Suhiltzaile bat hil eta beste bat zauritu da Leonen, sute bat itzaltzeko lanetan
Hala, lau dira jada Iberiar penintsulan piztutako suteen ondorioz hildakoak, horietako hiru Leongo probintzian. Laugarren biktima asteartean hil zen Tres Cantosen (Madril), erreduren ondorioz.
Suhiltzaile bat hil eta beste bat zauritu da Leongo Espinoso de Compludo udalerrian, ponpa-auto bat iraulita, Ponferrada eskualdeko Yeres herriko sutea itzaltzeko lanetan.
Ezbeharra igande honetako 22:30 aldera jazo da, ponpa-autoa lubeta batetik erorita. Hildako suhiltzailea horren gidaria zen, eta, zauritutako beste suhiltzailea bezala, suteen aurkako operatiboko kidea eta Gaztela eta Leongo Juntako langilea zen.
Hala, dagoeneko lau dira Iberiar penintsulan piztutako suteen ondorioz hildakoak, horietako hiru Leongo probintzian. Laugarren biktima asteartean hil zen Tres Cantosen (Madril), erreduren ondorioz.
Sua aurrera doa kontrolik gabe: Europako mendiak, alerta egoeran
Bitartean, baso-suteek Iberiar penintsulako ipar-mendebaldea kiskaltzen jarraitzen dute. Uneotan, sua Europako mendietako parke naturalera iristear da, bereziki, iparraldean, eta Galizia eta Extremadurako erkidegoetan kiskalitako hektareak gora jarraitzen dute.
Ourense probintziako suteek 58.500 hektarea kiskali dituzte jada, eta Extremaduran kalte gehien eragin dituen Jarillako suteak 11.000 hektarea lur erre ditu. Leonen ere oso kezkagarria da egoera, eta 2.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte 60 udalerritan.
Horrez gain, Madril eta Galizia arteko tren-zirkulazioak etenda jarraituko du, suteen egoera dela eta.
Ildo horretatik, suteen eraginez beren etxetik atera behar izan dituzten milaka pertsona etxeetara bueltatu ezinik jarraitzen dute Leon, Palentzia, Zamora eta Salamanca bezalako udalerrietan. Gainera, baliteke pertsona gehiago ebakuatzea datozen orduetan.
Gaztela eta Leonen une honetan kezka gehien eragiten duen sutea Jarillan (Caceres) dago; haizeak eta tenperatura altuek oso erraz zabaldu baitituzte garrak.
Asturiasko suteek, berriz, bilakaera "hobea" izan dute azken orduotan, baina alertak maila gorenean jarraitzen du eta suhiltzaileek tinko jarraitu beharko dute inguruan lanean.
Guztira 27 pertsona atxilotu eta 92 ikertu dituzte ekainaren 1ean baso-suteen aurkako kanpaina hasi zenetik.