzokiko balkoira, beroari aurre eginez Arriaga Plazan bilduta izango den jendetza agurtzera. Francis Diez Doctor Deseo musika taldeko abeslariak izango du aurten pregoia irakurtzeko ardura. Txupina, berriz, Olatz Agirre Txori Barrote konpartsako kideak jaurtiko du. Eztanda horrek emango dio hasiera Bilboko Aste Nagusiari.
Txupinaren adrenalina igarota, 20:00etan irekiko dute txosnagunea, eta, horrez gain, abuztuaren 16a eta 24a bitartean izango den egitarau oparoa ere abiatuko da. Hain zuzen, aurtengo jaietarako 500 jarduera baino gehiago antolatu ditu Bilboko Udalak, eta 600etik gora, berriz, Bilboko Konpartsek.
Erasorik gabeko jaiak
Aurtengoan azpimarra berezia jarri dute gizarte eragileek erasoak ekidin eta segurtasuna bermatzearen garrantzian, eta, horren erakusgarri, aste honetan bertan, eraso matxisten, arrazisten eta LGTBIQfobikoen aurkako kanpaina bateratua aurkeztu dute Bilboko Udalak eta konpartsek, 'Errespetu Nagusia' izenpean.
Hala, Udalak segurtasun-dispositibo berezia jarriko du martxan egunotarako, eta Bilboko Udaltzaingoko langileen % 90ek parte hartuko dute horretan. Era berean, eta aurretik aipatutako kanpainaren baitan, eraso arrazisten aurrean aholkatuak emateko eta jarduteko protokolo espezifikoa aktibatuko du aurten.
Juan Mari Aburto alkateak Aste Nagusi "zirraragarri, aske eta seguru" baten alde egin du ostiral honetan, eta "errespetua eta bizikidetza" eskatu ditu.
Bestalde, Bilboko Konpartsek ere agerraldia egin dute ostiral honetan, eraso sexista, arrazista zein LGTBIfobikoen aurrean ez direla isilik geratuko eta "erantzun kolektiboa" emango dutela ohartarazteko. Bertan nabarmendu dutenez, txosnak "erreferentzia-puntuak" izango dira, eta horietan "eraso bat jasan duen edo ikusi duen edozein pertsona hurbildu ahal izango da babesa eta laguntza jasotzeko".
"Justifikaziorik gabeko polizia indarkeria" ere irmo gaitzetsi dute, eta gaineratu dute ez dutela onartuko "atxiloketa bat jipoi bihurtzerik". Ildo horretan, kritikatu egin dute "pertsonak euren jatorriagatik, larruazalaren koloreagatik edo estatus sozialagatik erreprimitzeko, umiliatzeko edo zigortzeko" erabilitako indarkeria, eta azpimarratu dute ez dutela utziko "ordena publikoaren aitzakiarekin basakeria normalizatzen".
EITBren jarraipen berezia
Jaietako ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira EITBren telebista, irrati eta Interneteko kanalen bidez. Halaber, Bizkaiko hiriburuko festa giroaren berri emango dute albistegietan eta saio berezietan ere.
Programazio berezi horren baitako lehen hitzordu gisa, larunbat honetan zuzenean ikusi ahal izango da ETB2n eta eitb.eus-en Marijaiaren harrera, 17:55etik aurrera, Klaudio Landa eta Eider Hurtadoren eskutik, eta Egoitz Txurruka eta Soraya Vegas erreportariek Arriaga Antzokiaren barrualdekoak nahiz kanpoaldekoak elkarrizketatuko dituzte.